Engainua, Orwellen begiradapean
Bi hilabetez etxe batean sartuta izan dituzte Turkiako bederatzi emakume. Eguneko 24 ordutan grabatzen zituzten, irudiak Internet bidez emititzeko. 16 eta 22 urte bitartean zituzten, ospe bila, Anaia Handia faltsuan parte hartu zuten emakumeak. Dirua erraz lortzea, telebistan agertzea, eta, izarren pare, platoz plato ibiltzeko aukera ikusi zuten ziurrenik, engainua besterik ez zen tokian.
Horrexegatik sinatu zuten ziurrenik etxea programa amaitu aurretik utziz gero 25.000 euroko isuna ordaindu behar zutela zioen kontratua. Kanpoko inorekin kontakturik ez izateko konpromisoa ere hartu zuten gazteek.
Orwellen nobelan bezalaxe, begiak zelatari. Ordenagailuan, Internet bidez aurrez eduki horiek ikusi ahal izateko ordaindu zuten begiak, hain zuzen ere. Egun eta gau. Jaten, lotan eta baita komunean egitekoak egiten ere… Distopia, zalantzarik gabe.
Utopia perbertsoa, zinez, Orwellek zientzia fikziozko liburuan irudikatu zuena. Baina, egia bilakatu dira 1949an, duela 60 urte, idatziriko premisa ugari. Alderdi Bakar batean oinarritutako gizartea aurkeztu zigun. Etorkizuneko ustezko Ingalaterra hartako alderdi bakar horren kontsignak Turkian jazotakoak ekarri dizkigu gogora. “Gerra bakea da, askatasuna esklabotza da, ezjakintasuna indarra da”. Lehena baztertuz, emakume horiek askatasunean harturiko erabakia esklabotza esperientzia izan dela ezin ukatu. Eta are gehiago esango genuke, gazteen ezjakintasuna fikziozko Anaia Handia sortzeko indarra izan da. Mugarik gabe zelatatzeko ahalmena.
Nesken familiako kideen salaketek eman diote amaiera esklabotza honi. Zorionez esperimentua ez zaie ongi atera. Eta halakoak nobeletan irakurtzen jarraitzea hobe, egunkarietan baino.