Eta zuri ere gertatzen zaizu
Eta zuri ere gertatzen zaizu
Danel Agirrek, Gipuzkoako Hitzan.
Joan den iganderako egitaraua plan kitzikagarriz lepo banuen ere, Irma-k guztiak zapuztu zizkidan, egun osoz kalera irten ezinik laga baininduen. Ez nintzen Pensacola, Boca Raton, Tallahassee edo Sarasotara (toponimo bikainak, alajaina) oporretara joan, eta ez nuen urakanetik ihesi instituturen bateko gimnasioan kanpatu eta bertakoekin kakahuete-gurindun sandwichak partekatzen bukatu, ez. Etxean nengoen, zortzi bat mila kilometrora. Eta, agerkariek Floridarentzat apokalipsia promesten astebete zeramatenez, ez nuen penintsula hura betirako ozeanoan hondoratzen zen unea inola ere galdu nahi. Ilunabarrerako, ordenagailuari itsatsirik izan nituen begiek azkura egiten zidaten, buruko min galanta nuen, eta desengainuak hartuta biraoka alde egin nuen ohera. Historiko behar zuen ekaitz hura arrunkeria suertatu zen, dagoeneko mila bider ikusitako irudiekin. Hondamendi eta atentatu kontsumitzaile gisa, engainaturik sentitu nintzen.
Sarean 24 orduz eguneratzen diren ezbehar eta erasoen zuzeneko emankizunek ni bezalako munstroak sortu dituzte. Xehetasunak korrika eta presaka, inongo egiaztapenik gabe eskaintzen zaizkigunez, blockbuster katatonikoaren erritmoa hartu ohi dute kontaketek. Ikuskizunarekin liluraturik, aulkiari iltzatzen gaituen paralisi baten eraginpean, nabigatzailea freskatzea baino ez dugu asmatzen pantailen beste aldean gauden askok.
Gidoiaren txilinbuelta horietako asko gezurtatu gabe geratzen diren zurrumurru faltsuak baino ez dira izaten: taberna batean hogei lagun bahiturik dituen terroristarena, hor nonbait agertu den poltsa susmagarriarena, tornadoari erriflearekin tiroka erantzun zieten krokodilo ehiztariena. Nik —zuk ere bai, zu bezalako askok aitortu didate— badut ordea psikopata bat nire baitan, esamesa horiek baiezta daitezen irrikan egon, eta imajina daitezkeen desmasia traketsenak desiratzen dituena.
Bonbak eztanda egin, pare bat ordu nahasi igaro, eta hildakoen kopuruak bat-batean bitik hamalaura bizkor jauzi egiten duenean, adrenalina txutea bortitza izan ohi da zinez. Behin filma dirudien horren akzioan buru-belarri sartuta, biktimen zenbatekoa egonkortzen den une hori izaten da okerrena. Zati aspergarria bakarrik geratzen da orduan, politikarien irmotasunarena, eta nik behintzat ez diot dagoeneko batere jaramonik egiten.
Psikologo bat eskura izan eta ordaindu ahalko banu, galdetuko nioke zergatik gertatzen zaidan —zaigun— hori. Pentsatu nahi dut ez dela ankerkeria hutsa. Esaterako, Irma Dominikar Errepublika, Haiti eta Kuba paretik oin-puntetan igarotzea gura nuen nik, eta ufada itzelenak Floridarako gordetzea. Berlinen atentatua izan zenean, hildako bakoitza deitoratu nuen, ongiegi nekielako gertatutakoa bazka izango zela nire bizilekuko nazientzat. Fukushimakoak, berriz, eszitatu beharrean zeharo kikildu ninduen, erradioaktibitatea benetan delako beldurgarria. Badago nire baitan thriller gosea modulatzen duen zerbait, gertutasun pertzepzioaren eta arrisku tipologien arabera funtzionatzen duena.
Edo akaso ez, akaso sentsibilitate guztia galdu duen piztia baino ez naiz —gara—.