Emakume afrikarrak aldaketa-agente gisa

Emakume afrikarrak aldaketa-agente gisa –

Emakumezkoen talentuaren aldeko apustua egitea osasun globala lortzeko: emakume afrikarrak aldaketa-agente gisa ikerketan

Ikerketaren eta arlo akademikoaren mihise zirraragarrian, genero-berdintasunaren pintzelkadek ez dute soilik justizia-koadro bat margotzen, ezagutzaren funtsa ere zizelkatzen dute horrekin batera. Maiatzaren 25ean izango den Afrikaren Mundu Eguna dela-eta, funtsezkoa da Afrikako emakumeek ikerketan duten ezinbesteko rola eta haien potentzialean inbertitzeak duen inpaktua zein den onartzea.

Afrikako emakumeak ikerketan aritu daitezen gaitzea ez da soilik kristalezko sabaiak apurtzea, horrekin batera hezkuntzarako sarbidea mugatzen duten, aurreiritzi instituzionalak betikotzen dituzten eta emakumeek egiten dituzten ekarpenak gutxiesten dituzten kultura-arauak iraunarazten dituzten oztopoak suntsitu behar dira. Imajinatu ditzagun entzun gabe geratzen diren ezagutzaren sinfoniak, aztertu gabe geratzen diren ulermenaren koloreak gure lan-indar intelektualaren erdia baztertuta geratzen denean.

Afrikako emakume ikertzaileetan inbertitzea ez da soilik balantza orekatzea, komunitate afrikarrei buruz dugun ulerkuntza estaltzen duten ezjakintasunaren amildegiak eta ikerketaren hutsuneak betetzea ere bada. Mendeetako jakinduriaren oihartzuna daramate haien ahotsek, ezagutzetan eta tokiko esperientzietan errotutako jakinduriarena, eta testu-liburuak beren kabuz soilik inoiz transmititu ezin izango lituzketen ikuspegiak eskaintzen dituzte.

Zoritxarrari aurre eginez, Afrikako emakume ikertzaile ugari agertu dira erresistentziaren eta erabakitasunaren argi bide-erakusle gisa, eta historiaren liburuetan betirako jasota geratu dira haien istorioak. Berrikuntza-laborategietatik gizarte-aldaketaren arloetara, etorriko diren belaunaldien inspirazio-iturri dira, eta pasioa dagoen tokian aukera mugagabeak daudela erakusten dute.

Haatik, Afrikako emakume ikertzaileen bidea ez da bakarrik egitekoa, baizik eta komunitate osoaren parte-hartzearen eta kolaborazioaren bidez egitekoa. Arlo akademikoaren eta tokiko komunitateen arteko zubiak egitean, aldaketarako zubibide bihurtzen da ikerketa, denbora askoan isildutako ahotsak anplifikatuz eta jendearen premia larriei erantzunez.

Dena den, Afrikako emakume ikertzaileek aurrera egin dezaten, estimulu bat baino zerbait gehiago behar dute, babes-egitura bat behar dute: ikerketa-azpiegituretan egin beharreko inbertsioa, finantzaketa, tutoretza, eta beren talentua lantzeko eta etorkizuneko aurkikuntzetarako bidea berdintzeko harremanak ezartzeko aukerak.

Komunitate ikertzailearen lidertzaren kapak bere azpian hartzen duen aniztasuna ere islatu behar du. Afrikako emakumeek lidertza-postuetan ordezkaritza handiagoa izatea ez da solik estereotipoak desagerraraztea, baizik eta ikuspegi guztien ahalmena aprobetxatzea berrikuntza bultzatzeko, inklusioa sustatzeko eta guztien premiei erantzungo dieten ikerketa-programak lantzeko.

Afrikako emakume ikertzaileen lorpenak eta arrakastak ospatzen ditugun bitartean, izen handiko ikertzaileak –hala nola Mwele Ntuli Malecela, Quarraisha Abdool Karim, Wangari Muta Maathai edo Wendy Okolo– direla edo hain ezagunak ez diren beste hainbat direla ere, ez gaitezen haien merezimenduak txalotzera mugatu eta onartu dezagun halaber haien ekarpenek izandako domino-efektua. Aurkikuntza bakoitza, aurrerapauso bakoitza, ezagutzaren aurrerabidearekin, gizarte-aldaketa bultzatzearekin eta pertsonen bizitza hobetzearekin duten konpromiso apurtezinaren lekukotza da, ez bakarrik Afrikan, baizik eta mundu osoan.

Afrikako atsotitz batek dioenez, «Gizon bat hezten duzunean, gizabanako bat hezten duzu, baina emakume bat hezten duzunean, nazio bat hezten duzu». Erantzun diezaiogun, beraz, Afrikako emakumeak ikerketan indartzeko deialdiari, ezen hori egitean komunitate osoak, nazioak eta mundua oro har indartzen baititugu.

Gloria Dada doktorea

Zariako (Nigeria) Ahmadu Bello Unibertsitateko Biokimikako irakasle elkartua eta Anesvad Fundazioko “Becas para Todas” programaren onuraduna

Emakume afrikarrak aldaketa-agente gisa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude