Murruak euskarari, ala euskararenak?

Murruak euskarari, ala euskararenak? –

Azken 60 urteotan gure artean egin den ahalegin handienetakoa euskara suspertze aldera egin dena izan da: ikastolak abian jartzea, helduen euskalduntzea, euskara gizartean normalizatzea… Eta gehiena boluntario lana, auzolana. Zerbait azpimarra badaiteke azken sei hamarkada hauetan, nire iritzian lehen lekuan horixe jarriko nuke. Badakit beste batzuek gehiago azpimarratuko lituzketela hemengo gatazka, errepide azpiegiturak, AHTa eta abarrak. Baina nik txapela herritar xumeek euskara sendotzeko egin duten ahaleginari emango nioke.

Murruak euskarari, ala euskararenak?
Arg: Garry Knight

Hala ere, tamalez, ez da nahikoa izan. Egia da, gaur egun inor ez dago euskararen kontra, frankismo garaiaz bestera, orain badirudi epelenak ere txalotu egiten dutela euskararen berpizkundea. Baina zerbaitek huts egiten du: urtea joan, urtea etorri, uzta ez da espero bezalakoa. Hogeita hamar urte joan dira Euskararen Normalizazio Legean oinarrituta eskola guztietan euskara sartu zela, baina, lorpenak lorpen, ezin ukatuko dugu helburuetatik oso urrun daudela: euskararen erabilpena gizartean oso urria da, ikasketak euskaraz egiten dituzten gazteengan hizkuntza akademiko soil bilakatu da, A eta B ereduak, ñabardurak ñabardura, euskara baztertzeko ate zirrikituak bilakatu dira… Gaur egun eredu horietatik lan mundura iritsi diren gehienak ez dira gauza bezeroak euskaraz artatzeko: supermerkatuetan, zerbitzuetan, edozein motatako harremanetan «no sé euskera» esango dizute.

Galera larria da, eta norbaitek erantzun beharko luke: ikastetxeetan hori guztia gertatzen zen bitartean pasatu diren hogeita hamar urteetan, ze hausnarketa egin dute arduradunek? Ze neurri hartu da? Antzeko zerbait gertatu izan balitz gazteleraren, matematikaren kasuan… isilik egongo al ziren orain arte isilik egon direnak?

Hausnarketa hau eragin dit urriaren 10ean Bizkaiko egunkari batean zetorren artikulutxo batek. Euskara Denontzat Plataforma delakoa abian jarri omen da, eta haren goiburua Por un euskera sin barreras. Ez zait kasualitatea iruditu albiste hori orain heltzea, Eusko Legebiltzarrean hezkuntza sisteman zenbait aldaketa ekarri nahi dituen legearen harira tirabira nabaria dagoen unean.

Oraindik gogoan dut duela urte batzuk ideologia nahiko homogeneoko zenbait irakaslek, politikok… euren argazkiarekin batera «euskararen aldeko» manifestu bat argitaratu zutela. Ohituta gaude keinu eta hitz hutsalak ikusten eta entzuten. Izan ere, zein dira une honetan bertan Eusko Legebiltzarraren lege berri hori, euskarak dituen gabezia eta ezinei benetako erantzun bat emateko gauza izan ordez, paper hutsean utzi nahi dutenak?

Por un euskera sin barreras. Behin eta berriro hausnartu ditut bost hitz horiek. Baina ez al dira tarte horretako jendeak behin eta berriz, han eta hemen diotenak «que el euskera no sea barrera»? Zenbait lan publikorako deialditan euskara eskatzen bada, berehala joango dira epaitegietara, eta lortuko dute euskara ezabatzea. Euskara urri den guneetan ez dute nahi egoerak aldaketarik izan dezan, ahaztuta garai batean euskaren lurrak izan zirela eta zilegi dela indarrez kendu zitzaiena berriro berreskuratzea.

Aipatu artikuluxka horretan, hain zuzen, plataformako bozeramaleak, Deustuko Unibertsitatean irakasle ere badenak, hamabi neurrietako bat aipatuz, honela dio: «La más destacada [medida] es la de flexibilizar los perfiles lingüísticos vigentes con la creación de categorías con competencias exclusivamente orales o de comprensión, y con el reconocimiento pleno de los niveles A1 y A2».

Euskara Denontzat Plataformak ezin ditu gauzak argiago esan: ezin zaio lan eske datorrenari asko eskatu. Erakunde publiko batean bezeroa artatzeko aski da egun on eta eskerrik asko esateko gauza izatea. «Que el euskera no sea barrera». Horien aurrean men eginez jarraitu behar dute gure erakunde publikoek, orain arte bezala?

Murruak euskarari, ala euskararenak? Murruak euskarari, ala euskararenak?

Irakaskuntzako langile ohia. Pentsionistak Martxan

2 pentsamendu “Murruak euskarari, ala euskararenak?”-ri buruz

  • Oso ondo ekarria, Argiñarena!

  • Benat Castorene 2022-11-02 18:19

    60 urteotan euskal populuak egin duen esfortzua miresgarria da. zuen aldean erakunde publikoek egin dutena ez da guti. Baina ez da nahikoa izan. Beraz normal da xerkatzea nun huts egin duten batak eta besteek.
    Populua ez da bat, euskaldunak ez dira bakarrik zuen lurraldeetan.
    Erraiten duzunean: “Euskara urri den guneetan ez dute nahi egoerak aldaketarik izan dezan, ahaztuta garai batean euskaren lurrak izan zirela eta zilegi dela indarrez kendu zitzaiena berriro berreskuratzea” problema handi bat seinalatzen duzu. Odriozolak errana izan du Iparralderako Euskara galdu den lurretan ez dagoela atzera bueltarik. Izigarri zaila bereburua zinez berreuskalduntzea, euskaraz pentsatzeraino, tipitik ikasi ez duen batentzat. Espontneoki eta errazki euskaraz mintzatzeko euskaraz pentsatu behar da. Pentsa zein zaila den populazio erdaldun oso batentzat.
    Bestetik ez dut uste erakunde publikoetako goi mailan herria berreuskalduntzea hil ala biziko helburua izan dutenik bestenaz jakingo zuten ataza horren zailtasuna edo ezintasuna batez ere autonomiaren estatutuaren limitazioa ikusita. Haren kreditora ez dakit horrela izan denik sekula, Adibidez Algerian, besteak beste, erabat aske izan arren ez naiz segur lortu duten arabiarra erabat inposatzea. Afrikako herri gehienetan berdin izango da, ez banaiz makur.
    Eredu baikorra Isralen izango da beharbada, hizkuntza gurea bezain zaila dute, egundoko lana egin behar izan dute hebreera behar den maila eremaiteko eta alfabetatu behar izan dituzte mundu guzitik etorritako populazioak.
    Ezdakit hitz hauek balioko duten baina entseiatzen naiz trakeski emaiten esplikazio baten hasiera baten hasiera Mikelen konstatazioeri.