Ez negar egin, Argentina

Ez negar egin, Argentina –

Duela gutxi G20-ren gailurra izan zen Buenos Airesen. Hori lortzeko hiria itxi zuten: ez zeuden irekita ez portua, ez aireportua, ez probintziatik Buenos Aireseranzko ibilbideak; ez zebiltzan ez metroa ez trenak (trenek Buenos Aires probintzia eta Buenos Aires hiria lotzen dute). Gainera, hiriaren erdian leku batzuk itxi zituzten: hor bizi direnek NAN-a erakutsi behar zuten ateratzeko eta sartzeko. Eta, noski, leku horietatik kalean bizi den jendea kendu zuten.

Arg: Noticieros Televisa

Hala ere, hori ez zen guztia izan. Aste berean, Maldonadoren kausa itxi zuten. Zein da G20 gailurrarekin lotura? Mezu bat da. Maldonadoren kasua Maputxeen lurrekin lotuta dago (eta Benettonen interesekin). Santiago desagertu zenean, 2017ko abuztuaren batean, Cushamengo Maputxearen komunitatean zegoen. Haien lurrak Konstituzioan babestuta daude. Hala ere, egun horretan,  Gendarmeria Nazionalak latesia apurtu zuen sartzeko, orden judizialik gabe. Ondoren, erreprimitu zuen; horregatik, bertan zegoen jendeak ihes egin zuen, Maldonadok haien artean, Chubut ibaira korrika.

Hasieran, poliziarekin harreman duen kazetari batek atxilotu zutela esan zuen; baina, gero, informazio hori ezabatu zuen. Desagertu zen egunean, lagun batek deitu zion Maldonadori, eta norbaitek bere mugikorra hartu zuen, baina ez zuen erantzun (orain arte, ez dituzte deiak aztertu). Abuztuaren bostean,  Prefecturak (Prefectua Naval polizia da, ura dauden lekuak babesten dituzte) ibaian bilatu zuen Maldonado.  Desagertu zen egunetik agertu zen arte, komunikabideek gezur asko zabaldu zituzten: Txilen zegoela; Entre Rioseko herri batean guztiak Maldonadoren antzekoak zirela; San Luisen ikusi zutela eta abar. Modu  susmagarrian, urriaren hamazazpian, hiru aldiz bilatu ibili ziren lekuan, gorpua agertu zen. Aditu batek esan zuen ez dela posiblea  78 egunez gorpua bertan egon izana.

Batzuetan, kontrako argudioak pentsatzen saiatzen naiz. Esaterako, Santiagok ez zekien igeri egiten eta ibai batean sartu zen. Heldua zenez, bere erantzukizuna zen, baina hori ez zen bere aukera. Maldonado ito bazen, errepresioaren ondorio bat da: hark ihes egiten zuen, horregatik, ibaian sartu zen. Maldonado atxilotu ez bazuten eta hor ito bazen, beste galdera bat dago: zergatik ez zioten lagundu Gendarmeek? Beraz, hor gorpua jarri zutela beste bertsio bat da, noski, leku horretan jada bila ibili ziren eta. Horretaz gain, ibai hori ez da sakona eta, hor agertzeko, gorpua kontrakorrontera joan behar zuela esaten zuten.

Kausa hori ixtean, bide batzuk irekitzen dituzte: Maputxeen lurrak kentzea eta errepresioa egiaztatzea. Horretaz gain, joan den astean, Agintaritzaren Aldizkarian, pertsona batek ihes egiten badu, poliziak su-arma erabil dezakeela arautu zuen Gobernuak.

Bi gauza horiek ez dira kasualitatez. Eskuinak ez du puntada haririk gabe ematen.

Ez negar egin, Argentina

 

Maldonadori buruz gehiago jakin nahi baduzu, sartu webgune honetan. Hor, bideoak eta kronologia bat daude.
www.santiagomaldonado.com
Ez negar egin, Argentina Ez negar egin, Argentina

Eskola publikoko irakaslea naiz