Erasoen aurrean, osasun arloan ere herri antolaketa (Venezuelako brigadaren azken kronika)

Erasoen aurrean, osasun arloan ere herri antolaketa (Venezuelako brigadaren azken kronika) –

Erasoen aurrean, osasun arloan ere herri antolaketa (Venezuelako brigadaren azken kronika)

Guasdualiton, José Antonio Páez udalerrian (Apure Estatua), Kolonbiatik 20 kilometro eskasetara, osasun sistemaren egoeraren inguruan ikasteko parada izan dugu. Ezaguna da Venezuelak pairatzen duen blokeoa eta honek sorrarazten dizkion arazo, larritasun eta gabeziak. Logikoa den bezala, hauek osasun sisteman ere eragina daukate. Herriak egoera honen aurrean nola ekiten duen jakiteko, ospitale bat bisitatu dugu baita alboan dagoen farmazia komunitarioa ere.

Venezuelak pairatzen duen krisi ekonomikoa, nagusiki blokeo inperialistak eraginda eta barne praktika batzuek (“bachaqueoa”, kontrol falta…) areagotuta, medikamentuetan eta medizina-materialetan ondorio larriak izan ditu. Izan ere, blokeoak hildako batzuk eragin ditu jada, medikamentu zehatz batzuk herrira sartu ezin izan direlako.

2019ko lehenengoko hiru hilabeteetan egoera oso latza zen eta gobernua instituzio batzuekin (Osasunerako Munduko Erakundeak, Gurutze Gorriak eta Osasunerako Erakunde Panamerikarrak) akordio batera heldu zen, neurri batean egoera hobetzea ahalbidetu duena.

Ospitaleko langileek formakuntza profesional ona izan arren, kasu askotan ez dute formazio ideologikorik ezta balore humanista eta iraultzailerik. Horrek ahalbidetu du ospitaletik profesional asko joatea. Lehen zeuden 60 medikutatik 12k alde egin dute, gehienak gazteak, baita 5 anestesiologo eta 47 erizain ere. Oraindik 32 erizainen beharra daukate. Txile da joandakoen norako nagusia. Dena den, aipatu behar da alde egin duten askok bizipen gogorrak eduki izan dituztela atzerrian.

Materialei dagokienez, Juan Albarrán ospitalaren zuzendariak azaltzen digunez, batez ere orratzak eta elektrobisturiak faltan dira, blokeoak materialak lortzeko ezarritako zailtasunengatik. Adibide argienetarikoa geldirik dauden lau dialisi-ekipoak dira, kanpoan errepuestoak lortzeko ezintasuna dela eta. Hala ere, zailtasunak zailtasun, pazienteek behar dituzten produktu eta zerbitzuak dohainik jasotzen dituzte.

Erasoen aurrean, osasun arloan ere herri antolaketa (Venezuelako brigadaren azken kronika)

Horretaz gain, Venezuelan historikoki egon den eta dagoen ustelkeri-ohiturak direla eta, kontrol zorrotzak martxan jarri behar izan dituzte materialen lapurretak ekiditeko. Hori dela eta, edozein ebakuntza egiterakoan, kirofanoan sartzeko unean bertan ematen zaizkio pazienteari beharrezko materialak.

Azaldu digutenez, hilabetean 220 interbentzio kirurgikoak egiten dira funtzionamenduan dauden bi kirofanoetan. Gaur egun, gaixo kronikoak dituzten 100 pertsona baino gehiago tratatzen dituzte egunero. Kasu guztiak kontuan hartuta, maiatzetik hona 14.000 arreta-kasu egon dira.

Itzaltzeen aurrean pazienteen beharrei erantzuna emateko prestatua ere badago eraikina. Gasolinaz funtzionatzen duten bi energia-sorgailu erraldoi daude, ospitalea elektrizitatez horni dezaketenak. Edozein kasutan, ondo babestuak daude, behin baino gehiagotan gobernuaren kontra dauden escualidoek erasotzen saiatu izan direlako.

Ospitalean dagoen farmaziara Osasun Ministerioak hornitutako medikamentu eta materialak heltzen dira, non zerrendatzen dituzten eta banaketa kudeatzen duten. Errezetapean banatzen dira, dohan.

Estatuak hornitu ezin dituen medikamentuen kasurako ekimen osagarri bat martxan jarrri dute: herri farmaziak. Izan ere, ospitalaren alboan “Farmacia Popular de El Cielo” izena daraman farmazia sortu zuten 2017an. Urte horretan zegoen elikadura eta medikamentu faltaren aurrean, herriko biztanleek, alkatearen laguntzarekin, osasun-kontseilu bat sortu zuten, osasun-profesionalez osatuta eta ospitalarekin eta osasun sistemarekin koordinatuta. “El Palmarito” eta inguruko beste toki batzuen biztanleen beharrei erantzuna ematen die, eguneko 24 orduak zabalduta egonda.

Marlen doktoreak azaltzen digunez, farmazia honen kasuan medikamentuak gertu dagoen Kolonbiako Arauca Departamentuan lortzen dituzte. Hauek peso kolonbiarretan erosten dira eta errezetarekin etortzen diren pazienteei saltzen zaizkie bolibarretan, prezio baxuetan, etekin ekonomikorik bilatu gabe. Erosteko ahalmen gutxiko pazienteen kasuak kontuan hartzen dira ere, behar duen medikamenturik gabe inor ez geratzeko.

Bisita honen bidez ikusi izan dugu nola zailtasun guztien aurrean eta “bachaqueo” eta sabotajeen kontra, gobernuak eta herriak irtenbideak bilatu dituzten, baita kontrola eta antolaketa indartu ere. Eraso eta arazoen aurrean, herri antolakuntza!

Erasoen aurrean, osasun arloan ere herri antolaketa (Venezuelako brigadaren azken kronika)

Erasoen aurrean Erasoen aurrean  Erasoen aurrean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude