Els carrers seran sempre nostres

Els carrers seran sempre nostres –

Els carrers seran sempre nostresKatalanen urteetako lelo nagusietakoa. Orain arte hori hala izan dela ez dago dudatan jartzerik, eta urte luzeetan, erregimen guztiz autoritario batean izanik ere, kalea haiena izan dela ezin ukatu. Badute zer ospatu katalanek, badute zertaz harrotu. Etorkizunaz hitz egiteak, beste aldetik, sempre, beti dakar berarekin huts egiteko aukera, baina oraingora iritsi diren bezala iritsi badira ez da ikusten, ortzi-mugan, kalea galtzeko aukera handirik: larrua egina dute, badakite zer den egoera gogorretan kalea zaintzea.

Baina ze ote da kalea katalanentzat? Ze ote hain sutsu, alai eta irmo beren-beren aldarrikatzen duten ditxosozko carrers horiek? Kalea al da?

Itzultzaileak daki itzulpena egitea zein langintza zaila eta arriskutsua den, tradutore traditore, ez alperrik.

Nik esan behar banu esango nuke oso urruti dagoela, testuinguru horretan, gure kalea haien carreretik; haien carrer horrek zer ikusia handiagoa du, eguneroko norberaren bizimodu arruntarekin, kalera joaten direnean mandatu pare bat egitera eta dendariarekiko hitz adeitsu, atsegin eta guztiz errespetuzko batzuen ondoren buelta, edo beheko tabernan goizeko kafea hartzeko moduarekin, auzokidearekin topaketa egiteko moduarekin, lankideak agurtzeko, etxean egoteko edo lagunekin elkartzeko moduarekin (hau ere, askotan etxean). Kultura deitu beharko geniokeen hori. Tokian tokikoa guztiz eta herri bat herri egiten duena. Esango nuke, gure harrigarri, haien kaleak zer ikusi handia daukala etxearekin, liburu bat irakurtzearekin, unibertsitatearekin, antzerkira joatearekin edo kosta aldean paseoa egitearekin. Beste aldetik nostres, gureak, esaten dutenean, -bertako ekitaldietan ibili denak badaki- gu horretan denok sartzen dira inor kanpoan utzi gabe. Urruti hortaz, gure imajinarioan kalea entzun eta agertzen den tabernaz josiriko kale zulo horretatik: kuadrillan korrituko duguna, askotan muturrak bustitzeko erabiltzen duguna eta noiz edo noiz aldarrikapen bat egiteko,eta gutarkeria ondo sendotze aldera, gure parrokiakoen konpainia ezinbestekoan.

Niri behintzat ez litzaidake errez egingo, traiziorik egin gabe eta mezuari koskarik kendu gabe, lelo hori, honako, euskaraz ematea, eta galderak fortunatzen zaizkit:

Kalea lotuko al genuke guk inoiz, liburu bat irakurtzearekin, lagunekin etxean elkartzearekin, antzerkira joatearekin edo unibertsitatearekin? Kalea noizbait izan al da gurea? Gurea esaten dugunean denona esaten ari al gara edo gure sokakoena soilik?

Nik esan behar banu, esango nuke, 78. urtearen bueltan, 80ko hasiera hartan, aparteko aukera izan genuela -guk, denok- kalea gure egiteko eta kareletik bota genuela kalea:

Aukera aparta martxan ziren euskalduntze alfabetatze sareak sendotzeko eta erabateko lehentasuna emateko, martxan ziren ikastola sareak gotortzeko eta gure-gure egiteko, sindikalismoari erabateko protagonismoa emateko, abiatu berri ziren gazte mugimenduak, irratiak, mugimendu antimilitarista, gaztetxe sareak… UEU bezalako erakunde ezinbestekoari erabateko zentralitatea emateko unibertsitate mundu horretan, oso gerora etorri zen Euskaldunon Egunkaria orduan bertan abiatzeko ahalegin serioa, esparru publikoan zein pribatuan euskarak behar zuen hegemonia blindatzea…

Esango nuke Espainiako sistema sortzetik ustel horretan papur xixitrinak biltzearren batzuek eta abangoardia izan nahi itsuak hartuta besteek, potentzialitate hori guztia, lehen esan dugu, kareletik bota zutela, apaltzen eta pattaltzen zihoan herri baten baimenarekin, ondorioz kalea galdu. Eguneroko bizimodu arrunteko gauza txiki horiek, egiteko modu natural horiek galtzen joan ginen, zertarako eta ghettoak eratzeko eta bertan geure burua babesteko, gutarren eta besteen arteko bereizkerian oinarritutako akulturazio prozesu bati bide emateko. Ahaztu egin zitzaigun kultura eguneroko gauza ttiki horiek osatzen dutena dela, lehenik eta behin, eta hortik eratortzen direla ondoren gauza handiagoak: herri baten alfabetatze erabatekoa, unibertsitatea, literatura, hezkuntza sistema…eta hortik ateratako benetako erakundeak, ez egun dauzkagunak. Ernaltze punttuan geneukan hazia zapal-zapal egin genuen guztia elite eta abangoardia batzuen esku utzita. Horixe ekarri zigun demokrazia deitu genion esperpento horrek. Emaitzak hortxe dira: Nostres, gurea, gu, zer garen ere ez dakigun espainierazko ozeano erraldoian itoan gabiltzan naufrago galduok gara. Katalanek, berriz, zoragarri gotortuta zeuzkaten zutarriak egiten ari direna egiteko: herria da; gurean Madrileko papurtxo gehiago edo gutxiago jasotzeko negoziatzen segitzen dugun bitartean herriaren desintegrazioa gero eta nabariagoa da.Altzairua eta erremintak salduz xox batzuk irabaztearen truke herria urtu.

Toki ederrean orain ezker abertzalea eskatzen ari den Kataluniarekin sinkronizatzea!

Bien arteko aldea hemen oraindik egin ez den urte askotako lan batekoa da, ez minutu batzuetakoa. Niri errespetu falta erraldoia iruditu zait orain horrelakoak botatzea.

Katalanek ez daukate ghettorik eta gu esaten dutenean denok sartzen dira: Katalunian gureak, denona esan nahi du. Katalanek etxean geldituta ere, -edo agian horregatik- kalea daukate, carrer, urteetan landuta. Guk nahiko lan daukagu orain berrogei urte, elite eta abangoardia batzuen esku utzitako kalea -noizbait gurea izan bazen, bederen- berreskuratzen.

Berreskuratze hori, etortzekotan, elite politikoetatik ez baina herri-herritik etorriko da, gurean entenitu ere egiten ez den behetik gorako norabidean.

.

Azaleko argazkia: A. Bilbao (Zuzeu)
Els carrers seran sempre nostres Els carrers seran sempre nostres Els carrers seran sempre nostres Els carrers seran sempre nostres