Ehunka bikote homosexual ezkondu dira New Yorken
Ehunka bikote homosexual ezkondu dira New Yorken
Ehunka bikote homosexualek “I do” (nahi dut) esan zuten harro eta ozen igandean New Yorken, egun horretan, uztailaren 24an, sartu baitzen indarrean sexu bereko ezkontzak baimentzen dituen legea. New Yorkeko estatua AEBetako seigarrena izan da homosexualen arteko ezkontzak legeztatzen, Massachusetts, New Hampshire, Vermont, Connecticut eta Iowarik batera.
New Yorkeko erregistro zibilak igandean, uztailak 24, irekiko zirela jakin zenean, udaletxeak 2.661 eskakizun jaso zituen internet bidez, baina ezkontza horiek guztiak ospatzea ezinezkoa zenez, zozketa publiko bat antolatu zuten egun horretan ezkonduko zituzten bikoteak aukeratzeko. 823 izan ziren zorioneko bikoteak –homosexualak eta heterosexualak–.
Estatuko Kongresuan gogor borrokatu behar izan dute sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimentzen zituen legea onartu arte. Horrez gain, giza eskubideen eta askatasun zibilen defentsa egiten duten erakundeek babes kanpaina zabal eta garestia egin behar izan dute.
Kontrako ahotsak eta demandak
Baina homosexualen arteko ezkontzen aurkako ahotsak ere entzun ziren igandean. Rubén Díaz senatari eta artzainak protesta bat antolatu zuen Andrew Cuomo, New Yorkeko estatuko gobernadorearen bulegoaren aurrean. Díazen arabera, legea errealitate bat den arren, horren kontrako ahotsak ez dira isilduko, herritarrei botoaren bidez beren iritzia eskatzea eskatzen baitute, Kaliforniak 2008an egin zuen bezala.
Egun bat geroago, New Yorkers for Constitutional Freedoms taldeko Jason McGuire eta Duane Motley artzainek eta Nathaniel Leiter errabinoak konderriko Auzitegi Gorenean demanda bat aurkeztu dute estatuko Senatuaren aurka, legea indargabetzeko. Haien iritziz, legeak akatsak ditu izapide parlamentarioa baimendu zuen prozesuan. Adibidez, Senatuko ohiko bozketa prozedurak kentzeak, aurka zeuden zenbait senatariri hitz egitea galarazi ziela salatu dute.
Díazek adierazi duenez, “egun horretan, arau-hauste ugari izan ziren. Niri ez zidaten hitz egiten utzi gobernadoreak legea 23:00ak baino lehen onar zedin nahi baitzuen, albistegietan atera zedin”.