Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak

Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak –

II. Mundu Gerra amaitu ostean, Afrika eta Asia aldeko herrialdeen deskolonizazio prozesua abiatu zen. Izan ere, herrialde horietako soldaduek parte hartu zuten Alemania eta beronen aliatu faxistak garaitzen eta “esker on gisa”, menpeko herrialde horiei “askatasuna” onetsi behar zitzaien. Halere, gutxitan aitortzen da ohiko sistema koloniala garestiegia bilakatzen ari zitzaiela estatu menperatzaileei eta esplotazio formula berriak asmatu behar zituztela.

Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak
OMEko langile batzuk Kongon ebolaren aurkako misioan. Argazkia: OME

Deskolonizazio prozesu horretan hainbat lider azaldu ziren, zeintzuek beraien herrialdeetako askatasun integralaren alde borrokatu baitzuten; askatasun horrek sozialismoa eta beraien natura baliabideen jabetza ere aurreikusten zituen. Errebindikazio hori zela eta, herrialde askotako liderrak Txinarekin edo Sobietar Batasunarekin lerratu ziren. Lider ezkertiar horien artean aipagarriak dira Lumumba Kongo belgikarrean –Mendebalarentzat arriskutsua zelako erail zutena–, Nkrumah Ghanan edo Nyerere Tanzanian.

Mendebaleko metropoliek, Britainia Handiak zein Frantziako Estatuak, beraien kolonia ohiak mendean gordetze aldera, dirulaguntza ugari ematen zizkieten, batik bat armak inportatzeko edo jaioterriko elitea erosteko. Haatik, “dirulaguntza” horiek ez zuten garapen helbururik bete.

Beste urrats bat eman zen Washingtongo Kontsentsua onetsi zenean 1980ko hamarkadan. Politika neoliberala indartzeko helburua zeukan akordio horrek, eta herrialde orori hau eskatzen zitzaion, nazioarteko diru publikoa jaso nahi bazuen: aurrekontu publikoak orekatuta izan behar zituela, enpresa publikoak (meategiak, besteak beste) pribatizatuta, eta abar. Garai hartako The Economist bezalako aldizkari neoliberalak aitortzen zigun eskakizun horiek betez gero, herrialde atzeratuak edo garapen bidean zeudenak betirako irtengo zirela azpigarapenetik.

Gutxitan aitortzen da ohiko sistema koloniala garestiegia bilakatzen ari zitzaiela estatu menperatzaileei eta esplotazio formula berriak asmatu behar zituztela

Jasan duten mespretxua dela eta aspertuta, batik bat afrikarrak, babes bila dabiltza Txinan ez bada Errusian, nahiz horiek ere interesak izan.

Garapen ezaren ondorioz, indarra hartu zuten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE). 1980ko hamarkadan hasi ziren eratzen eta hurrengo hamarkadetan egonkortu eta protagonismo esanguratsua hartu zuten.

GGKEen bilakaeran bi arazo aipatuko ditut. Lehena, herrialde hartzailean erakunde bikia sortu behar dela garapen proiektua gauzatzeko; kasu askotan erakunde bikiko langileek bertako ministroek baino soldata garaiagoak dituzte, eta ondorioz, lanpostuak erdiesteko gatazkak egoten dira. Bigarren arazoa GGKEen egituretan sortzen da; izan ere, erakunde horietako agintariek, askotan, enpresa multinazionaletakoen praktikak kopiatzen dituzte: soldata oparoak, luxuzko lan-bidaiak, edo eratu dituzten diru funtsekin inbertsio espekulatiboak egitea.

Ikusita zer nolako emaitza kaskarrak lortu dituzten herrialde txiro horien garapen ekonomikoan eta sozialean, hainbat GKE sortu dira hasi direnak dirua banatzen norbanakoen artean, inbertsio proiektuetan egikaritu ordez. Politika berri horretan aitzindari dira Silicon Valleyko enpresa erraldoien GKEak. Dirutzak inbertsioetara zuzendu ordez, pertsona behartsuen poltsikoetara, kontsumora, bideratzen dira, eta bake soziala egonkortu.

Etorkizunari begira, garapen ekonomiko eta soziala bideratzeko indar endogenoak sortu behar dituzte, batik bat kooperatibak. Eginkizun horretan, aipagarria da Euskal Fondoak daraman bidea, 120 udalek finantzatua. Hainbat udalerritan proiektuak burutzen ari da, izan eskolak, bideak edo bertako ekoizpenak, baita formakuntza kooperatiboa, solidarioa eta teknikoa ere.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak

Krutwigen Lagunak ekimena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude