Errefuxiatuak eta salaketa artea
Errefuxiatuak eta salaketa artea –
Errefuxiatuek eta salaketa gisako arteak dute protagonismoa TOPAKEtalk jardunaldien azken ekitaldian Artium museoan
…
Gerrak eta sortzen dituzten desplazamenduak, artea komunikazio -eta salaketa- bitarteko gisa, elkartasuna eta boluntariotza errefuxiatuen esparruetan eta hizkuntzen papera dira MondragonLinguak, Artium museoarekin eta Save the Children erakundearekin lankidetzan, antolatutako TOPAKEtalk zikloa itxiko duen diziplina anitzeko HIZKUNTZEK BIZITZAK SALBATZEN DITUZTENEAN ekitaldian jorratuko diren gaietako batzuk.
Pedro Espinosa kazetariak gidatuko duen ekitaldia Gasteizko Artium museoan egingo da datorren ostiralean, urriaren 20an, iluntzeko 19:00etan, eta Txaro Arrazola eta siriar jatorrizko Aicha Iglesias artistek eta Gari rock-abeslariak hartuko dute parte. Horrez gain, Save the Children erakundeko ordezkari bat ere izango da.
Ekitaldian zehar Mediterraneoan errefuxiatuen egoerari buruzko bideo bat proiektatuko da, eta Save the Children GKEko Azucena Garciak iruzkinduko du. Jarraian, Txaro Arrazola artistak errefuxiatuen esparruaz duen ikuspegia aintzat hartuta sortutako hainbat pieza aurkeztuko ditu. Egindako bidaietan izandako hainbat esperientzia eta ezagutu dituen hainbat errealitate kontatuko ditu, eta bizi garen mundu desberdina salatzeko artea zergatik erabiltzen duen azalduko digu.
Aicha Iglesias jatorri siriarra duen artista plastikoa da. Ia bi hamarkadetan Alepon bizi izan zen, hiriko borrokek mehatxatuta bere bi alabekin hiritik ihes egin behar izan zuen arte. Etxetik ihes egitean, Damascon inauguratu behar zuen erakusketa prestatzeari utzi behar izan zion. Gaur egun Arabako herri batean bizi da eta han egiten du lan. Hutsetik hasi behar izan du eta ezin izan du bere lan artistikoa garatzen jarraitu.
Hizlariak, gainera, hizkuntzaren alderdiaz arituko dira bizitzak salbatzeko unean eta errefuxiatuen bizitzako egunerokoan.
Bestalde, Gari abeslariak testigantzen artean tartekatuz joango den eskutada abesti joko ditu gitarrarekin.
Ekitaldian sartzeko 5 euroko sarrera solidarioa kobratuko da, eta errefuxiatuen esparruetara bideratuko diren bi salbamendu-jaka eta hiru pixoihal pakete erosteko inbertituko dira. Sarrerak Internet bidez edo Artium museoko leihatiletan eros daitezke.