Nahia eta ustea

Nahia eta ustea –

Nahia eta ustea

Bikotekideak utzi zaitu, bukatu da, eta onartu ezazu behingoz. Dena bukatuko da noizbait, eta batzuetan uste edo nahi baino lehenago. Ustea eta nahia, baina, ez dira gauza bera. Errealitate gordina onartu nahi ez duenak baizik ez ditu nahasten. Lagunak izanen zaretela esan badizu, ez pentsatu zerbait gehiago izaten ahal zaretenik. Ez da hala.

Lagun izatetik urruti da PSN. Erregimena zen, eta erregimena da. Eskuina itzultzerik nahi ez duzun arren, sakonean ez duzu uste Iruñean alternatibarik badenik. Uste ustela da nahian oinarritutakoa. Utikan bovarismoak! Erregimenak 18 ditu; aldaketak 9.

Dena den, bihar, alkate berria izendatu ondotik, eta dolua igarotzen hasita, Sarasate Pasealekura joan zaitezke. Sartu han muntatu duten egurrezko kontainerrean. Ikusi lau urte hauetan guretik ezabatu dituzten ikur eta izen frankistak buruz behera. Aldaketak hauteskundeetan galdu du, baina arrastoa hor geratu da.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko ekainaren 14koa]

Nahia eta ustea – zu zeu – . . .

BARDO GORRI NAFARRA