[BIDEOA] Enkartelada baten kronika. Reus #KatU1
Enkartelada baten kronika –
Reus. Tarragona. Herrialde Katalanak. Hiri langilea, 100.000 biztanle, PDeCAT alkatetzan eta CUP bigarren indarra. Foko guztiak Bartzelonara begira dauden honetan, interesgarria da ere gisa honetako hirietan egosten dena hurbiletik ikustea. Enkarteladak antolatzen dira ia egunero, eta denak atzokoak bezalakoak badira, ez daukate aspertzeko tarte handirik.
Atzo, gaueko 21:00etan, pixkanaka jendea hurbiltzen hasi zen Joan Prim jeneralaren plazara. Militar espainiarzaleak bere estatuaren inguruan egunero sortzen dena ikusiko balu, zalditik eroriko litzateke seguraski. Agureak, nerabeak, emakume eta gizon helduak, gazteak… Giroa pil-pilean zegoen, eta Donostian bizitako une bat gogorarazi zidan: herri harresi mugagabea sortu aitzin, zenbait auzipetu etxera laguntzen zituztenean. 200 laguneko eskolta ez da egunero ikusten, eta hemen antzeko zerbait sentitzen da; herritarrak elkar babesten dira.
Komertziante batzuek ez dute koiuntura politikoak eskaintzen dien aukera galdu nahi, eta argazkian ikusi daitekeen bezala, edozer saltzeko prest daude: bai esteladak, eta bai piper potoak.
Erosketetarako orga batean azaldu zen espainiar poliziak hain gogotsu pertsekutatzen duen sedizio propaganda. Amen batean guztien artean banatu zituzten bitartekoak, eta errondari ekin, umoretsu eta alai, zenbait lelo oihukatuz: votarem, independencia, los catalanes hacen cosas…
Balkoietan banderola ugari ikusten dira: gehiengo absolutua katalanak dira, baina badago bandera espainiarren bat edo beste, bat oilasko eta guzti. Inguru hortatik pasatzean, arrautza batzuk bota zituzten balkoiren batetik, baina ez zen tortila handirik muntatu, enkarteladako blokeak berean jarraitu zuen gehiegi irabiatu gabe. Karteletako leloetan denetik zegoen: desobedientziarik gabe ez dago demokraziarik, independentzia, erreferendumean baiezkoa eskatzen zuten mezuak… Zeloa, kola eta eskobak jo eta su ziharduten.
Gaueko 10ak jo dute enkarteladak berean zirauen bitartean, eta bat-batean soinu banda aldatu zen: dozenaka herritar balkoi eta leihoetara atera ziren lapikoekin zarata ateratzera, eta kaleko herritarrek babes oihuekin erantzun zien bueltan. Gaur ere, gaueko 10etan, herritarrak balkoietara aterako dira zarata ateratzera, gauero legez. Sumatzen den giroa berezia da, zinez.
Bat-batean, blokearen amaieran, garrasiak entzun ziren, laguntza eske: hiru polizia nazionalek gazte bat atxiki zuten eta identifikatzeko eskatu. Fiskaltzari salaketa bat igorriko ziotela jakinarazi zioten gazteari. Zergatia? Kartelak jartzea.