Inkestatxoa

Inkestatxoa –

Espainiako estatistika erakunde ofizialak CIS izena du, Ikerketa Soziologikoen Zentroa, eta tarteka-marteka barometro izeneko inkesta sorta argitaratzen du. Urriko barometroan, dozenaka galdera-emaitzen artean, batez ere batek erakarri du gure arreta, sentimendu erlijiosen ingurukoa hain zuzen ere.

Inkestatxoa

CISen azken inkestak kontatu baitigu Espainia deitzen duten horretan Nafarroa dela sentimendu erlijioso txikiena duen erkidegoa. Inkestaren arabera Espainian %66,2k jotzen dute beren burua katolikotzat (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %64,6k), baina Nafarroan bakarrik biztanleen %38,1ek omen dute sentimendu hori.

Hori ikusita, ohe elastiko baten baleude bezala hasi dira batzuk saltoka. Konparazio batera, Uharteko kazetak atzo azalera eraman zuen albistea, poztasun handiz.

Baina ejem, ejem, eta ejem.

Nafarroa Garaia pixka bat ezagututa, gurean erlijioak izan duen eta oraindik duen pisua jakinda, nik uste okertzeko arrisku handirik gabe erraten ahal dugula emaitza horrek ez duela ez hanka ez buru. Sentitzen dut. Baina Nafarroan aunitzez katoliko gehiago ditugu.

Orduan, zergatik eman du CISek datu hori? Tira, CISek datu hori lortu du Nafarroan soilik 42 inkesta eginda. Eta hori erranik, gogoratu beharko dugu inkestak ez direla errealitatearen erregistro bat, errealitatearen interpretazio bat baizik. Eta kasu honetan, gainera, interpretazio hori egin dute oso lagin txikia kontuan harturik. Eta agian, hango batek erran zuen gisara, beharbada, apika, 42 inkesta horiek Nabarreria plazan egin zituzten, ortzirale gau batean, iturriaren inguruetan esertzen diren gazteen artean.

Beraz, lasaitu pixka bat. Oraindik ez baitugu zerua irabazi.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko azaroaren 6koa]

Inkestatxoa

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.