Zorionak Arrotxapea! Mediku euskalduna lortu dugu!

Zorionak Arrotxapea –

Zorionak Arrotxapea

Bi urte eta erdi pasa dira Arrotxapeako hainbat auzokidek “Osasun etxeak eta biok euskaraz” herri ekimena abian jarri genuenetik. Bi urte eta erdi, auzoko osasun etxean mediku  eta pediatra euskaldunak nahi genituela aldarrikatzen hasi ginenetik.

Denbora tarte honetan anitzak eta ugariak izan dira egin ditugun ekimenak eta hilabete hauetan guztietan eginiko lanari esker, azkenean mediku euskalduna lortu dugu. Urrian hasi zen lanean.

Pediatrari dagokionez, Osasunbideako eta Euskarabideako ordezkariekin izan genuen azken bilkuran, hauek -2019ko oposaketen esperoan-, behin-behineko konponbidea proposatu ziguten, Antsoaingo osasun etxean dagoen pediatra euskalduna eskainiz.

Baina proposamenak zenbait eragozpen zituen gure iritziz eta hala adierazi genien:

  • Lehenengoa: Antsoainera joan behar izatea. Ez dago urruti, baina askok hurbilago daukagu berez dagokigun osasun etxea.
  • Bigarrena: Antsoaingo osasun etxean dagoen pediatra euskalduna, ez da pediatra titularra. Pediatra titularrak lanaldi murriztua dauka eta pediatra euskaldunak lanaldia osatzen du. Noiz arte ez dakite. Beraz, pediatra titularrak lanaldi osoa berreskuratzen duenean, pediatra erdaldun batekin egongo gara berriz baina kasu honetan Antsoainen.
  • Hirugarrena: Pediatra euskaldunarekin dagoen erizaina ez da euskalduna. Hitzordu gehienak erizainarekin bakarrik izaten dira.

Honi guztiari gaineratu behar, behin-behineko proposamen gisa aurkeztu zigutena, behin-betiko proposamena bilakatu zela hortik egun gutxira. Hurrengo astean prentsatik jakin baikenuen, laster egingo diren oposaketetan administrazioak ez zuela auzorako pediatra-euskaldun plazarik eskainiko.

Proposamena beraz, hasieratik ez zen proposamen zintzoa izan. Bazekiten, ezer esan ez baziguten ere, behin-betiko konponbiderik aurkezteko asmorik ez zutela.

Mediku euskalduna lortu dugu, garaipen garrantzitsu bat lortu dugu, eta fruituak lortzeko bidea etengabeko lana dela egiaztatu dugu. Hala ere, osasun etxea euskalduntzeko bidea ez da amaitu; dagozkigun hizkuntza eskubideak bermatuak izateko lanean jarraitu beharko dugu. Bide horretan, auzoko euskaldun eta euskaltzaleak bidelagun izatera animatu nahi zaituztegu.

Hurrengo urratsa: euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin eta lortu berri dugun mediku euskaldunaren aldeko “klika” egitea proposatzen dizuegu. Mediku aldaketarako eskaera-orria osasun etxean topatuko duzue.

Arrotxapeako osasun etxean euskaraz bizitzera goaz!

Arantzazu Martinez eta Nestor Esteban.

“Osasun etxeak eta biok euskaraz” herri ekimeneko kideak

Zorionak Arrotxapea

Herria berreuskalduntzen ari gara. Iruñea.