Erresuma Batuak ere webguneak blokeatzeari ekin dio
FBIaren pausoak jarraituz, Erresuma Batuko polizia ere webguneak ixten hasi da. SOCA agentziak (Serious Organised Crime Agency) egile eskubideak urratzen dituen AEBetako webgune bat blokeatu du berriki: RnBXclusive, rap musikako webgunea.
SOCAren oharra argia da: “Webgune honetatik musika deskargatu baduzu, 10 urterainoko kartzelarekin eta isunekin zigortuta dagoen delitua egin duzu, Erresuma Batuko legearen arabera”.
Dena den, SOCAk ez dizu zure jokabide ilegalari buruz oharrik emango soilik, musika deskargatzea zergatik dagoen gaizki azaltzen dizu: “Deskarga ilegalen ondorioz, sortzen ari diren artista gazteek beren ibilbideak arriskuan ikus ditzakete. Musika ilegalki deskargatu baduzu, musikaren industriaren etorkizunari kalte egin diozu”. Adierazpen hori guztiz eztabaidagarria da, artista asko deskarga ilegalei esker lortu baitute sona. Baina, tira, norberak bere interesak babesten ditu beti.
Beraz, badirudi agentzia estatubatuarrak konpetentzia duela orain. RnBXclusiveren itxiera eta Megauploadena oso antzekoak izan dira. Antza, berdin du zein herrialdetan dagoen kokatuta webgunea eta zein herritako agentziak ikertzen duen kasua, ez da ihes egiterik izango pirateriaren aurkako nazioarteko super-agentzien zaintzatik. Are gehiago, SOCAk erabiltzaileak monitoriza ditzake eta internet zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei beren bezeroen arau-hausteen berri eman diezaieke.
Internetek herrialdeen arteko mugak hautsi ditu, datuak eta informazioa munduko toki batetik bestera mugitzen dira segundo gutxitan erraztasun osoz. Interneten, “herrialde” kontzeptua bigarren maila batera pasatzen da, are gehiago, batzuetan, zentzu guztia galtzen du. Hortik sarea arautzeko arazo handi hori. Beste herri bateko poliziak nire webgunea blokea dezake? Herrialde horretako artisten edukien jabetza intelektuala errespetatu ez badut, bai. Hori izan da RnBXclusiveren kasua, webgunea AEBetan kokatuta izanik, Erresuma Batuko hainbat artisten musika biltzen zuen.
Baina gauzak askoz ere konplexuago bihur daitezke. Auskalo internet “babesten” duen polizia agentzia mundial bat sortuko den! Etorkizunak hitz egingo du.