Covid 19a: Historia eta biografia

Covid 19a: Historia eta biografia –

Eduardo Arriolabengoa Abasolok Arabako Alean.

Covid 19a: Historia eta biografiaDenboran eta espazioan kokatzeko beharra sentitzen dugu gizakiok, non eta noiz bizi garen adierazten dizkiguten mugarriak jakiteko beharra. Noiz galdera horri erantzuteko egutegiak sortu ziren, eta mapak non galderari erantzuteko. Egutegiari dagokienez, zibilizazio bakoitzak izan du berea, behaketa astronomikoetan oinarritua, babiloniarra kasu, edo Nilo ibaiaren uholdearen fenomenoan egiptoar zibilizazioaren kasuan. Julio Cesar enperadore erromatarrak, egiptoar egutegian oinarrituta, gerora ezaguna izango zen juliotar egutegia indarrean jarri zuen inperioan Kristo aurreko 46. urtean. Eguzki astronomikoaren eta juliotar egutegien arteko urtearen iraupenaren aldea txikia izan arren, 11 minutukoa hain zuzen, urteak aurrera joan ahala, batasun falta horren metaketa 10 egunekoa zen 1582. urtean. Gregorio XIII. aita santuak, garaiko adituen proposamenari jarraituz, doitasun handiagoko egutegia indarrean jarri zuen katolikoak ziren lurraldeetan. Egutegi gregorianoa zabaltzen joan zen gero protestante ziren herrialdeetan XVII. eta XVIII. mendeetan zehar; XIX. mendean Japonia edo Egipto gehitu ziren; Txina XX. mendearen hasieran, erlijio ortodoxoko herrialdeekin batera. Gaur egun, mundu osoan egutegi gregorianoa da oinarritzat jotzen dena egutegi zibila finkatzeko. Bestalde, Bonifazio IV. aita santuak 607. urtean denboraren eskalaren jatorria Kristoren jaiotzaren urtean finkatu zuen, eta XVII. mendean sartu zen gaur egun erabiltzen dugun Kristoren aurreko edo Kristoren ondorengo nomenklatura. Beraz, badugu egutegia, gregorianoa, eta denboraren eskala non zeroa Kristoren jaiotzaren urtean kokatuta dagoen.

Denboran zehar gizateriaren bilakaeraren berri izateko eta milaka urteko iraupena izan duen aldian kokatzeko, beharrezkoak ditugu erreferentziak, mapa mentalak. Erreferentzia horiek historian kokatzeko lagungarriak eta baliogarriak izanda ere, ez digute pertsonalki zuzenean eragiten, nahiz eta zeharkako eragina izugarria izan. Gure bizitza ez litzateke den modukoa izango gure arbasoen eragina izan ez balitz. Hala ere, erreferente historikoak dira, ez, aldiz, biografikoak: Ekaingo leizean aurkitutako hondakinek adierazten dute duela 12.000 urte gizakiek koba erabili zutela; Kristoren aurreko 427. urtean jaio zen Platon filosofoa; Konstantino enperadorearen Milango Ediktua 313. urtekoa da; 1492 Amerikaren aurkikuntza; Galileo iraultza zientifikoaren aitzindaria 1564. eta 1642. urteen artean bizi zen; Frantziako Iraultza 1789. urtean gertatu zen; Bigarren Mundu Gerra 1939. eta 1945. urteen artean garatu zen.

Bi urte alperrik xahutu dugunaren pertzepzioa. Zain gaude aurtengo Sanferminak pandemiaren aurreko moduan ospatzera bueltatzeko

Norberak ditu erreferente pertsonalak, hurbilak, bere barnean oihartzun sakonak utzi dituenak, bizitzan erabakigarriak izan eta norberaren biografian zedarri bihurtu direnak: maitasunarekin lehen topaketa, izandako istripu edo gaixotasun larria, lehen lana, ezkontzaren eguna, seme-alaben jaiotza, lagun min baten laguntza eskuzabala, hurbileko baten heriotza… Oso pertsonalak dira, intentsitatez bizitakoak, ahaztu ezin hatzak gure gogoan uzten dituen esperientziak, gure biografian atzean utzi ezin ditugun zedarriak. Ez dira aurreko paragrafoan aipatutako moduko erreferente historikoak izango, baina bai, aldiz, biografikoak.

Covid pandemiak gogor astindu du eta astintzen jarraitzen du mundu osoan eta gure bizitzetan. Ondorioak latzak izan dira eta jarraitzen dute latzak izaten: munduko mutur batetik bestera milioika pertsona hilik, milioika gaixotasunaz jota, hiritarren arteko harremanak hautsita, konfinamenduaren egunen gogortasuna, beldurra, ziurgabetasuna, ospitaleen kolapsoa, erlojuaren aurkako lasterketa txertoen bilaketan, ekonomiaren gainbehera, globalizazioaren ajeak… Denboraren haustura sortu du gugan pandemiak, mugarri bat, arrakala zabal eta sakon bat. Eta mugarri bat gure biografian ere. Bi urte alperrik xahutu dugunaren pertzepzioa. Zain gaude aurtengo Sanferminak pandemiaren aurreko moduan ospatzera bueltatzeko; aurtengo Barne Produktu Gordina 2019. urtekoa baino ez dakit zenbat puntu gehiagokoa izatea espero da; udako turismo-kanpaina pandemiaren aurrekoa baino hobeago izatea da ostalarien esperantza; kintoen bazkaria 2019. urtekoa baino jendetsuagoa izango da… Pandemiaren aurreko garaiaren eta ostekoen artean hesi bat eraiki dugu. Adin bat dugunon gure gurasoentzako 1936 gerra erreferente biografikoa zen, gerraren ondorioak sufritu zituztelako. Eta orduan gertatu zen bezala, orain pandemia bizi izan dugunontzat erreferente biografikoa bilakatu da, eta, orduan, 1936-1939 urteetan gertatu zen gerra erreferente historikoa bihurtu den moduan, orain ere pandemia munduko erreferente historikoa bihurtuko da. Historia eta biografia bat eginda zorigaiztoko pandemia baten inguruan.

Covid 19a: Historia eta biografia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.