Ekainerarte, maitea…
Ekainerarte, maitea… –
Iritsi da eguna. Zure eguna, maitea. Urte osoan zehar prestatu duzun bidaiaren eguna iritsi da. Estatu batuetara zoaz urte oso batez eta nik hemen, ezin ukatuz sekulako hotsikarak sartzen zaizkidala ekainerarte ez zaitudala ikusiko pentsatzen dudan bakoitzean. Triste samar, goibel, hunkituta… malkoak geldi ezinik… Baina, horrelakoa da bizitza ez? Azken finean, ez nuen pentsatuko betiko nire logelan biziko zinela ezta?
Jadanik 15 urte dituzu ahizpatxo eta inoiz ezagutuko dudan neskarik ausartena zara. Horregatik, lasai nago, badakit EB-ek ez zautela txikituko, guztiz kontrakoa baizik. Esperientzia ikaragarria biziko duzu kultura, jende eta kontinente ezberdin batean. Itzelezko ingeles batekin etorriko zara bueltan eta… egoerak buelta egingo du ere? Ahizpa txikiak nagusiari egingo dizkio ingeles idazkiak?
Oso harro nago zutaz. Seguru nago hilabete batean zure institutuko klaseko kide guztiek Itoizen lau teilatu abestia mila bostehun aldiz entzun dutela jada. Aitak ondo hezi gintuen horretan, edonon zaudela ez ahaztu nor zaren ezta nondik zatozen.
Horrela da, udak horrelako egoerak dakartza. Egun luzeak, maitasun laburrak, gau bukaezinak… Eta nik zure agur hunkigarriarekin bukatzen dut nire hamazazpigarren uda paregabe hau.
Juneren ahizpa EHtik aterako da, baina EH ez da Juneren ahizpatik aterako. Espero dut beti bere bihotzean izan dadin.
Ondo segi neskok!