Etorkizuneko jatetxea?
Ia erabat automatizatutako kinoa jatetxe bat ireki dute San Franciscon (kinoa jatetxeak San Franciscon ohikoak omen dira, ez da hori jatetxe hau berezi egiten duena). Ez dauka zerbitzaririk eta jatetxe osoan langile bakarra dago bistan, bezeroei laguntzeko. Burger King katearen aurretik Estatu Batuetan indar handia izan zuten Horn & Hardart jatetxe “automaten” antza dauka Eatsak, baina harago doa. Izan ere, 1991ean betiko desagertu ziren jatetxe horietan langile kopuru handia egon ohi zen hormaren beste aldean, bezeroek kontsumitutako jakiak ordezkatzeko.
Eatsa jatetxearen sortzailea, barazkijale beteranoa eta kinoaren aldeko militantea, osasungarria eta merkea den fast-foodaren aldekoa da. Horregatik, erabat automatizatua izateko bidean dagoen jatetxe hau sortu du. Bertan, ez dago barrarik eta eskaerak tablet bitartez egin behar dira, zortzi kinoa menu ezberdin daude eta guztiek 6,95 dolar balio dute, 6,20 euro. Ikuspuntu optimista batetik ikusita, jatetxera joatea eraginkorragoa eta merkeagoa izateko era bat da hau baina beste ikuspuntu batetik makinek jendearen lana “lapurtzen” dutela erakusten duen azken adibidea da. Dena dela, misantropoentzat leku aproposa da, edo zerbitzariekin hitz egiteko denborarik ez dutenentzat.
Makinek eta sistema automatizatuek langileen lekua hartzea ez da prozesu berria, baina zer esan nahi du? Produkzio azkarragoa eta merkeagoa, alde batetik, eta lanpostuak suntsitzea, bestetik. Orain arte gehienbat industrian eman den arren badirudi automatizazioa beste esparru batzuetara ere zabaltzen ari dela. Egia da beste era batean antolatutako jendarte batean automatizazioak eskaintzen dituen abantailak denon onerako erabiltzea posible izango litzatekeela. Baina betikoen kaltetan eta gutxi batzuen onerako soilik erabiltzen bada, eta ez bada honen gaineko hausnarketa osoago bat egiten gaur egungo jendarte bidegabea betikotzeko modu bat gehiago besterik ez da. Agian honen antzekoa izango da etorkizuneko jatetxea, edo ez. Baina nolakoa da nahi dugun etorkizuna?