Europako salbuespena
Europako salbuespena –
Mikel Zurbano, ARGIAn.
Munduko ekonomian gertatzen ari diren aldaketa bizkor eta sakonen artean liberalismoaren urrezko aroko dogma ugariren apurketa dago. XX. mende amaierako Washingtongo Kontsentsuan munduko Mendebaldean ezarri ziren hastapen nagusiak –estatuen interbentzio minimoa, zurruntasun fiskala, lan merkatuaren malgutasuna, merkataritza librea– kolokan jartzen ari dira azkenaldian. Klima aldaketak, digitalizazioak, pandemiaren eztandak eta Txinaren ekonomi ereduaren arrakastak orain arteko globalizazio liberalaren mugak azalera ekarri ditu.
Maiatzaren azken aurreko astean G7 taldeko herrialdeek Japonian izan zuten batzarrean Txinarekiko harreman ekonomiko eta politikoetako hausturaren bidea saihestu zuten, elkarren arteko interes ekonomiko gurutzatuak tarteko. Desakoplamenduaren kontzeptutik Txinarekiko harremanen arriskua gutxitzera makurtu dira Mendebaldeko lider nagusiak ezinbestean. Munduko ekonomia AEBetako lidergo bakarreko multilateralismoaren garaia amaitzen ari da. Eremu kontinentalen inguruko polo anitzak azaleratzen ari dira eta gero eta agerikoagoa da Txinak AEBetako hegemonia bakarrari egiten dion itzala. Herrien arteko lotura ekonomikoen esparru globala ez dago zalantzan, baina bai azken hamarkadetan liberalismoak Mendebaldeko herrietan ezarritako hastapen eta politikaren lerro ugari, salbuespenak salbuespen.
AEBetan Donald Trumpen garaian hasi ziren nazioarteko ekonomi politikaren lehentasunak aldatzen, eta Joe Bidenekin segurtasun nazionalaren kontzeptua eta klima aldaketa ekonomi estrategiaren ardatz bihurtu dira. Liberalismo ortodoxoaren zor publikoa edo zerga defizitaren gaineko kezkak alboratuta, Amerika first leloa indarrean jarrita, industri politika aktiboa, hornidura kateen garrantzia, enplegua eta teknologia erdigunean ipini dituzte.
Polo anitzak azaleratzen ari dira eta gero eta agerikoagoa da Txinak AEBetako hegemonia bakarrari egiten dion itzala
Ekonomi politikaren ezohiko neurriak erabiltzen hasiak dira horretarako, hala nola mugasariak, dirulaguntzak eta zigorrak, eta azpimarra inbertsioan jartzen dute. Hain zuzen, Txinak hamarkadetan erabili ohi dituen tresnak eta neurriak dira horiek guztiak, ekonomi esku-hartzearen bidea lehenesten dutenak. Adibidez, klima aldaketaren aurkako borrokan hiru triloi dolar txertatuko dituzte dirulaguntza gisa. Ondasun publikoaren indartzea ere aurreikusten dute, erdieroaleen eta lehengai estrategikoen kasuan, esate baterako, protekzionismoa erabilita.
Testuinguru geoestrategiko eta politiko berri honetan Europako Batasunak (EB) atzetik eta motzean aplikatzen du AEBetako ekonomi politikaren norabide aldaketa. Liberalismo ortodoxoak –Alemania eta Herbeheretako belatzek ordezkatua– bere estrategia zurrunari heltzen jarraitzen dio, martxoaren 14ko Ekofinaren bileran erakutsi zuten bezala. Bertan Egonkortasun eta Hazkundearen Ituna berrezartzeko ahalegina egin zuten eta nolabaiteko konpromisoa lortu ere. Gogoan izan, itun hori dela EBn zorroztasun fiskala ezartzen duena, eta aurrekontuaren erabilera mugatzen duena –2010eko hamarkadako atzeraldian sakondu zuena– eta pandemia garaian bertan behera geratu zela egoeraren larria ikusita.
Europako Batasuna zerga arauen menpekotasunera itzuliko da 2024an, liberalismoaren munduko gotorleku bihurtuta. Ikusteko dago austeritate olde berri baten atarian gauden, baina AEBetan bezala zorra eta defizitaren kontrolaren helburua lehen lerrotik kendu ezean bere ekonomi autonomia estrategikoa eta deskarbonizazioa bigarren mailan geratzeko arriskua bistakoa da.