Etengabeko Nakbaren aurka, Palestina aurrera!

Etengabeko Nakbaren aurka, Palestina aurrera! –

Urtero, maiatzaren 15ean, Palestinako Nakba eguna gogoratzen dugu (“hondamendia”, arabieraz). Hala, egun horretan gogora ekartzen dugu mugimendu sionistak palestinarren garbiketa etnikoa hasi zuela, 1948an Israelgo Estatua sortzeko.

Etengabeko Nakbaren aurka, Palestina aurrera!Izan ere, 750.000 edo 800.000 palestinar inguru bortxaz kanporatuta sortu zen Israelgo Estatua; horrekin batera, 418 eta 615 herri artean suntsitu ziren, sarraski ugari egin ziren (esaterako, Deir Yasine-koa), palestinarren jabetzak konfiskatu ziren, hiri eta herrien izenak aldatu ziren eta, are gehiago, bertakoez bestelako landare-espezie berriak sartu ziren. Lehenago bertan palestinarren hiriak, herriak, landa eta etxeak zeudela ezkutatzeko egin zuten hori guztia. Lehenago bertan Palestina existitu zela ezkutatzeko. Hori guztia, inperialismoaren aliatu nagusietako bat Ekialde Hurbilean egotea legitimatzeko.

Palestinan soilik judua den Estatu bat sortzeko proiektu sionista ezartzearen ondorioa da Nakba. Estatu hori XIX. mendearen amaieran hasi zen lehen koloniak ezarri zirenean, eta garaiko Europako kolonialismo arrazistatik edan zuen. Hain zuzen, Estatu sionistaren sorrera ezin izango zen gertatu potentzia inperialen (Britainia Handia, adibidez) eta Nazio Batuen Erakunde sortu berriaren laguntzarik gabe. Gaur egun ere, Estatu sionista potentzia inperialista nagusien (AEB edota Europar Batasuna) konplizitate esplizituaren mende dago oraindik. Negoziazio-prozesuek, hala nola Osloko akordioetako ustezko bake-prozesuak, proiektu sionista hedatzeko baino ez dute balio izan. Izan ere, berriro ere, etengabeko Nakba egiten ari dira palestinarren aurka, lurraldeak okupatuz, palestinarrak kanporatuz, diskriminatuz, erreprimituz eta hilez.

Horren adibide garbia da Jerusalengo Sheikh Jarrah auzoko familia palestinarrak beren etxeetatik kanporatzeko ahalegina. Horren ondorioz, palestinarrak altxatu egin dira eta erresistentzia indartu egin dute, eta, aldi berean, Israelgo armada Gazako zerrendan sarraski berria egiten ari da. Ez lurralde berrien anexioa, ez Jerusalengo palestinarren kanporatzea, ez Gazaren aurkako etengabeko erasoak ez dira gertaera isolatuak. Israelgo Estatu sionistaren proiektu kolonial eta arrazista osoaren zati dira.

Esan bezala, proiektu hori ezin izango litzateke mantendu nazioarteko eragile askoren konplizitaterik gabe. Estatu sionistarekiko lankidetza militarra, EBrekin Elkartzeko Akordioa sinatzea eta Israelgo industria militarra finantzatzea ikerketa-proiektuen eta teknologiak salerostearen bidez, Trumpek eta Netanyahuk iaz aurkeztutako “Mendeko Akordioa”, eta gerora Arabiar Emirerri Batuekin, Bahreinekin, Sudanekin edo Marokorekin egindako normalizazio-akordioek argi eta garbi erakusten dute nola potentzia kolonial eta inperialistek normaltzat, onuragarritzat eta are beharrezkotzat aurkezten dituzten estatu kolonial eta kriminal batekiko harremanak.

Euskal Herrian ere, zoritxarrez, horren adibide ugari ditugu: Israelgo ordezkariak euskal erakundeetan behin baino gehiagotan hartzea, Bizkaiko Batzar Nagusiak Israelgo SOSA enpresarekin sinatutako akordioa positibotzat aurkeztea Israelekin enpresa-harremanak sustatzeko, Estatu hori teknologiaren arloko eredu gisa aurkeztea, edota behin eta berriz deitzea herri palestinarrari potentzia kolonialarekin negoziatzeko, sionismoaren etengabeko erasoak geldiarazteko neurri eraginkorrik hartzen ez den bitartean.

Nabarmentzekoa da CAF euskal enpresa Jerusalengo tranbiaren proiektuan parte hartzen ari dela; izan ere, azpiegitura hori funtsezkoa da Jerusalengo ekialdean Israelek koloniak sortzeko eta lurralde berriak anexionatzen jarraitzeko. Israelgo indar armatuek eta kolonoek Jerusalenen bizitzeko eskubidea defendatzen duten palestinarrak jazartzen eta erreprimitzen dituzten bitartean, euskal enpresari normala iruditzen zaio negozioak egitea okupatutako lurraldeetan, Gazako biztanleak bonbardatzen dituen estatu kriminal batekin. Inperialismoaren eta arrazismo kolonialaren kontuak izango dira. Hori guztia, CAFen akzioak dituen Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

CAFena moduko negozioen bidez, Palestinako lurralde okupatuetan, enpresek eta erakundeek, palestinarren sufrimenduarekiko axolagabe, nazioarteko legediaren garrantzirik eza iraunarazten dute. Badirudi nazioarteko legedia paper errea dela negozio-aukeren aurrean, eta, ondorioz, okupazioaren normalizazioari ekarpen zuzena egiten dio.

Horregatik guztiagatik, dei egiten dugu palestinarrekiko elkartasuna indartzeko eta Euskal Herritik sionismoarekin gertatzen diren konplizitate guztiei erantzun sendo, ausart eta eraginkorra emateko. Haien proiektua normalizatzeko saiakera proiektu kolonial, inperialista eta arrazista da, ez besterik. Palestinarrak zapaltzen dituztenak hemen bizitza prekarioetara kondenatzen gaituzten berberak dira, inolako segurtasunik bermatzen ez digutenak. Palestinako herria askatzeko borroka herrien askapenerako borroka da, zapalkuntza eragiten duten inperialismoaren eta sistema kapitalistaren kontrakoa.

David Ben Gurion sionistak 1948an esan zuen “Zaharrak hil egingo dira eta gazteek ahaztu egingo dute”. Palestinatik, erresistentziaren altxamendu betean, garrasika ari zaizkigu esaten ez diotela inoiz men egingo sionismoaren eta inperialismoaren presioari. Erresistentzia eredugarri horren aurrean, ez dugu beren ondoan egotea besterik. Guri dagokigu dei hori jasotzea eta elkartasun zintzo, ausart eta eraginkorra artikulatzea, sirena-kantuei eta nazioarteko komunitatearen promesa faltsuei amore ematen ez dien internazionalismoaren adibiderik onenari jarraituz. Izan ere, nazioarteko komunitate horrek ustezko kezka agertzen du milaka adierazpenetan, baina maila berean jartzen ditu zapaltzaileak eta borrokan ari den herri zapaldua.

Horregatik guztiagatik, boikot kanpainak indartzeko deia egiten dugu, Euskal Herrian sionismoarekin konplizitateak seinalatu eta ezabatzeko. Bereziki, CAF Jerusalemen eraikitzen ari den tranbiaren proiektua salatzeko kanpainarekin bat egiteko deia luzatzen dugu, izan ere, egungo testuinguruan izugarrizko garrantzia baitu. Herri palestinarrarekiko elkartasun mugimendua indartzea ezinbestekoa da eta BDZ taldeek zein Palestinaren aldeko elkartasun mugimenduak Palestinarekin elkartasunez datorren maiatzaren 15erako antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

 

Etengabeko Nakbaren aurka, Palestina aurrera! Eutsi Jerusalem, eutsi Gaza!

Palestina askatu! Jo ta ke!

Etengabeko Nakbaren aurka, Palestina aurrera!

17 pentsamendu “Etengabeko Nakbaren aurka, Palestina aurrera!”-ri buruz

  • Utzi zuen kontsigna zaharkitu eta erredikuluak eta ikasi Israelengandik nola eraikitzen den nazio bat.

  • Nola, Elias, garbiketa etnikoa eginez?

  • Nik uste dut egunen batean Israelek jasoko duela berea eta desagertuko dela behin betiko. Baina bai, Garrett, estatua ez da eraikitzen ezker posmodernia koloretsu batean etorkinei ongietorri beroa emanez.

  • Ni ados nago Eliasekin. Israeletik ikasi ditzakegunak:
    -Hiritartasuna eta eskubide zibilak euskotartasunak eman behar ditu.
    -Lurra eta jabetzak euskotarrek bakarrik izan ditzakete, edo hauen oinordekoek (diasporakoek, esaterako).
    -Natalismoa sustatu behar da haur euskotar eta abertzaleak izateko.
    -Derrigorrezko soldaduzka, herrialde sendo batek bere babesa bermatu behar baitu.
    -Mugak itxi behar ditugu alanbrada eta murruen bidez, eta ahal bada Errioxa, Kantabria eta Burgoseko parte batzuk barne hartu, horien kolonizazioarekin jadanik hasiak baigara. Bearnea ahaztu gabe, noski.
    -Joe Bideni milioi dolar batzuk eskatu behar dizkiogu proiektua aurrera eramateko, ordainetan Arabako gas putzuak eskaini ahal dizkiogu.

  • Che, estatua ez da eraikitzen Espainiari eta Frantziari aurre egin gabe eta haien txakur hizkuntzak erabiltzeari uko egin gabe. Kito. Etorkinen gaia ziri moldez sartuta zure fobiak agerian utzi besterik ez duzu egiten.

  • Eusionismoa 2021-05-15 23:31

    Hemengo ezkerrak herrialde kapitalistek bultzatutako modako “ismoa” sustatzen du, Israelgo ezkerra aberria eraiki zuen (sozialismo sionista):

    Ezker sionista // gaur egungo abertzaleak (EAJ+EHB)

    Hebreera berpiztu eta erabiltzeko hautua egin zuten // euskaltegian izena emateko prest ez daude eta jatorriz euskaldunak ez direnek erdaraz barra-barra egiten dute, euskañola eta euskalkikeria “guay” dago. (EAJ+EHB)

    Gazte sionistek lana eta lurraldeari lehentasuna eman zioten eta ondorioz kibutzak sortu zuten // kapitala euren arazoen sortzailea dela diote eta enpresen/enpresarien aurka aritzen dira. Kexatzea lan egitea baino errazagoa da. (EHB)

    Demografiari garrantzia ematen diote, hori baita estatu juduaren oinarria // haurrak izatea erantzunkizun handiko lana da, hobe txakurra haurtzat hartzea. (EAJ+EHB)

    Herrixka eta auzoak kolonizatu dituzte // Eremu euskaldunetik at sakabanatuta bizi dira. (EAJ+EHB)

    Estatua eraikitzen dute // Estatu zapaltzailearekin elkarlanean aritzen dira. (EAJ+EHB)

    Herri-kontzientzia eta nortasun judua landu dute // Estatu zapaltzailearen nortasuna barneratzen dute, gozo-gozo bizi dira nortasun erregionalistapean. (EAJ+EHB)

  • Benat Castorene 2021-05-16 08:20

    Che, lasai zaitezke momentuz Israelentzat. Guk ordea, haiek ez bezala, orai bertan “gurea” jasotzen ari gara eta gu bai desagertzear gara.
    Juda! zaude serio, Hedoietan bizi zara ala? Biarnoa ahantz dezakezu segituan, euskaldunen beharrik edo beldurrik ez eiki dute eta

  • Egun on, Beñat. Sarkasmoa nerabilen iruzkin horretan. Gatazkaren gaineko iritziak gora-behera onartu behar da Israelek judutar identitateari dagokionean nahiko ongi egin duela. Bere etnonazionalismoa mugaraino eraman du, baina halere nazioarteko komunitatean txertatzeko kapaza izan da. Israelekin konparatzen saiatzea bai, diozun moduan, hedoietan bizitzea da. Ez gaude haiek dauden abagunean, ez kontestuan. Gu ez gara euskal identitatearen inguruan botere politikoa antolatzeko gai. Agian, haiek ez bezala, guk jadanik ez daukagu oso argi zer demontre den euskalduna izatea. Erdalkeri gehiegi dago, erdaldunak baino askoz gehiago. Eta euskaldunak? Euskaldunek ez dakite zer demontre nahi duten jadanik. Orain post- kategoriak modan daudela, badirudi geroz eta gehiago ditugula postnazionalismoa eta postestatalismoa modan gurean. Guretzat kalte.

  • Beñat Castorene 2021-05-16 11:37

    Juda, ene iritziz, ez dugu lurralde gehiago ( Biarnoa) konkistatze beharrik, ez gara gurea defenditzeko gai. Beste guziarekin nahikoa ados nintzan ezpirituarekin behintzat.
    Baina Biarnoarena ere sarkasmoa zen?
    Horrela bada barka nezazu baina omore zentzu guzia galdu dut ohikoa dugun kripto expantzionismo jakin batekin.
    Juduek badute elkarren arteko lotura bat nabaria, guk galdu duguna, hau da erlijioa. Ez du erran nahi denak erlisoso direnik, ez eta pentsatu ere!
    Baina denek maite dute edo denek errespetatzen dute judaismoak berareki daraman tradizioaren eta historiaren aztertu, sakondu eta mantentzeko pasioa.
    Berdin, abertzaleak, fededun ala ez, atxiki baginu kristautasunaren alderako errespetu bera ez ginateke gaur beharbada hain galduak edo fosilisatuak izango.
    Animo

  • Kaixo berriz, Beñat. Biarnoarena sarkasmoa zen baita. Ez kezkatu ulertu ez izanagatik, badaukat eta nola edo halako umorearen zentzu arraro bat eta. Normala da, idatzizkoan aurrez-aurrekoaren ñabardurak galtzen baitira.
    Aipatutako lehenengo lau puntuak egia dira Israeli dagokionean, nola edo hala. Dena den ez gaude gu politika horiek aplikatzeko egoeran, esan bezala, nahiz eta haietako batzuei aurrea hartu ahal diegun (haur euskaldunak izan ditzakegu eta lurrak erosi, kooperatiboki. Mezenas on bat falta zaigu, agian). Aski daukagu, zuk diozun moduan, gure lurra defendatzearekin. Alderaketa egiteagatik, askoz gehiago geundeke palestinarren posizioan israeldarrenean baino, egun.
    Eta ongi diozun moduan, juduen batasunaren elementu klabeetako bat erlijioa da, oso aspaldi preskribatuak haien bizimodua eta egitekoak idatzi sakratuetan. Juduak juduekin eta kitto. Nahiz eta hau errazagoa den zure identitate etnikoa erlijioari irmoki lotua badoa.
    Erlijioak daukan abantailetako bat balioei ematen dien kutsu zurruna da. Erlijioa botata eta jainkoa akatuta ez dago balio konkretu batzuei lotzen gaituen oinarririk, eta berri batzuk eraiki ezinik deriba erlatibista batean gaude orain. Gureari dagokionean, laissé passé egoera batean jauzi eta eztabaida batzuk garatzeko beldurrez gabiltza (esaterako, eztabaida kultur-demografikoa: alde batetik, nola sustatu jaiotzak bertakoon artean eta, bestetik, nola datozkigun etorkinek euskal nortasuna hobestea frantzes edo espainolaren aurrean, egiten dutenean. 2020ko EAEko jaiotzen herena ama atzerritarrarena da).
    Susmoa daukatu euskaldunok herri azpiratua izateagatik azken moda-modako justiziaren zaldun bilakatzeko joera daukagula, guztiz akritikoki gehienetan. Baina horrek badakar zerbait ona berekin: hainbeste pairatu du jendeak hipermoderno batzuen tontakeriekin ezen nolabaiteko errebotea gertatzen ari den jendartean. Ikusiko da aurrerago zer norabide hartzen duen gure historiak. Ea euskaltzaleok laster plazetan libreki biltzeko aukera daukagun, eta nahi duenak elizaurrean.
    Igande on, Castorene. Plazerrez irakurtzen zaitut.

  • Agian, noizbait, gure herrialde txiki honetako eremu politiko onberegiak baimentzen badu, Zuzeun plazaratzen diren eta geroz eta orokortuago dauden iritziak eta proposamenak (demografiarena esaterako) bultzatuko dituen alderdi politiko abertzaleren bat agertuko da. Bi egun iraunen ditu akaso, bozka gutxi batzuk jaso, baina historikoa litzateke.

  • Euskal Herriari falta zaiona:

    – Ondo alfabetatutako euskaldunak.
    – Adierazpenak soilik euskaraz egiten dituzten abertzaleak.
    – kooperatibismo euskalduna.
    – Euskararen aurkako erasoei aurre egitea (manifestazio jendetsuak…)
    – Elkartasun nazionala (ikastolak lagundu, euskara edo euskal kultura ardatz duten ekimenak babestu…)
    – Udal abertzaleetan soilik euskara lekua izatea (adierazpenak, udalbatzarrak, udalak sustatutako ekimen kulturalak…)
    – Euskal Herria ezagutzea eta euskaldunen arteko harremanak sakontzea.
    – Hirietan euskal bilguneak sortzea.
    – Kultura amankomuna izatea, hau da, euskal jaiak EH osoan sustatzea (Olentzero, gau beltza, inauteri tradizionala, bertsolaritza, abestaldiak, dantzaldiak, antzerkia, kirola…) eta erdaraz egiten diren gauzak euskaratzea (jotak abestu…).
    – Demografia kontuan izatea eta nazioari lehentasuna ematea, bizio indibidualistei uko egitea.
    – Naziogintzari onurik egiten ez dion ideologia baztertzea (amatasunaren aurkakoa baztertu, erdaldunen etorreraren aldekoa baztertu, Euskal Herria -txertatu nahi duzun ideologia- izango da edo ez da izango pentsamoldea baztertu…)
    – Konkista-gosea izatea, hau da, zapalduta dagoen aberria da gurea eta egoera irauli beharra dago ( goi-karguak euskaldunak izatea, funtzionarioak euskaldunak izatea…) helburuak finkatu eta kolektiboki gauzatu (herriko euskaldun-tasa handitu -oso beharrezkoa euskara ofiziala ez egiteko aitzakia erabiltzen dutenen aurka-, Iparraldean frantsezei etxebizitza erostea galaraztea…)
    -…
    Borroka luzea da eta sakrifizioak egin behar dira.

  • Altxa EH!, oso ideia interesgarriak plazaratu dituzu eta hauek jaso, eztabaidatu eta zehaztu beharko genituzte inoiz hemen gure anonimotasunetik botatzen ditugun ideiak gauzatuko baditugu. Epe laburrari dagokionean, aipatutakoetatik kulturgintzari dagozkienak ikusten ditut egingarrien.
    -Euskal jaien multzo esanguratsu bat EH osoan zehar ospatzeko helburua eta kulturgintzan euskarak lekua irabaztea. Niri dagokidanean, bi urtetan saiatu naiz Gau Beltza ospatzen, Halloween madarikatuari lekua kentzeko nahiarekin, baina borondate ezagatik ezin aurrera eraman, jendeak ez du eta lanik egin nahi. Saiatzen jarraituko dut, dena den.
    -Kulturgintza eta elkartegintza honen baitan ere Euskal Herriko eskualde ezberdinen arteko harremana sustatzea sartuko nuke. Horretarako kultura eta kirol jarduerak sustatuz, batez ere gaztetxoen artean. Pentsa iparraldekoak eta hegoaldekoak batuko gintuzkeen txapelketa mediatiko batek egin lezakeen lan propagandistikoa.
    -Biziki gustatzen zait hirietan euskal bilguneak sortzearena, nolabait alderdi bati lotuta ez doazen tabernak, elkarteak… izan zitezkeen. Edo beste era batera esanda: Euskal Etxea (diasporari lotua dagoen arren, gurean ere ikusten da espazio erreferentzialen behar bat).
    -Aipatutako arazo batzuk kooperatibismo indartsu baten bidez tajutu genitzake. Esaterako, dirua daukan kooperatiba batek lurrak erosi ditzake, etxebizitzak, lantegiak ezarri… Eta noski bertan nor bizi eta nork lan egiten duen kontrolatu (familia eratzeko asmotan dabiltzan bikote gazte euskaldunak, prioritate moduan). Nolabait esateko, Estatuari esparru batzuk kendu behar dizkiogu eskaintzen dizkigun zirrikituak aprobetxatuz.
    -Borroka ideologikoa eguneroko ogia izan behar da guretzat, galbidera garamatzen eta aipatu dituzun ideiei aurre egiteko.
    -Hau guztia gauzatu bitartean instituzioei presio egin behar diegu, eta ahal bada instituzio horien baitan sartu gauzak aldatzeko asmoarekin.
    -Ipar Euskal Herriko etxeak guk erosten baditugu frantzesen ordez, hobe. Aurretik aipatutako eredu kooperatibistaren bidez gazteek etxebizitza lortzeko arazoa konpontzen badugu bi arazo kendu ditzakegu gainetik: frantzesen kolonizazioa eta bikote gazte askok haurrak ez izateko edo berandu izateko bizi baldintza eskasak.
    -Konkista-gosea behar da, anbizioa. Baina badakizu zer behar dugun baita? Dirua! Dirua behar dugu! Finantziazioa! Nondik lortuko dugun hori dugu dema, batez ere proiektu handiak erdiesteko.
    Gauza asko tintontzian uzten ditudan arren badugu hemen zer landu.
    Azkenengo aipamen modura, ez dut guztiz ulertu “ondo alfabetutako euskaldunak”-ekin zer esan nahi zenuen. Agian oro har daukagun euskara maila eta jakintza, hala nola jarioa, eskasa dela? Izatekotan zurekin nago erabat, niri dagokidanean baita ere.
    Domeka arratsalde ona izan dezazula!

  • Che, zure etorkinik nahi ez izate hori berandu dator, beranduegi, zeren Euskal Herrian imigrazio uholdeak izan dira XIX. mendearen amaieratik. Beraz, etorkinak hemen daude, zuk nahi edo ez.

    Ondorioz, talde hauetan banatuko nuke, iritzira, Euskal Herriko egungo biztanleria:

    A) Heren bat, asimilatu gabeko etorkinak, izan XIX. mende amaieran eta XX. mende osoan heldutako espainolak, Lapurdiko kostaldea kolonizatuta daukaten frantses dirudunak nahiz azken hamarkadetan hirugarren mundutik heldutakoak.

    B) Heren bat, euskotar akulturatuak, hau da etnikoki euskaldun diren erdaldunak.

    C) Heren bat euskaradunak, euskara gutxi edo asko dakitenak, baina horietatik hamarren bat edo bakarrik bizi da euskaraz (biztanle guztien %5era ez da iritsiko).

    Pentsatzen dut zuk eta biok %5 horretan egongo garela, baina analisi erabat kontrakoak egin ditugu. Zuk, dirudienez, erru guztia A taldeari botatzen diozu. Nik, A taldeak dakarren problema larria ukatu gabe, uste dut ondorio bat baino ez dela, beste bi taldeen kasuan bezala, okupatuta gauzkaten estatuen politika inperialistek eragindakoa, eta hortxe jarri behar dela indarra, okupazioa salatu eta borrokatzean, alegia. Izan ere, zure jarrerak benetako arazoa estaltzen du eta gu funditzen gaituen etsaiari medese egiten, eta horrenbestez haren zerbitzura jarri zara.

    Eta pena deritzot horrela izateari, zeren hain gutxi izanik gu bezalakoek haurridetzat eduki beharko genuke batak bestea, eta elkar harturik gure nazioaren iraupenaren alde egin. Ordea, ikusten dudana da hurrengo biolentzia zikloa datorrenean elkar hilko dugula.

  • “Azkenengo aipamen modura, ez dut guztiz ulertu “ondo alfabetutako euskaldunak”-ekin zer esan nahi zenuen. Agian oro har daukagun euskara maila eta jakintza, hala nola jarioa, eskasa dela? Izatekotan zurekin nago erabat, niri dagokidanean baita ere.”

    Bai, adibidez:
    – Kontzienteki erabiltzen diren erdarakadei uko ez egitea.
    – Erdarakadek Ipar-Hego komunikazioan eragiten duten traba (nazio ikuspegirik ez)
    – D ereduak euskalduntzeko duen arazoa.
    – Hiztegi urria izatearen ondorioz erdarazko hitzak euskaratzeko joera (tiburoi, Suezia…)

  • Benat Castorene 2021-05-17 10:51

    Juda, dudarik gabe, sarkasmoak egiten ez dituzunean adosago nago zurekin ;
    Zure oharretarik bi azpimarratu nituzke:
    “…Erlijioa botata eta jainkoa akatuta ez dago balio konkretu batzuei lotzen gaituen oinarririk…”
    Izan ere, iduri du biziki zaila dela eratzea morala edo etika bat erabat laikoa. Iduri du moralak, existitzeko edo bederen hobeto funtzionatzeko, erreferentzia edo oinarri transzendentala eta unibertsala bere aplikagunean ( kontraesana emaiten duen arren) behar duela.
    “Susmoa daukagu euskaldunok herri azpiratua izateagatik azken moda-modako justiziaren zaldun bilakatzeko joera daukagula, guztiz akritikoki gehienetan”
    Ohar hau biziki egia deritzot nahiz ez jakin “izateagatik” horri zentzu kausala edo kontseziboa esleitzen diozun. Bi kasuetan ulergarria litzateke baina bigarrenean batik bat.
    Ohar horrek berez merezi luke garapen bat.
    Zergatik hartu duzu Juda izengoititzat? Sarkasmoz ere bai?
    Animo

  • Egun on, Beñat. Judá izengoitia lehebiziko iruzkina botatzeko aproposa iruditu zitzaidan. Beraz, nolabait, sarkasmoaren esparruan sar daiteke, baina nire intentzioa ez zen behintzat juduen etnonimoaren jatorriaz barre egitea. Behin hau argituta, goazen azkenengo oharrari dagokiona azaltzera.

    “Susmoa daukagu euskaldunok herri azpiratua izateagatik azken moda-modako justiziaren zaldun bilakatzeko joera daukagula, guztiz akritikoki gehienetan”
    Nik egia esan modu kausalean pentsatua neukan, baina ongi diozunez kontseziboa izan daiteke baita. Biak egia dira.
    Kausa moduan ulertuta, ezkerreko abertzaletasunaren baitan borroka subalternoei egin zaien harrera abertzaletasuna ezkerraren baitako borroka subalterno moduan ulertzeagatik izan da eta nolabait justizia sozialaren mamu abstraktuari men egiteagatik. Emozioei tira egiten die, ez arrazoiari. Hegemoniaren eremu bat erdeinuz begiratzearekin batera beste guztiak, akademikoen hausnarketa teorikoek lagunduta, arrapaladan heldu zaizkigu: nazio bat eraiki nahi genuen hasieran baina azkenean heterosexualtasuna zapalketa zeinu bilakatu da batzuentzat ere. Hegemoniaren aurkako den edozer aliatu bat da, eta derrigorrez zuzena, boterea beti baitago oker. Zapaldu zapaltzaile dialektika horren baitan zapalduen arteko aliantza eta elkar kontzesioa positibotzat hartu da boterea mintze aldera. Gure justizia egarriak beste guztien justizia egarria gure egitera eraman gaitu, azpiratuen arteko elkartasuna, kontua da gauzak ez direla beti bateragarriak, eta gauzak akritikoki onartzea zuzentzat hartzen ditugulako bere alde okerra ere badaukala, gure hasierako helburuetatik aldentzen baigatu.
    Oharra kontzesiboki hartuta: Prioretateak ezartzerako orduan, zein izango da tajutu beharreko lehenbiziko arazoa? Gehien sufritu duenaren arabera mailakatuko dugu? Ez, ez eta ez. Zentraltasun bat behar da bultza egin nahi bada, helburuak ezin baitira banatu eta nik uste mundu guztia ezin dezakegula salbatu, ez behintzat orain eta egoera honetan. Errefuxiatuak-etorkinak, transak, Palestina… hainbeste dira sortu diren borroka esparruak ezen independentziaren aldeko edo soilki euskara eta euskaltasunaren aldeko mugimendu indartsu bat artikulatzea ezinezkoa egiten dela, ez omen baita prioritarioa. Gureak kapritxoak omen dira, euskaldunak ez du aski sufritzen, euskalduna ez da salbatu behar, ez da prioritate bat. Beste guztiak bai salbatu behar direla ordea. Herri zapaldua gara baina gure indarrak “besteei” laguntzen agortzen ditugu azkenean.
    Ez dakit garapen argia izan den honetan sakontzeak luzerako emango bailuke.
    Ondo segi!