Ursula K. Le Guin-en Desjabetuak eta Iraultzaren bezpera, laster euskaraz
Ursula K. Le Guin-en Desjabetuak eta Iraultzaren bezpera, laster euskaraz –
Kaixomaitia.eus | Nagore Vega
Aste honetan, urtarrilaren 22an, hil da Ursula Kroeber Le Guin. Zein zen galdetuz gero, esaldi bateanlaburbil daiteke: zientzia fikzioa eta fantasia aldatu zituen idazle feminista.
1929ko urriaren 21ean jaio zen Berkeley-n (Kalifornia, AEB). Unibertsitate ikasketak bukatu eta Frantziara joan zen beka batekin. Han ezagutu zuen bere senarra izango zen Charles Le Guin, eta AEBetara itzuli ziren elkarrekin. Ordurako idazlea zen, baina 1966. urtean argitaratu zuen lehen eleberria: Rocannonen mundua.
Gero etorri ziren besteak: 20 eleberritik gora, poemak, 100 kontakizun baino gehiago, zazpi entsegu liburuki, haur literaturako 13 liburu eta itzulpenak (Gabriela Mistralen liburu bat tartean).
Bere karrerako liburu gorentzat dituzte adituek Iluntasunaren ezker eskua eta Desjabetuak. Artikulu hau baliatu nahi dut, idazlea gogoratzeko ez ezik, berri bat emateko: laster euskaraz izango dugu azken hori. Talaios Kooperatibak liburuaren eskubideak eskuratu ditu eta ni ari naiz itzulpena egiten. Iraultzaren bezpera ipuina ere itzuliko dugu. Euskaraz ere gozatu ahal izango dugu, beraz, Le Guinen uztaz.
.
Desjabetuak
1974. urtean idatzitako liburua da, zientzia fikziozko onenetakoa. 44 urte beranduago, bertako gaiak pil-pilean daude, eta batzuek, oraindik, harritu egiten gaituzte.
Gorka Juliok egin zuen laburpen txiki bat 2015eko martxoko artikulu honetan: Ursula K. Le Guin-ek ansible delakoa asmatu zuen. Eleberrian, anarkismoa eta iraultza soziala, kapitalismoa, kolektibismoa, indibidualismoa aztertzen ditu. Aldi berean, hizkuntzak pentsamendua egituratzeko duen gaitasunaz ere hausnartzen da. Ansiblearen bidez, mezuak argiaren abiadura baino azkarrago transmiti daitezke, galaxia arteko komunikazioak posible eginez. Oso urrun gaude asmakizun horrek proposatzen duena lortzeko, baina horren ondorioz zientzia-fikzioaren literaturan behin baino gehiagotan erabili izan da asmakizuna.
Las Indias-eko kideek ere ondo azaldu zituzten liburuaren nondik norakoak 2015eko apirilaren 24an idatzitako iruzkin honetan. Aipu batzuk ekarriko ditut hona, zuen irakurtzeko gogoa pizteko asmoz.
Adibidez, berriro zentralizaziora jotzearen arriskuak aipatzen ditu liburuak, edota gizarte hobe bat urritzearen gainean eraikitzeko ezintasuna.
Shevek da protagonista, Anarres-en bizi den fisikaria. Ilargi anarkista atzean uzten du, eta irakasle gisa joaten da Urras bloke kapitalistako unibertsitate entzutetsuenera. Bertan, iritsi bezain laster, eguneroko kulturarekin talka egiten du, unibertsitatearekin eta ikasleekin. Eta noski, kultura kapitalistarekin: matxismoa, klasismoa, tratu ezberdinak, hierarkiak…
Hala ere, Shevek-ek sorpresa ere hartzen du: irakasle baten etxera gonbidatzen dute afaltzera, azkenean, eta bertan deskubrimendua egiten du: ohartzen da sistemaren bihotzean bertan badagoela zerbait, benetako komunitate baten sozializazioaren antza duen zerbait.
Urras planetak ere badu bere bloke sozialista. Protagonistak bloke horrekin ere talka egiten du, anfitrioi kapitalistekin bezala.
Liburuaren zati interesgarrienetako bat, azkenik, gizarte anarkista baten garapenean ematen diren arazoak kontatzen dituena da: errutinaren pisua, konformismoa, isolamendua… Eta 1974. urtean oraindik saihestezintzat zuten zentralizazio informatikoa.
Honaino iruzkinak. Bestela liburu osoa kontatuko genuke, eta zuek irakurtzea da interesgarriena.
.
Feminismoa, anarkismoa eta elkarrizketa
Ursula K. Le Guinen obrak ukitzen zituen generoetako osagaiez beteta daude: magoak, dragoiak, espazio-ontziak, gerra galaktikoak… Baina beti-beti, ukitu eta sentsibilitate feministarekin tratatu izan ditu protagonistak eta istorioak. Ideia anarkistak ere antzematen dira bere idazkietan (nahiz eta ez zuen bere burua anarkistatzat), baita ingurumenarekiko zuen ardura ere.
Protagonista gehienak ez dira zuriak, gainera. Eta mutilak direnek ez dituzte heroietan ohikoak izan diren basakeria eta matxismoa. Istorioetako arazoek, normalean, gaizki ulertuak dituzte oinarri, eta elkarrizketaren bidez konpontzen dira, negoziatuz, akordioak lortuz… ez indarraren bidez.
.
Grandmaster of Science Fiction
40 hizkuntza baino gehiagotan irakur daitezke Le Guinen liburuak. Milioika liburuki saldu ditu munduan zehar. Generoari dagozkion sari garrantzitsuenak jaso ditu, adibidez: Hugo, Locus, Nebula eta Munduko Fantasia Saria.
Horrez gain, Grandmaster of Science Fiction (Zientzia Fikzioaren Nagusia) saria jasotzen lehen emakumea izan zen. Zientzia Fikzio eta Fantasiazko AEBetako Idazleen Elkarteak emandakoa saria da, genero horretako idazleek jaso dezaketen sari gorena. 1974. urtetik 33 idazlek jaso dute.
Hurbilpen txiki honekin, gutxienez, irakurtzeko interesa piztu izana espero dut. Eta gure itzulpenaren irrika pixka bat izatea.
Zauden lekuan zaudela, mila esker, Ursula!
Informazio gehiago: http://www.ursulakleguin.com/
Kaixo Nagore!
Ba, neri behintzat, irakurtzeko gogoa piztu zait. Mesedez, berriro eman abisua itzulpena argitaratzen dezutenean.
Ongi izan!