Espainiak engainatu egiten du
Espainiak engainatu egiten du –
Horixe Carles Puigdemont Kataluniako presidentak aurten zer ikasi duten galdetu diotenean eman duen erantzuna.
Testuinguru honetan eta hain modu esplizituan hain begi-bistako gauza orain halaxe adieraztea harrigarria ere izan daiteke batzuentzat; baina denok dakigu begi-bistakoek baztertzera, ezkutatzera eta desagertzera ere egin dezaketela ez adieraztearen ez adierazteaz. Hortaz, hobe adieraztea.
Hain maiseatutako katalanen inozoa are gehiago maiseatzen ez gara hasiko okasioa aprobetxatuta; ez gara joango ezta ere, begibistako hori frogatze aldera, Kastillako erresumara edo karlistadetara edo Espainiako errepublika aldira edo 36ko altxamenduaren garaira edo frankismo aldira Puigdemonten hitz horien harrigarri are harrigarriago egiteko. Nahikoa dugu azken berrogei urte hauei erreparatzea Espainiako estatuan izan dugun gezurrean, engainuan eta iruzurrean oinarritutako politika -politikaeza- zer den ikasteko.
Urteotako amarru eta trikimailuen inbentarioa egiteko inolako intentziorik gabe, Puigdemonten begibistako horren aipamen zehatzak niri eragindako gogoetatxo batzuk nahi nituzke konpartitu:
-ETA indarrean zebilela guztia zen ezkuta erraza Estatuarentzat. ETA desagertuta Estatuaren estoldatik ateratako kiratsak hartu ditu bazterrak, eta agerian gelditu denok susmatu baino gehiago ere egiten genion haren benetako izaera: Erregimen bateko jite guztiz autoritarioa, botere banaketa eza eskandaluzkoa, ustelkeria kasuak (hala Madrilen nola Gasteizen), armada eta koro baten ukiezintasuna, mundu finantzarioaren nagusitasuna…
-Berrogei urteotan gezur, engainu eta iruzurrean oinarritutako sistema horretan EAJ izan da eragile nagusi eta subjektu aktiboenetako bat Espainia likits horri euste lanetan, eta hori ezinezkoa litzateke gezur, engainu eta iruzurrezko molde horiek bere-bereak egin gabe.
-Ez naiz ni Pablo Iglesias bezalako nazionalista espainol itsu-itsu batekin askotan konforme egongo baina berak esan omen zuen eta nik sinatu: Erregimen postfrankista honetan hiru dira onuradun nagusiak: Koroa, armada eta EAJ.
-EAJk ez digu inoiz azalduko azken urteotan aspertzeraino errepikatutako paktismo, akordioa, parekidetasuna eta berriketa xuri hori zer ote den eta nola gauzatu litekeen hori guztia gezur eta iruzur besterik ez den eszenatoki batean.
-Ez digu inoiz azalduko baina azaldu beharko liguke, politikarako gaitasun aparta eta paktu eta akordioetara iristeko senperenak eta bi egin dituzten katalanei, ze lezio arraio eman behar die EAJk negoziatzearen inguruan, ez bada beren ildo berari atxikitzeko konbentzitzeko: Estatuarekiko morrontzaren segida paktatzea. Hori izan baita EAJren azken urteotako paktismoak izan duen zentzu eta norabide bakarra: Estatuarekiko morrontzaren segidarako baldintzak negoziatzea.
-Espainiarekin parekidetasun erabatekoan, berdinetik berdinera hitz egiten saiatu diren bakarrak, katalanak izan dira, nor eta orain kartzelan edo deserrian dauden (Puigdemont, Forcadell, Junqueras…) berberak; negoziatzera otzan, esaneko eta azpiko joan direnak, berriz, Estatuak berak goraipatuak eta eredu jarriak dira. Raxoik ez zuen ezkutatu Kataluniarako Urkullu bat bilatzeko zuen nahia.
-Negoziazioak eta akordioak ez dira bere horretan berezko baloreak eta aldez aurretik negoziazioaren helburuak eta akordioen nondik norakoak garbi eduki eta azaldu ezean hutsaren hurrengo ere izan daitezke eta engainu berri baten hazia.
-Morrontzaren segidako baldintzak negoziatzeak ez du gaitasun handiegirik eskatzen, eta beste aldetik denok ikusi dugu, morrontzaren segidako baldintzak negoziatzera Urkullu eta joan direnean beti eduki dutela norbait mahaiaren beste aldean. Katalanek, berriz, morrontzatik ateratzeko baldintzak negoziatzera joan direnean, inor ez mahaiaren beste aldean. Horratx aldea non dagoen.
-ETAren desagerpenak ahalbidetu du, nola edo hala, Kataluniako prozesu subiranista eta honek hondoratzera eraman du (darama) Estatu espainola eta haren morroitxo izan diren, eta diren, guztiak.
-EAJk urteetan izan duen hegemonia hau Estatu espainol autoritario ustel eta iruzurti honek ahalbidetu dio. Kataluniarik gabeko Estatu guztiz kamuts, erkin eta ezdeus bateko eszenatoki batean akabo da EAJren nagusitasuna hiru probintzietan. Horra hor Kataluniaren prozesua zapuzteko egin dituen ahalegin guztien arrazoia.
-Honetara ezkero, galdetzeko ere da: berrogei urteotako erregimen ustel hau azkenetan dela ze ari ote da Ezker Abertzalea orain, morrontzaren segida nolakoa zedarritzea beste helbururik ez duen gezur eta iruzurrean oinarritutako EAJren paktismo berbera sinatzen eta aldarrikatzen, eta Espainiako konstituzioak dituen baliabideak defenditzen?
-Orain urte pare bat edo hiru baino gehiago ez da Ezker abertzaleak zioenean: “guk ez dugu sinesten baino bide hori egiteko prest gaude” (PNVrekin batera autodeterminaziorako prozesu bat Madrilekin negoziatzeaz ari zirela). Eta orain? Orain sinesten al du bide horretan? Hala dirudi. Edonola ere, onartu ezin daitekeena da jendeari gauzak garbi ez azaltzea.
-Niri guztiz tokiz kanpo iruditzen zait Ezker abertzaleak orain katalanei erlojuak sinkronizatzeko proposatzea. Katalanek bidearen zatirik handiena egina dute eta gu abiatu gabe gaude.
-Bulego panpoxotik ez baina lurretik, jendearengandik, eta hizkuntzatik datorren mugimendu independentista behar dugu. Behetik gorakoa.
9/10