Denok gara pixka bat Ciudadanos
Denok gara pixka bat Ciudadanos –
Imanol Epeldek Argia astekariko 27 Zapata blogean.
1975eko azaroaren 20an hil zen: FRANCO. Gaur betetzen dira 43 urte. Baina gure barruko Franko txikiak bizirik daude oraindik. Adibidez, adibidez familian. Batzuetan gurasoak bilakatzen gara Franko txiki: Umeei parkeetan, oinak busti dituztelako, ondo merezitako ipurdikoak ematen dizkiegunean, edo beste inori hitz egingo ez geniokeen bezala hitz egiten diegunean. Edo adibidez, adibidez eskolan, irakaslea botere goseak hartzen duenean: dena guk eta guk bakarrik jakingo bagenu bezala, dena guk eta guk bakarrik epaitu eta konpondu beharko bagenu bezala. Edo herrialde pobretuetara joaten garenean oporretara, giza museoetara, haiei pobre izatea tokatu egin balitzaie bezala. Edo Europak eraikitako harresiak ikusi nahi ez ditugunean. Ez eta Irungoak ere. Are gutxiago gure urbanizazioetakoak.
Normalean, boterea duenari gustatzen zaio sumisioa ikustea eta haserretzen da bere autoritatea zalantzan jartzen duenarekin. Eta saiatzen gara gure agintea babesteko arauak jartzen, batzuetan jakinda ere, ez garela ondo ari. Gure azalean korapilatuta daramagu tiranoa. Eta tirano hori, beti prest dago kontra datorrena txikitzeko, intransigenteki, miseria guztiekiko indiferente. Hori da guregan daramagun faxista. Hori da gure barruan daramagun Ciudadanos.
Eta ez. Ez da inolako faxismorik garaituko, gure barruko erregimenak derrokatzen ez ditugun bitartean.
Denok gara pixka bat Ciudadanos
NIRE BAITAN DAUDE BIAK,
TIRANOA ETA ASKATZAILEA,
PAIRATZAILEA TA UMILATZAILEA,
HURRUPATZAILE TA ESPLOTATUA.
BORROKA NIRE BAITAN HASTEN DA,
ASKA DITZAGUN GEURE BURUAK.
NIRE BAITAN DAUDE BIAK,
ZAPALTZAILEA TA ZAPALDUA,
ARRAZISTA TA LAGUNKIDEA,
IRAULTZAILEA TA BURGESA.
BORROKA NIRE BAITAN HASTEN DA,
ASKA DITZAGUN GEURE BURUAK.
IMAJINA AL DEZAKEZU MUNDU JUSTU BAT
BIDEZKO GIZAKIRIK GABE?
GIZARTE LIBRE BAT
ESKLABUZ BETERIK?
BORROKA NIRE BAITAN HASTEN DA,
ASKA DITZAGUN GEURE BURUAK.
Negu Gorriak. Nire baitan daude biak