Espainiako justiziaren aukerak Alakrana auzian

alakrana

Espainiako justizia saltsa ederrean sartu da. Nahita ere, legalki, ezin dituzte bi pirata somaliarrak aske utzi eta ezer gertatu ez balitz bezala egin. Hasteko Audientzia Nazionalak Madrilen espetxeratutako piratak epaitzeko eskumena duela baitio. Hala esan zuen Garzon epaileak duela hilabete bi piratak atxilotu zituztenean, eta Ministerio publikoak ere halaxe berretsi zuen. “Espainiar ontzi bati eta espainiar hiritarrei” eginiko erasoa izaki, hori epaitzeko eskumena Espainiarena zela. Hori horrela, zigor auzitegiko batzarrak Santiago Pedrazi sumarioaren aginduarekin jarraitzeko eskatu dio.

Bahitutakoen senideek ordea, ahalegin oro eskatu dute justiziaren baitan zirrikitu bat topatu eta egoera bere onera itzultzeko. Eta hainbat eta hainbat politikarik bat egin dute horiek esandakoarekin. Eusko Jaurlaritzak, baita ere. Audientzia Nazionaletik, ordea, ezinezkoa dela esaten dute. Piratek bi somaliarrak aske uzteko esan zuten. Orain ordea Somaliara itzuli eta bertako justiziaren esku uzteko. Eskaera leundu arren Audientzia Nazionalak hori betetzea zail ikusten da.

Aukeretako bat Espainiako justiziak “eskumenari” uko egitea zen, bi piratak Keniari emateko. Hori posible litzateke, baina ez lioke piraten eskaerei erantzungo, beraz, ez litzateke erabakirik logikoena. Gainera jada baztertu dute aukera hori.

Defentsarako estatu idazkariak bi piratak Espainikao jusitiziaren eskutan daudela esan du eta hori ez dela negoziagarria. Gainera bahiketa baten aurrean hipotesi bakarra estorsioa dela dio. Baina piratek esandakoa ez dator bat Constantino Mendezen hitzekin. Ordainsariei uko egin diete eta bi somaliarrak euren herrialdera itzultzeko eskaera mantentzen dute.

Beste aukera bat, ahalik eta modurik azkarrenean, bi piratei zigor minimoa ezartzea litzateke. Horiek zigorra onartu eta ondoren Espainiatik botatzea. Tranpa juridiko horretarako ordea epailearen borondatea beharrezkoa da.

Salbuespen bat egitea eskatzen zaio Espainiako Justiziari. Ez ikusiarena egitea. Politikarien eta gizartearen esku-hartzea onartzea. Horretarako eta elkartasuna adierazteko bildu dira hainbat eta hainbat herritar Bermeon gaur. Eta Jusitiziak, nahi bai, baina ezin duela dio.

Zer duzu buruan “Espainiako justiziaren aukerak Alakrana auzian”-ri buruz

  • Lukas Mateo 2009-11-07 18:56

    Harritu egiten nau artikuluan hainbeste aldiz Justizia hitza ikusteak, Legea behar lukeen lekuan. Desberdinak baitira horiek biak ala biak.Oso desberdinak.
    Eta ez aipatzea Garzon, beti bezala ibili dela oraingoan ere, gauzak konpontzen hasieratik: paperetan agertzeagatik, sheriffarena egiten. Eta hori gutxi bailitzan, Espainiako gainerako epaileen eredu bihurtuta…