Diskurtsoek ez dituzte bizitzak salbatzen, baliabideek bai

Diskurtsoek ez dituzte bizitzak salbatzen, baliabideek bai –

Osasunaren Mundu Eguna izan dela eta (apirilaren 7an), Munduko Medikuak elkarteak premiazko hobekuntzak eskatzen ditu lehen mailako arretarako, herritarren osasun-premia gehienei erantzuten baitie.

Diskurtsoek ez dituzte bizitzak salbatzen, baliabideek baiLehen mailako arreta da osasun-sistemara sartzeko atea eta gure ongizatearen berme nagusia. Pertsona batek bere bizitzan zehar dituen osasun-beharren % 80 eta % 90 bitartean artatzen dira bertan, hurbileko maila horretan. Baina diskurtso politiko eta instituzionaletan beti agertzen bada ere, errealitateak erakusten digu asko dagoela egiteko, bai Espainian, bai beste herrialde batzuetan.

Adierazpenen eta benetan egindakoen arteko kontraste hori erakutsi du gaur Munduko Medikuak GKEak ekitaldi publiko batean. Ekitaldi horretan, lehen mailako osasunaren garrantziari buruzko kartel instituzional tipikoa aldatu egin du artista grafitigile batek, inoiz betetzen ez diren promesen atzean errealitatea zein den erakusteko.

“Espainian, lehen mailako arretara bideratutako aurrekontua %15etik behera geratu da guztizko osasun-gastuari dagokionez, eta urteko hazkundea ospitaleena baino txikiagoa izan da oparotasun ekonomiko handieneko urteetan“, gogorarazi du Nieves Turienzo Espainiako Munduko Medikuen presidenteak, Madrilgo osasun-zentro batean. Nieves Turienzo bera ere familia-medikua da. Koronabirusaren boladek zulo beltz bat utzi dute agerian lehen mailako arretan; izan ere, hamarkada bat baino gehiagoz murrizketak jasan dituen sektore horren gabeziak areagotu egin dira. “Frogatuta dago kalitatezko lehen mailako arretak pertsonen bizitza luzatzen duela. Orain agintariek bertan inbertitzeko beharrik ikusten ez badute, noiz?”, esan du Turienzok.

.

Profesionalak inoiz baino txarrago

Mundu osoko lehen mailako arretako profesionalek ahalegin handiagoak egin dituzte covid-19aren kasuak eta haien kontaktuak detektatzeko eta kontrolatzeko, ohiko pazienteak bisitatzeko, pandemiak atzean utzi dituenak berreskuratzeko, etxez etxeko kontsultak egiteko eta txertaketa beren gain hartzeko, besteak beste, guztia pandemiaren aurreko baliabide ia berberekin. Beren indarren mugan aritu dira, eta osasun-sistemen beste populazio ahul bat bihurtu dira.

Kalkuluen arabera, lehen mailako arretako zerbitzuak emateko 18 milioi osasun-profesionalen defizita dago mundu osoan. Biztanle bakoitzeko medikuen kopuruak gora egin du ia herrialde guztietan, baina familia-medikuen proportzioak behera egin du herrialde gehienetan. Europar Batasunean, 5 medikutik 1 baino ez zen jeneralista 2018an.

Planetako 7.300 milioi biztanleen erdiek, gutxienez, ez dute erabateko estaldurarik oinarrizko osasun-zerbitzuetan. Inolako aldaketarik ezin da egin baliabiderik gabe. Dirurik gabe ezin dira kontratatu arretarako beharrezkoak diren langileak. Horregatik diogu Osasunaren Mundu Egun honetan diskurtsoek ez dutela bizitzarik salbatzen, baina baliabideek bai.

.

Lehen mailako arreta, giltzarria gaixotasunen eta genero-indarkeriaren prebentzioan

Lehen mailako arreta da, halaber, gaixotasun kronikoen jarraipena egiten duena; izan ere, 15 urtetik gorako biztanleen ia herenak eta 65 urtetik gorakoen bi herenak pairatzen dituzte gaixotasun kronikoak. Hala ere, EBko herrialdeetan, gaixotasun kronikoren bat duten pazienteen % 26k ez zuten izan gomendatutako prebentzio-probarik azken hamabi hilabeteetan.

Gainera, Espainian, lehen mailako arreta da genero-indarkeria desberdinak detektatzeko bide nagusia, hala nola, bikotekidearekin edo bikotekide ohiarekin gertatzen dena, edo emakumeen genitalen mutilazioa, pediatria- eta ginekologia-zerbitzuei esker. Hau da, lehen mailako arreta zenbat eta okerragoa izan, orduan eta emakumeen aurkako indarkeria-kasu gehiago detektatu gabe.

Beste herrialde batzuetan, oinarrizko osasun-arreta funtsezkoa da amen, jaioberrien eta haurren heriotza-tasa murrizteko. Urtero 6 milioi haur inguru hiltzen dira bizitzako lehen bost urteetan, gehienak prebenitu daitezkeen arrazoiengatik, eta 150 milioi baino gehiagok atzerapena izaten dute hazkundean. Datu horiek azkar hobetuko lirateke munduko biztanleriaren erdiak osasun-zerbitzu funtsezko horiek, gur egun ez dituenak, eskuratu ahal izango balitu. Hala ere, osasun arloko garapenerako laguntza ofizialaren beherakadak ez dirudi hobera egingo duenik, helburu hori lortzeko funtsezkoa den arren. 2019an 22.850 milioi dolarrekoa izan zen, aurreko urtean baino % 6,5 txikiagoa. Eta Espainia nazioarteko emaileen azken postuetan dago, 63,6 milioi eurorekin, eskuragarri dauden azken datuen arabera.

.

.

Munduko Medikuak erakundeak, Osasunaren Mundu Egunean, lehen mailako arretaren balioa defendatzen du, bertan behera uztearen eta finantziazio eskasaren aurrean, Espainian zein mundu osoko herrialdeetan esku hartzen duten gure taldeen ikuspegitik, #laPrimariaesLoPrimero leloarekin.

Zehazki, gure Osasun Sistema Nazionalerako, honako hau eskatzen dugu:

  • Lehen mailako arretara bideratutako aurrekontua arian-arian handitzea, osasun-gastu publikoaren % 25era iritsi arte, gehienez ere 4 urteko epean.
  • Medikuntzako eta erizaintzako langileak gehitzea. Gutxienez familia-mediku bat eta erizaintzako profesional bat gehiago eskatzen ditugu 10.000 biztanleko, datozen 2 urteetan.
  • Osasun Ministerioak 2019an onartutako Lehen Mailako eta Komunitateko Arretarako Esparru Estrategikoa abian jartzea.
  • Azpiegitura eta ekipamendu egokiak bermatzea, epidemiarik izanez gero, zentroek behar besteko espazio fisikoak izan ditzaten bi zirkuitu bereizteko, kontsulta-lekuak nahastu ez daitezen.
  • Etxeko arreta, sustapena eta prebentzioa sustatzea, sistemaren kolapso-arriskuak minimizatzeko, betiere profesionalek erabateko segurtasunez lan egiten dutela bermatuz.
  • Lehen mailako arretan berrikuntza eta informazioaren teknologien erabilera sustatzea, beste laguntza-eremu batzuekiko eta biztanleekiko komunikazioa bideratzeko eta euskarri mugikorren edo laguntzaile digitalen garapena errazteko.
  • Lehen mailako arretaren eta osasun publikoaren arteko koordinazioa bermatzea, lehen mailako arreta baita informazio epidemiologikoaren iturri nagusia.
  • Osasun- eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioa sustatzea, lehen mailako arreta egoitza-zentroekin –adinekoenak zein desgaituenak– konektatuz, ahulenak direnei arreta hobea eta bizi-kalitate hobea bermatzearren.

.

Diskurtsoek ez dituzte bizitzak salbatzen, baliabideek bai