[Zine kritika] Mudar la piel

Mudar la piel –

Zuzendaria: Ana Schulz, Cristóbal Fernández

Urtea: 2018

Herrialdea: Euskal Herria

Mudar la pielJuan, Fraukeren senarra da, Anaren aita, euskal gatazka politikoaren inguruko bitartekaritzan eskarmentu sakon eta luzea duena. Roberto, Juanen laguna da. Hor hasten da istorioa, eta honekin batera zinta osoan zehar lagunduko gaituzten elipsiak, gakoak, eta galderak.

Historia kontzeptu konplexua delako oso, totemikoa, azalpen egituratu eta kuestiona ezina nolabait. Beti izango dira korronte hau ala bestea defendatzen dutenak, muturrak, polarrak, ertzak, eta bitartean masa, erdian, diskurtsoaren gorputza osatzen.

Mudar la piel ordea ez da parámetro hauetan mugituko, historia, istorioek osatzen dutelako, istorio txikiek, soilek, errepika ezinek. Bertan murgiltzen bagara historia beste bat da, ardatzak ez dute norantza argirik, ez dago argudio edo tesi kanonikorik jarraitzerik.

Juan eta Roberto lagunak dira, lankideak proiektu batean, helburu batean, eta harreman estua sortuko dute oinarri horiei atxikita, arkitektura berezia josiko da bi pertsonaien artean, berezia eta pribatua, norberak bere buruarekin mantentzen dituen bakarrizketak bezain pribatua, preziatua.

Neure buruari galdetzen diot, aurrean ditudan pertsona guztiei begira ari naizela, zer gertatzen ari da orain? Zer da erreala, zer fikzio? Noiz hasten da nik osatutako diskurtsoa eta noiz bestearengandik jasotakoa? Horrelakoa delako errealitatea, istorioak eta historia, apetatsua, hutsunez beterikoa, ausazkoa.

Mudar la pielek kontzeptu desberdinak plazaratuko ditu, har ditzagun, egin dezagun berauekin ahal duguna, epairik gabe. Laguntasuna, konfidantza, epai-eza, hausnarketa, garai historiko hurbil baten indusketa proposatzen digu. Bertan osatzen zailak izango diren ñabardurak aurkituko ditugu, salbatu beharreko jauzi, arte eta ezjakintasunez betea..

Mudar la piel bestearen begien bitartez norbera ezagutzeko bide bezala proposatzen zaigu. Ezezagun zaigun gako bakoitzaren aurrean hutsunea modu leial eta zintzoenean bete dezagun.

Maisuki zuzendutako zinta dugu beraz azal berritze hau, ezin asmatuagoa, etxe xume baten erraietan murgilduko garelako, familia baten muinean, eta bertan Roberto aurkituko dugulako, argilunetan errari, ezin argitu, ezin biluztu, kontraesanez beterikoa bera.

Mudar la piel gure historia hurbilean arakatuko du, hari txiki batetik tira eginez, zuzendariek modu ezin hobean egituratuko dutelako zintan azaltzen zaiguna. Jolas eta geruzen metaketa topatuko dugu bertan, matrioskaren pareko ariketa, etxeko egongelan, apalean, mundua barruan gordetzen duen egurrezko panpintxoa, guri so.

Zuzendariek matrioska irekitzea proposatuko digute, etxean jazotakoak gordetzen dituen kaxatxoa, panpintxoa, lekukoa. Geruza bat, eta beste bat, eta beste bat. Eta galderak, eta zalantzak, eta ezin asmatuak, eta beste geruza bat.

Errespetua dario zintari, umiltasuna, eta zintzotasuna. Maitasun eta kontuarekin egindakoa dela agerikoa da. Anak, zuzendari eta gidoilariak, familiarekiko duen maitasunak pantaila zeharkatzeko lan askorik ez duelako behar, aita-amarengandik ondo ikasia duelako nonbait, ulertzen ez ditugun gauza asko egon badirela, baina azken finean garrantzitsuena norberak bere burua ezagutzea dela, ondoan duena onartu eta errespetatu nahi badu.

Benetan interesgarria hortaz zintak aurkezten digun azal aldaketa, metamorfosi kontzeptuala, oraindik sendatu ez zaizkigun zauriez jabetzeko errezeta.

.

Mudar la piel Mudar la piel Mudar la piel
66SSIFF, Ana Schulz, Cristobal Fernandez, dokumentala, kritika, Mudar la Piel, zinema, Zinemaldia, Zinemaldia66

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude