Europar hauteskundeak

Europar hauteskundeak –

Europar hauteskundeak oso urruna den zerbaiten gisan ikusi ohi ditugu: kanpaina ez da batere zaratatsua izaten, parte hartzea jaisten da, mezu gutxiago iristen zaizkigu… Tokitan dago Bruselas. Baina ondoren entzuten dugu, zeharka, urrunetik pasa den haize ufada baten gisan, bertan hartzen diren erabakiek baldintzatzen dutela gure egunerokotasunaren zati handi bat. Are gehiago, zati handiena.

Europar hauteskundeak

Geldi bedi Historiaren erregistroan eternitaterako: Israel Gazan zibilak sarraskitzen ari den bitartean, Europar Batasuneko zenbait herrialdek UNRWA-ri (Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia) laguntza eten zioten. Barbaritate honen aurrean bi ahots altxa ziren, nagusiki: Irlanda… eta Espainia. Badakigu estatuek hipokrisiaren elite mailan jokatzen dutela, eta Palestina estatu burujabe gisa onartu dezaketela, batetik, eta Israeli armak saltzen jarraitu, bestetik… baina laguntza humanitarioa etetearena? Erran nahi baita: ze panorama klase dago kontinente zaharrean, adibidez, arlo honetan zentzu amiñi bat gordetzen duena Espainiako gobernua izateko?

Eskuin muturra Europa osoan zabaldu eta egonkortu da. Gobernua eratu dute Finlandian (NATOra ere sartu dira) eta Italian, eragin ahalmen handia daukate Suedian, eta alderdi sendoenak dira Belgikan, Herbehereetan, Italian, Frantzian, Hungarian, Polonian, Austrian… Inkestei kasu eginez gero, Alemania bertan ere ultraeskuina bigarren edo hirugarren postura ailegatu daiteke hauteskunde hauetan. Sozialdemokratak sei herrialdetan izango lirateke lehen indarra, eta Europa osoan estatu bakarrean irabaziko luke ezkerrak: Irlandan, Sinn Feinen eskutik. Euskal Herria ez da inkesta datu hauetan subjektu gisa agertzen, baina aurreratu daiteke hemen ere ezkerra gailentzeko aukera errealak daudela. Arranopola, askapen nazionalerako prozesu luze eta gatazkatsuak bizi dituzten bi herrialde hauetan ultraeskuina marjinala da.

Sobietar Batasuna desegin eta Maastricheko ituna sinatu ondoren zabaldu zuten bidean sakonduz, liberalismoak ongizate estatua desegiten dihardu, zerbitzu publikoak ahulduz edo pribatizatuz; geroz eta gehiago gara AEBren morroi, eta energia estrategikoak haien eskutik eta garestiago erosteaz gain, orain haiek haien lurretik urruti piztu nahi duten enegarren gudan sartu nahi gaituzte, Europar biztanleria gerra erretolika batera ohituz, potentzia nuklear batekin gudan sartzea aukera erreal bat balitz bezala. Soldaduska berreskuratu nahi dute, armagintzan gehiago gastatu, Errusiarekin (eta Txinarekin) konfrontatu…

Baina ezkerra, gure ezkerra, bederen, ezin da, eta ez da, Europara joango faxismoaren kontrapisu hutsa izatera. Ezkerrak alternatiba sinesgarri eta konfidantzazko bat izan behar du, eta horretarako kapitalismo basati hau ez den beste aukera errealak jarri behar ditu mahai gainean: deslokalizazioa gelditu eta tokiko politika industrialak abiatu, sektore estrategikoak nazionalizatu, elikadura eta energia burujabetzan sakondu, trantsizio ekologiko eta soziala era neurtu, egingarri eta justuan planifikatzea, gerrari amaiera emateko agente bilakatu…

Ekainaren 9an milioika faxista bozkatzera joango dira. Ez daitezela gu baino gehiago izan, eta ez ditzatela agenda eta eztabaida markoak ezarri.

Europar hauteskundeak

Zer duzu buruan “Europar hauteskundeak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude