Erabakia eta aterabidea (II)
Erabakia eta aterabidea (II) –
Maiatzeko Enbataren zenbakian Catalunyako egoeraren azterketa hasi nuen Katalandarren kontra erabiltzen diren topiko gutiesgarri batzuk baztertuz. Hara jarraian, analisiaren 2. zati hontan, Katalandarrek, beste herrialde guttitu guziek bezala, nolaz burujabetasunaz jende galdezketa baten antolatzeko eskubide osoa daukaten.
Erabakitzeko eskubide batek har lezake Kataluniaren autodeterminaziorako herri kontsulta baten irudia, jadanik Eskozian eta Quebecen antolatutakoen antzekoa. Mementukotz haatik español estadoa ukoan dago gisa hortako kontsulta adosteari begira. Bakarrik doktrinarioa den ikusmolde hori nazioarteko eskubideen arrunt kontrakoa da, alabainan nazioarteak ontzat emaiten baitu populuen autodeterminatzeko eskubide funtsezkoa. Ikusmolde doktrinario hori funtsean, español eskubide konstituzionalaren kontra ere badoa, zointan 92. artikuluak azpimarratzen duen erreferendum kontsultatiboen antolatzeko ahalmena. Erabaki doktrinario hori azkenik borondate herrikoi eta demokratiko baten kontra ere doa. Alabainan 2012, 2015, 2017 eta 2019ko Katalunian hauteskunde ezberdinek gehiengo politiko argiak eman dizkiote bloke independentistari. Hortik haratago ere joanez, 2014an independentziari buruzko kontsulta herrikoiak eta 2017ko urriaren 1an antolatuak, orotarat bi milioi bozkatzale baino gehiago mobilizatuz, erakutsi dute zer nolako atxikimendu heina badagoen proiektu independentista bati begira.
Adierazpen askatasun ukatua
Beren ADN politikoan delakotz, herritar katalanek behin ta berriz defendituko dituzte oinarrizko hiru eskubide: manifestazio eskubidea, adierazpen askatasuna eta libreki bozkatzeko eskubidea. Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezen 500 egun baino gehiagoko atxiloketa “prebentiboa” horren lekuko ezinago argi eta trixtea da. Hauen krimen bakarra: 2010az geroztik molde baketsuan hainbat herri mobilizazio antolatzea, izan arlo kulturalean edo politikoan. Berdin Carme Forcadellentzat. Parlamentuko lehendakari gisa akusatua da debate parlamentario bat antolatzeaz Kataluniaren independentzia prozesuari buruz. Zertarako balio du beraz parlamentu batetako lehendakari izaitea, parlamentuko diputatuen gehiengoak eskatu debate bat antolatzeko gai ez bada? Nun da beraz Espainian oinarrizkoa izan behar lukeen adierazpen askatasuna? Gauregun Katalandarrenen %80ak eskatzen du goraki geldi dadin konfliktu horren judiziarizazioa eta eskatzen du ere 25 urtez goitikako presondegiratzea arriskatzen duten hautetsi preso guzien behin behineko libertatea.
Gauregun Katalandarrenen %80ak eskatzen du goraki
geldi dadin konfliktu horren judiziarizazioa
eta eskatzen du ere 25 urtez goitikako presondegiratzea
arriskatzen duten hautetsi preso guzien
behin behineko libertatea.
Alta otsailaren 12az geroztik, 12 buruzagi independentista horiek Madrilen epaituak dira. Intsurrekzio bortitza, desobedientzia, errebeldetza eta diru malbertsazioaz akusatuak. Fundamentu izpirik gabeko akusazio larriak, egiazko motibazio politikoak estaltzeko. Denbora berean, beste hainbat buruzagi independentista exilioan baina libre dira Europako hainbat erresumetan. Justizia españolak hauen kontra atxilotze mandatu europarrak agindurik ere, Alemaniako, Suitzako, Belgikako eta Erresuma Batuko justizia gorteek estradizio eskaera horiek pikutarat bota dituzte. Iduriz, Espainian delitu dena, ez da hola kontsideratua Europako beste erresuma horietan.
Auzi politizatua
Nahi ala ez, independentista katalandar horien auzia azkarki politizatua izan da azken hilabete eta aste hauetan. Alabainan Madrilen iragaiten ari den auzian, prokuradorea eta estatuko abokatuaren alboan dago Vox eskuin muturreko alderdi arrazista eta homofoboa (Marine Le Penek zoriondutakoa Andaluziako hauteskundeak ta gero) akusazio popular gisa jarritakoa 75 urteko kartzela zigorra eskatuz 12 akusatuentzat. Dudarik ez da gisa hortako egiteko moldeekin, badagoela konfliktu politiko jakin baten enkistatze eta usteltze arrisku larria. Sokatira horren bi aldeak aterabide politiko iraunkor eta adostu bati bultzatzea izan behar litaike adibidez Frantziaren desafio bat. Europaren berpizte batekin joan litaikena, erresuma batzuk molde diskretoan beren sudur punta sartzeko arriskua hartzen balute bederen. Kataluniaren “arazoa” judizializatzeak ez du sekulan arazoa konponduko, alderantziz baizik. Betidanik Katalandarrek molde ezinago baketsuan adierazi dituzte beren eskakizun politiko demokratikoak, beti lehenetsiz, beren indar guziez, erabakitzeko eskubidea krisia hortarik ateratzeko molde duinean. Intolerentziari eskubideak eta adierazpen askatasuna. Adierazpen askatasun ukatzeari determinazioa eta bortizkeria eza. Nork onartu ahal lezake XXIgarren mendeko Europa huntan, buruzagi politiko baketsu batzuek 25 urtez goragoko presondegi zigorrak arriskatzea, soilik beren mandatu politikoak obratu izanagatik ? Europako hauteskunde biharamun huntan, nehork ezin du begirik hetsi gisa hortako injustizia baten aintzinean. Duela guti, 41 frantses senatarien “libertate eta oinarrizko eskubideen aldeko” deia, baita Okzitaniako Eskualde Kontseiluaren mozioa “Kataluniako preso politikoen askatzea” galdeginez, lehen urrats ez ttipiak dira alde onerat, demokraziaren alderat. Sekulan baino gehiago eta sobera berandu gabe, Kataluniak beharrezkoak dituelako Erabakia eta Aterabidea.