Eta asteroide batek lurra joko balu?

Eta asteroide batek lurra joko balu? –

Hau ez da Hollywoodeko beste film baten argumentua. Atzo, hilak 30, nazioarteko asteroideen eguna izan zen, Nazio Batuen arabera: “Asteroideek gure planeta jotzeko duten arriskuaz jabetzeko eguna”. Izan ere, 2013an Siberiako (Errusia) eskualde batean asteroide “txiki” bat jausi zenetik, NASA erakundeak lurretik gertu dauden 1000 asteroide ustez arriskutsu identifikatu ditu.


2013ko Txeliabinskeko meteoroa

Ez da txantxetarako kontua. 2013ko otsailaren 15ean, lurraren atmosfera zeharkatu eta Uralen hegoaldean kokatzen den Txeliabinskeko zerua zeharkatu zuen meteoroak. Herriaren erdigunetik 80 kilometrora denera 6000 kg asteroidek jo zuen lurra, tartean gerora Txebarkul lakuan berreskuratu zen 650 kg-ko zatirik handiena barne. Meteoroak 20.000 metrotako altueran leher egin eta 500 kilotoneko energia askatu zuen, hau da, Hiroshimako bonba nuklearrak baino 30 aldiz gehiago.

Energia gehiena 5000 eta 15.000 metroko altueran askatu zuen, oso fenomeno arraroa, izan ere, normalean 30.000 eta 50.000 metroko altueran erre ohi dira atmosfera zeharkatzen duten meteoritoak. Antzeko azken kasua topatzeko 1908. urteko ekainaren 30era arte (horregatik nazioarteko eguna) egin behar dugu atzera, Nikolas II tsarraren agintaldira. Tunguska ibaiaren ingurumarietan,  egin zuen eztanda 80m-ko diametroko astroak.

Tunguskako meteoroa 1908an jausi bazen ere, Lenin izan zen 1927an fenomenoa ikertzera Leonid Kulik aditua buru zuen espedizio bat bidali zuena. Muturreko klima medio, triskantzaren kondarrak gertatu osteko egoera bertsuan zeuden.

Eta asteroide batek lurra joko balu?
Tunguska inguruetan meteoroak sortu zuen triskantzaren argazkia – Leonid Kulik

2013ko Txeliabinskeko meteoro ikusgarria, aitzitik, hamaika kamerak jaso zuten zuzen zuzenean eta askoz ere xeheago aztertua izan da. Youtuben topa ditzakezu irudi ikusgarriok. Hona hemen bilketa bat:

NASA, lurraren salbatzailea omen

Asteroideen nazioarteko egunaren karietara NASAk hainbat bideo argitaratu ditu. Asteroide erraldoi bat lurrarekin talka egitera baletor, gu salbatzeko zer protokolo prestatu duten azaltzen dute besteak beste. Baina nola demontre salbatuko gaituzte?

Bada, lehenik eta behin teleskopio berezien bidez zerua arakatzen dute mugimenduan dauden astroak detektatzeko. Behin detektatuta, irudiok NASAren astroen datu basearekin erkatzen dira, aurretik ezagutzen zen asteroide bat ala aurkikuntza berria ote den argitzeko. Berria balitz, konfirmatzeke dauden objetuen zerrendan sartzen dute eta lurretik oso gertu badago, “lehentasunezko” astro gisa azpimarratzen da.

Talkarako arriskua handia balitz, NASAk asteroidearen ibilbidea aldatzeko protokoloa jarriko luke martxan. Baina kasu! Ez dezagula halakorik ezagutu, oso ondo baitakigu azkenburuan Hollywoodeko filmak nola amaitzen diren.

Eta asteroide batek lurra joko balu?

Zer duzu buruan “Eta asteroide batek lurra joko balu?”-ri buruz

  • joseba garcia 2017-07-01 16:55

    “NASAk asteroidearen ibilbidea aldatzeko protokoloa jarriko luke martxan”, protokolorik izango balu lehenik eta behin.

    Ez soilik NASAk, ESAk ere lan egiten du arlo honetan:
    https://en.wikipedia.org/wiki/AIDA_(mission)

    Noski, Rosseta missioa edo Hayabusa misioak ezinbestekoak dira zeregin honetan ere. Gainontzeko “proiektuak” paperean edo aurrekontuetan soilik daude. Penagarria poltxikoak gehiago axola zaizkigula, Lurra beraren gainetik. Teknologia hau 60. hamarkadan ere egingarria zen.