Cormac McCarthy hil da, estatubatuar hegoalde iluneko nobelagilea
Cormac McCarthy hil da, estatubatuar hegoalde iluneko nobelagilea –
Cormac McCarthy estatubatuar eleberrigilea zendu da 89 urte zituela. Southern Gothic delakoan nabarmendu izan zen, eta liburu bakarra zuen euskaratua, “Jainkoaren seme” (Igela, 2022).
Kritikari eta irakurle askoren ustez bizirik zeuden estatubatuar idazlerik bikainena zen Cormac McCarthy, XX. mendeko bigarren erdiko eta bere belaunaldiko onena. Jaioterritik Tennesseera lekualdatu eta gaztaroa bertan igaro zuen gizonak 1965ean idatzi zuen bere lehen eleberria, “The Orchard Keeper”. 70eko hamarkada izan zuen garairik oparoena, eta William Faulknerren oinordeko nagusia zela ere esan izan da.
Azken urteetan haren zenbait liburu zinemara eraman izanak sona handia eman zion idazleari. Berak idatziak dira, berbarako, “No Country for Old Men” (Coen anaiek zuzendua) eta 2007an Pulitzer saria jaso zuen “The Road” (John Hillcoat-ek zuzendua).
Cormac McCarthyk idatzi zituen dozena bat eleberrien artean, 1973ko “Child of God” da euskarara ekarri den bakarra. Juan Mari Mendizabal izan du itzultzaile Igela argitaletxeak iaz plazaratu zuen lanak, “Jainkoaren seme”.
Bere liburu bat euskaraz irakurtzeko premia zegoela-eta argitaratu ei zuen Igelak “Jainkoaren seme”, Berria egunkarian irakurri dugunez, “liburu ilun-ilun eta gogor bat”. Lander Majuelo Igelako editorearen hitzetan, “bortxaz betetako liburu bat da, iluna, eta, gainera, moralik gabea. Ez du, pelikula amerikar gehienetan bezala, bukaera on bat”.
Cormac McCarthy hil da, estatubatuar hegoalde iluneko nobelagilea