Eta bien bitartean, Habanan…
AEB-ak (eta beraiekin batera mendebaldeko mundua), gora begira daude, zerura, joan den asteartean New Horizons misioa Plutonetik gertu igaro, eta gure ikasle denboretan Eguzki sistemaren bederatzigarren planeta izan zenari, orain planeta nanoa ei denari (eta ilargi duen Karoni), hemen duzuena moduko argazki ederrak egin zizkionetik -hona NASAren argazkiak-.
“Teleskopio hoberenetatik ikusita puntu ñimiñoa baino ez zena, esploratzeko dagoen mundu ikusgarria bilakatu da”, zioen Juanma Gallegok Berria egunkariko “Mundu ikusgarria loratu da Plutonen” izeneko artikuluan.
Lurretik bost mila milioi kilometrora ei dago Pluton, oso urruti, AEBetatik geografikoki Kubatik ideologikoki bezain. Diametroz Lurraren %20ra ez ei da heltzen; eta izoztuta dago. Hara! Miami eta Habanaren arteko harremanak orain arte bezala; antzekotasunak hemen ere.
Orain arte -idatzi dugu-; estatubatuarrak Plutoni begira zeudela kubatarrek enbaxada ireki baitute Washingtonen, planeta nanotik 5.000.ooo.ooo kilometrora, espazioko azken argazkiak ezagutu eta aste bete eskasera; aurreko egoitzaren ateak itxi (1961eko urtarrilaren 3an jaso zuten agindua) eta 54 urtera!
Berriro ere Berriara jo, eta hauxe irakurri diogu Jose Miguel Arrugaetari, “Kuba-AEBak: aro berri baten hasiera” analisian: “Baina Barack Obamak eta Raul Castrok aurreikus zitekeena aldi berean eta elkar hartuta jakinarazi izana da urteko albistea, zalantzarik gabe: Kuba-AEB harremanetan agertokiaren erabateko aldaketa“. Eta erabateko aldaketaren isla, herenegun uztailak 20, Kubak egoitza ireki du AEBetan -eta Reparaz berri emailearen arabera, parranda polita izan zen bertan gainera-.
Presidente beltza (hamaika ezagutu ditu jada Castro comandanteak) eta berriro izar bako bandera lur estatubatuarrean; eta hau ere ikusi Fidelek!
Orain John Kerry, AEB-etako Estatu idazkariak, karibear irla zapalduko du, datorren hilabetean seguruenera, Kubako lurretan bandera estatubatuarra paratzeko. Baina hau beste kontu bat da.
…
Eta bien bitartean, Habanan…
Kuban zer gertatzen den munduari axola izango balitzaio bezela.
LSD pixkatekin norbaitek konspirazioa atzemango du Kuba-Pluton kasualitatean eta nanoplanetaren alde ilunean komunistak izkutatzen direla.