Erroak

Erroak –

Erroak

Franco hilzorian zela, Espainiak Sahara eta sahararrak saldu eta abandonatu zituen, merke-zurrean; abandonuaren «normaltasun» landua borrokatu behar da, borrokatu behar denez. Harrezkeroztik, ez da traizio bakarra izan, Sanchezen bira ahalkegarria horren lekuko.

Saharan aski ezaguna den Hamida Abdulah lagunaren irudi bat datorkit burura, non pentsakor agertzen den gudari zaharra bere baitako hausnarketan murgilduta, berrogeita hamar urte baino gehiagoko bizitza-urteak, borrokari emanak, buruan jiraka-biraka; izan ere, oroimenaren gatibu gara eta oroitzapenak aletzen ditugu burura etortzen zaizkigularik.

Basamortuko liburutegiak eraiki, hornitu, sustatu, zaindu eta kudeatzen dituen Bubisher proiektuko koordinatzaile izandako Hamida Abdulah-i ea zer daukan buruan galdetuta, hauxe arrapostua: «Ene Aberriaren independentzia daukat buruan, ene bihotzak gordetzen duen bakarra, bidean eroritako lagunekin egindako zina; horixe da buruan daukadana». Ongi errotuta, eduki ere.

Fronte Polisariok 50 urte eta bat gehiago bete berri ditu hilaren 10ean, eta hilaren 20an beste horrenbeste urte Espainiako indar kolonizatzaileen aurka egindako lehen erasoa egin zutenetik. Urteak joan, urteak jin, Fronte Polisariok berriro hartu behar izan ditu armak Marokoren indar okupatzaileen kontra, etsai handia bezain zitala dela jakinik ere. Eskerrak ongi sustraituriko borroka den sahararrena.

Izan ere sahararrek beraiek diotenez, «Saharan ez dago ekaitzaldirik sahararren borroka geldiaraz dezakeenik, ez dago munduan haizealdirik sahararren borrokaren sugarra itzal dezakeenik». Gameluaren eraman handia, egonarria basamortuan, borrokarako adore eta kemena, atxikimendu eta engaiamendua, erabakimena eta ausardia eta, oro bat, arrazoia alde izatearen arrazoia; horiek guztiak Saharako Herriaren erroetan dautza.

Erroak

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude