Esperimentuak, egitekotan, gaseosaz

Esperimentuak, egitekotan, gaseosaz –

Amatiñok Kataluniari adi jarraitzen du. Nik neuk, bide-aukeran, ez nuke nire Herriarentzat Kataluniarenarik nahi…” adierazi zigun joan den astean, eta ildo beretik,  “Kataluniaren bidea ez dela, euskal bidea” diosku bere blogeko azken sarreran.

Bada, gurean, Kataluniako aldarrikapen-giroa inbidiaz ikusi eta, Euskal Herriarentzat, Kataluniaren bidea proposatzen duenik. Nago, ordea, Euskal Herriak eta Kataluniak nekez hartu dezaketela bide berdina, baldintza zeharo ezberdinetan dihardutelako.

Oinarrizko aldeak laburbiltzekotan, gogoratu dezagun, lehenik, Kataluniak legebiltzar bat eta bakarra duela eta Hego Euskal Herriak, berriz, bi. Praktikan, sekulako aldea. Izan ere, bi euskal legebiltzarretako alderdien indar-oreka ez bada lain Arabaz, Bizkaiaz, Gipuzkoaz eta Nafarroaz erakunde bateratua osatzeko… zelan arraio izango da gai independentzia-lelotan hasteko?

Esperimentuak, egitekotan, gaseosazParadoxa bada ere, lau euskal foru-lurraldeen eskubide historikoak adierazteaz gainera, lauak elkarrekin bat egiteko bidea zehazten duena da Espaniako Konstituzioa, non Katalunia ez da aipatu ere egiten. Alde edo aurka egon gaitezke, baina zalantzarik ez, Konstituzio espainiarrak ematen dizkiola Euskal Herriari, Kataluniari eskaintzen ez dizkion aukerak. Hainbati huskeria irudituko zaio hau, baina, une honetan, Kataluniak urregorritan ordainduko luke bere eskubide-zantzuren bat Konstituzioaren testuan agertu izana.

Hala ere, jatorrizko aldea, aspaldikoa da: Kataluniak duela hirurehun urte (1716) galdu zituen lege zaharrak, baina haien aztarnek oraindik ere indarrean diraute Euskal Herrian. Hain zuzen ere, orain dela bost urte, Artur Masek Rajoyri eskatu zion euskal kontzertu ekonomikoaren pareko zerbait -beraz, inbidia bai baina, nork nori?-, eta Rajoyk ezetz erantzun, Kataluniari horrelakorik ez zegokiolakoan. Hau da, euskal gizarteak aspaldidanik du katalanek, konponbide gisa, arestian eskatu eta lortu ez dutena. Gordin-gordin esanda: Kataluniak euskal foruen parekorik izan balu, edo Rajoyk, Masi, hitzarmen ekonomikoa onartu, ez genuke sekula Puigdemont nor zenik ere jakin izango.

Egunotan, hogeiren bat banku eta enpresa katalan izan dira euren egoitza aldatu dutenak, Bartzelonatik Madrila, Valentziara edo Mallorcara. Aldaketa esanguratsuak irudiaren aldetik, baina hutsaren hurrengoak diru-kontutan, batean zein bestean zerga-biltzailea beti berbera baita: Espainiako Ogasuna.

Horrelakorik gurean gertatuko balitz, eta euskal enpresak Santanderra edo Logroñora joan, euskal ogasunak utziko lioke dirua biltzeari eta Espainiakoak kobratzeari ekin. Hau da, katalanek iruditan baino galdu ez dutena -hasieran behintzat, gero gerokoak-, guk iruditan eta dirutan galduko genuke, hasiera beretik. Ez dakit Kataluniak ezer galtzerik ote duen honezkero, baina Euskal Herriak, bai. Beraz, kontuz gero, esperimentuak, egitekotan, gaseosaz!

Amaitzeko, sarri entzun izan dugu Konstituzioak erakarri ziela 17 autonomiei berdin antzeko “kafea denontzat”. Baina, zehatz, ez da egia. Eskaini zien kafe hutsa 15 autonomiari eta, barrena, kafesnea azukre koskorrarekin, beste biei: Nafarroari eta Euskal Autonomia Erkidegoari.

Ez dela aski? Erantzuten hasi aurretik galdetu katalanei ez ote luketen, gozatze aldera, gustura hartuko. Eta, bitartean, garbi gera bedi, Kataluniaren bidea ez dela, euskal bidea. Euskal bidea Kataluniarena ez den bezalaxe.

Esperimentuak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.