Emakume zapidunak
Emakume zapidunak –
Eskertzekoa izan da zenbait euskal emakume kulturgileren bideo laburra, kurdueraz eta euskaraz, Emakumea, bizitza, askatasuna aldarrikatzen. Anarteraino, Mahsa Amini irandarraren heriotzak ez zuen ageriko samin handirik piztu gure artean, elkarretaratze xume bat kenduta, Iruñeko Udaletxe plazan. 80 bat lagun, errefuxiatu iraniar andana bat tarteko, feminismoaren gotorlekuetariko bat omen den hiri buruzagian.
Jakina denez, Mahsa Amini beloa “gaizki janzteagatik” atxilotu zuen, Teheranen, Moralaren Poliziak irailaren 13an. Zenbait ordu geroago ospitalera eramana zutela gaztigatu zioten bere familiari. Hilotz zen bi egun geroago. Irango segurtasun indarrek 150 lagun baino gehiago hil dituzte haren heriotzak ekarritako protesten errepresioan.
Tira, euskaldunok hagitz solidarioak gara, baina Persia zaharretik kanpora ere hamaika dira beren emakumeak (eta gizonak) azpiratzen dituzten herriak. Zer arraio, Saudi Arabian edo Golkoko gainerako monarkia petrolio-ekoizleetan kontuak hain desberdinak ez izan arren, mendebalak ez die horregatik konturik eskatzen, iraultza islamikoaren aiatolei ez bezala.
Ezin uka, urrun dugu Iran. Ez hain urrun, ordea, burua estalirik eramaten dituzten emakumeak. Gure ondoan bizi dira, gehienetan gure auzo berberetan ez bada ere. Karrikan barna paseatzen ikusten ditugu, saltokietako erakusleihoei begira. Edo haur parkeetan, beren umeen zaindari. Edo ikastetxe eta institutuetan sartzen edo ateratzen, liburuz zamaturik.
Hijabak eztabaida pizten segitzen du Europako aurrerazaleen artean. Hainbatek bere egin du musulmanen ohiko azalpena, eta nortasunari eta identitateari lotua ikusten dute haren erabilera. Halakoek mendebaldeko betiko pentsamolde supremazista eta neokolonialari egozten dizkiote hura gaitzesteko edo are debekatzeko saioak. Bertze zenbaiten begietara, berriz, gizarte islamikoetan emakumeari ezartzen zaion menderakuntzaren ikurra baizik ez da hijaba. Ikusmolde horretakoa da, konparaziorako, Najat el Hachmi idazle eta militante katalana. Damurik, gure hizkuntzara ekarritako prosa feminista gero eta ugariagoak ez die oraindik tokirik egin jatorri marokoarreko sortzaile honen nobela eta saiakerei.
Gure eguneroko paisaia gero eta multietnikoagoaren atal bilakatu zaizkigu emazteki zapidunak. Ez edozein ordutan, ez edozein egoeratan, alabaina. Nik zapirik ez dut ikusten, ortzirale eta larunbateko gauetan, gure karrikak mukurutzen dituzten ikasleen buruetan, ezta biharamunean ere mendian, lasterka egiten edo bizikletaz dabiltzan gazte taldeetan.
Beharbada kasualitatea da.
Beharbada inori ez zaio axola.
ARGIArentzat egindako kolaborazioa
Egun on, Aingeru:
zorionez badugu Hajat el Hachmiren Azken patriarka, Jexux Mari Zalakain Garaikoetxeak espetxean euskaratu eta Txalapartak argitaratua. Ziur naiz gurean “uzki-zor” lotura mingarria popularizatu zuen idazleak jakin-minez eta harriduraz irakurriko duela.
Zorte on erretzaile damutuekin eta segi bizkor.
Barka, ez Hajat, baizik eta Najat
Artikulua Argiara bidali eta bi egun geroago izan nuen Jexuxmari Zalakainen itzulpenaren berri. Twitter bidez aitortu nien nire hutsegitea. Une hauetan motxilan daramat, nire hobenaren ordain. Mila esker, Marko. Ongi izan.
Gutxi barru lehenengo irakasle zapidunak ikusiko ditugu ikastetxe eta ikastoletan, ume eta gaztetxoei buruko ilea ezkutatu beharreko zerbait dela eta gizonezkoen aurrean lar txukuna eta kontu handiz agertu behar dela normalizatzeko, zilegia eta ona balitz bezala. Horrela haziko dira gaur bertan jaio diren umeak. Ikasgeletan gurutze bat ere ez, laizismoaren izenean, baina irakasle zapidunak bai, kulturartekotasunaren izenean.
Euskal Herrian oraindik ez zaigu bete-betean egokitu, baina Katalunian badirudi “aurreratuago” dabiltzala: esaterako, Nora Baños “hiyabi” ultrakontserbadorea ezkerreko alderdi baten zerrendetan joatea, besteak beste. Edozein erakundek aniztasun, tolerantzia eta kulturartekotasun itxura eman nahi duenean, aise topa dezake emakume zapidun bat, “islama feminista da” esateko gertu.
Oposizioa eta erresistentzia ere badago Katalunian: Najat el Hachmi bezalakoen boza.
Ea gure erakunde politikoak garaiz ohartzen diren: zapia janzten duten “feminista islamikoak” Anaigo Musulmanaren zaleak dira, dirua fundazio islamistetatik iristen zaie, ez zaie deus gehiago interesatzen beren erlijioa baizik eta ezin dira gure lagunak izan.
“Komunitate hori ordezkatu” eta “aniztasuna” islatu nahiez gero, bilatu jatorri musulmaneko gizon-emakume laikoak, familia pikutara bidaltzeko ausardia eduki duten emakume magrebarrak, beren herrietatik ihesi etorritako lagun laiko eta sozialistak…
Buruko zapi alu hori ez da erropa bakarrik, ez da “identitatea”, ezta “ohitura” hutsa ere; emakumeen zanpakuntza gordinaren marka da. Janztea ez da norberaren hautu librea, nahitaezko betekizuna baizik.