CELAC-UE gailurra: karabelen belak zabaltzen?

CELAC-UE gailurra: karabelen belak zabaltzen? –

CELAC-UE gailurra: karabelen belak zabaltzen?Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoa (CELAC) eta Europar Batasuneko estatu eta gobernu buruek uztailaren 17 eta 18an Bruselan egindako goi-bilera aurreko goi-bileratik 8 urtera heldu da. 2015eko irudiak bilatzean, Evo, Correa, Rousseff, Santos, Merkel, Rajoy, Hollande, Tsipras… ikusiko ditugu. Denbora tarte horretan gertaera asko gertatu ziren. Eskuinak eta ultraeskuinak arnasa hartu zuten Abya Yala– Latinoamerikan (Bolsonaro, Estatu-kolpea Bolivian, Limako Taldearen gorakada, Guaido txotxongiloaren auto-aldarrikapena eta Venezuelako ordezkari zilegi gisa Estatu askok onartzea, bereziki europarrek…). CELAC, Bravo ibaiaren hegoaldean dauden estatuen elementu integratzaile gisa, oso ahulduta geratu zen. Amaitu berri den gailurrera, eskualdeko indarren beste korrelazio batekin iritsi zen, sozialdemokraziarantz dezente eskoratuagoa eta, horri esker, makroeskualde hori ahots bateratuagoarekin eta sendotasun handiagoarekin aurkeztu zen Europa kolonial eta inperialista zaharraren aurrean (azken hamarkadetan, munduko taulan zuen eragina ez galtzeko ahaleginetan dabilen Estatuen batasuna, hain zuzen). Europar Batasuna oso behartsu heldu zen gailur honetara, Ukrainako gerrak nabarmenki areagotu duen energia- eta lehengai-iturrien premiaren menpe.

Parte-hartzaileek sinatutako hotsandiko adierazpenaren 41 puntuak irakurtzen baditugu (Nikaraguaren salbuespenarekin, Ukrainako gerrari buruzko erreferentziak ez partekatzeagatik), paperean geratuko diren topikoak aurkituko ditugu (erresiliente hitza agertu behar zen… eta agertu zen), nahiz eta puntu batzuk garrantzitsutzat jo daitezkeen, ikuspuntu sinboliko batetik baino ez bada ere. Esklaboen salerosketa gizateriaren aurkako krimentzat onartzea adibide horietako bat da. Ez du ezer konpontzen, baina Europako kapitalaren jatorrizko metaketaren elementuetako bat mahai gainean jartzen du. Kubarekiko blokeoari dagokionez lurraldez kanpoko xedapenen aurka agertzea beste puntu garrantzitsu bat da; are gehiago, EBk AEBekiko izan duen mendetasun eta lerrokatze historikoa kontuan hartuta, Ukrainako egungo gerra-egoeran areagotu dena. CELACek Malvina uharteei buruz historikoki izan duen posizioa EBk berak aintzat hartzea ere nolabaiteko oihartzuna izaten ari da. Giza eskubideen errespetuaren gai korapilatsuari dagokionez, adierazpenak eskubide horien definizio zabala jasotzen du, eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak eta garapenerako eskubideak ere barneratuz; eta, giza eskubideei heltzean, objektibotasunaren eta hautakortasunik ezaren beharra aipatzen du, baita politizazioa eta bi neurri desberdin erabiltzeari uzteko beharra ere. Europa zibilizatuaren ustezko nagusitasun morala apur bat minduta atera omen zen…

.

Ez zen Errusiaren aurkako gaitzespenik egon

Helburu nagusietako bat zen, baina ez zuten lortu. EBk porrot egin du Ukrainako erregimenari babesa emateko eta Errusiarekiko isolamendu-estrategia legitimatzeko CELAC inplikatzeko saiakeran. Izan ere, Washingtonen idatzitako historia eta errealitatearen irakurketarekin Europako Estatuak lerrokatzeak (ez dezagun inoiz ahaztu Victoria Nuland Europako gaietarako AEBetako enbaxadorearen “Fuck the UE” adierazpen hura), ez du translaziorik munduko leku gehienetan, propaganda masiboaren hedabideek horrela erakutsi arren. CELACek aspaldi izendatu zuen Latinoamerika eta Karibe “bake-eremu”, eta ez da erori gaitzespen hipokrita eta interesatuetan. Gailurraren adierazpenean, Kuba eta Venezuelak proposatutako aldaketen ondoren, kezka adierazten dute eta bake justu eta iraunkorra lortzeko ahalegin diplomatikoen alde egin dute.

Goi-bilera instrumentalizatzeko beste ahalegin bat ere porrotean geratu zen, gerlari europarrek eta yankiek nahi zuten argazkia gauzatu ezinda. Zelensky Europa, Latinoamerika eta Karibeko agintariz inguratua agertzeko pentsatutako show-ak hainbat parte-hartzaileren kontrako erantzun irmoarekin egin zuen topo. Europa zaharrak, eskualdean nolabaiteko eragina badu ere, ezin ditu bere kolonia zaharrak menpekotzat hartu, ezta Espainiako presidentea EBeko Kontseiluko buru izanda ere.

.

Energia eta lehengaiak

Adierazpenez eta argazkiez haratago, goi-bilerak bereziki islatzen du EBeko Estatuek beren koloniak ziren eremuetan zuten eragina berreskuratzeko eta energia- eta lehengai-iturrietara iristeko duten beharra. Errusiako petrolioaren eta gasaren horniduraren murrizketa nabarmenak, AEBetako gas likidotuaren kostu handiak eta Ukrainako gatazkaren zein munduko beste leku batzuetako gatazken etorkizun zalantzagarriak behartzen dituzte Europako Estatuak beste eremu batzuetan energia-iturriak lortzera. Europan energia berriztagarriak ekoiztea eta garapen bidean dauden teknologia berriak (hidrogenoa…) ez dira batere nahikoa Europako gizarte kapitalisten garapen ekonomikoaren oinarri den energia-bolumen erraldoia betetzeko. Osagai teknologiko askoz handiagoa duten energia-forma berrietarako trantsizioak planetako gune oso zehatzetan kokatutako elementu kimiko urriak ere eskatzen ditu.

Latinoamerikak hori guztia dauka, eta kopuru handitan gainera. Laura Richardson AEBetako Hego Komandoaren buruak, aurtengo urtarrilean, era ezin argigarriagoan aipatu zituen litioaren triangelua (Argentina-Bolivia-Txile), Guyana eta Venezuelako petrolioa, Amazonas eta Latinoamerikako mineral, lur arraro eta ur gezaren erreserbak. Kalkuluen arabera, lurralde horrek munduko litio-erreserben % 63 inguru ditu, kobrezkoen % 33, nikel eta zilarrezkoen % 32, baita hidrogeno berdea sortzeko potentzial handia ere. Richardsonek Monroe doktrinaren indarra berretsi zuen 200 urte geroago, hotsandiko esaldi batekin: “Asko dugu egiteko. Zonalde hau garrantzitsua da. Nazio-segurtasunari estuki lotuta dago eta gure jokoa areagotu behar dugu”. 2019ko Boliviako kolpea edo Peruko Castilloren gobernua kentzea bezalako gertakariak ezin dira mineral estrategikoen kontrolaren aldeko borroka honetatik bereizi.

Energia eta lehengaiak lortzeko lehian, EBk ere lurralde hura behar du, XIX. mendean zehar Europako potentzia kolonialak kanporatu bazituzten ere (AEBetako esku-hartze zuzena edo gainjarriarekin). XXI. mendean, berriz ere, eragin-eremu horiek mantentzeko edo berreskuratzeko lehia gauzatzen da; oraingo honetan gorabidean dauden beste potentzia batzuen aurrean (Txina, Errusia, Iran…). Hala ere, egun, Europa gonbidatu txikia da, oso posizio ahularekin. EBk (eta baita AEBek ere) eremu geografiko horretan duen ahultasun hori, neurri batean, Chavezek eta Fidelek abian jarritako eskualde-integrazioko prozesuaren ondorio da. Era berean, Latinoamerikako herrialdeek mundu multipolar bat dute erreferentzia gisa, non Europarekiko eta AEBekiko mendekotasunak gero eta pisu txikiagoa duen, BRICS taldean harreman komertzial asko jarrita eta zonaldeko Estatuen arteko merkataritza-harremanak indartuta (Mercosur izango litzateke adibiderik onena). Horrez gain, EBk interes berezia izango luke sektore ekonomiko jakin batzuetan inbertitzeko, eta Mercosurrekin merkataritza libreko akordio bat ixteko eta Mexikorekin eta Txilerekin dituenak “modernizatzeko”. Europako enpresa transnazionaletarako baldintzak hobetzeko akordioak, herrien parte-hartzerik gabe. Hori bai, giza eskubide, gutxiengo eta naturaren errespetuari buruzko klausulekin apainduta.

CELAC-UE gailurra: karabelen belak zabaltzen?Estrategia merkantilista horien gainean, eta kirats neokolonial nabarmenarekin, Global Gateway estrategia kokatzen da, baita von der Leyenek 2027ra arte iragarritako 45.000 milioi euroko inbertsioa ere, energia berriztagarriak, osasun publikoa, hezkuntza, azpiegituren garapena edo digitalizazioa bultzatzeko programetan. Lehengaien eta eskulanaren espoliazio historikoa ezin da saldu une honetan, eta elkarrekiko onurarako lankidetza gisa aurkeztu behar dute. Eta CELACeko kideek oso ondo dakite zer gabezia dituzten beren lehengaiak ateratzeko eta, batez ere, eraldatzeko, teknologiei dagokienez. Argi dago, batez ere, estraktibismoaren gainean oinarritzen den ekonomiak ez duela herrialde baten etorkizuna bermatuko. EBeko eskaintzak Txina ordezkatzea du helburu, Zetaren Ibilbide berriaren hedapen progresiboa oztopatuz. Horregatik, lehengaien erauzketa soiletik haratago joan nahi duela adierazten du, tokiko industriaren garapena eta langileen gaikuntzari ere helduz, gai horiek bertan eraldatzeko (von der Leyen litioko baterien ekoizpenaz eta ibilgailu elektrikoen fabrikazioaz aritu zen). Europako eskaintza hizkera paternalistarekin edertzen da orain: “Ez nator zure arrainak erostera; kanabera egiten irakastera nator, eta zurekin batera egin nahi dut”.
Potentzien arteko lehiak Latinoamerika eta Karibea ditu giltzarri, eta CELACek badaki. Jakina denez, Latinoamerikako Estatuen arteko liskarrak eta zatiketak, batez ere bertako oligarkien interes partikularrek eragindakoak, eskualdeko garapen endogenorako oztopo handienetakoak izan dira eta izaten jarraitzen dute.

.

Aldi berean, Herrien Gailurra

Agintariak eta aholkulariak eztabaidan ari ziren bitartean, Latinoamerika, Karibe eta Europako herrien goi-bilera Bruselako beste eremu batean egiten ari ziren. Azken komunikatua, espero zitekeen moduan, zorrotzagoa, zuzenagoa eta, zergatik ez esan, garaien islada izan zen. Bertan, inperialismoaren erasoa salatzen da eta “harreman multilateralak dituen mundu multipolar baten alde egiten da, Ama Lurrarekin orekan gizateriari bakean aurrera egitea ahalbidetuko diona”. Ez dirudi etorkizun sozialista bat ikusten denik (adierazpenean behintzat), baizik eta arau kapitalistek zuzentzen duten mundu etsi bat, baina non Estatuen arteko harremanak bidezkoagoak diren, eta non multipolaritateak inperialismo yankiak ezarritako botere-harreman basati eta erabat desorekatuak neurri handi batean gutxituko lituzkeen.

Azken adierazpenean, halaber, “gaitzetsi egiten dira Latinoamerikan eta Kariben beren herriek demokratikoki aukeratutako gobernuak ezegonkortzera bideratutako kanpaina mediatikoak”, gobernu popularrak eraisteko inperialismo yanki eta haren laguntzaileen esku-sartzea inplizituki seinalatuz. Kubaren aurkako blokeoa gaitzesteaz gain, Venezuela eta Nikaraguaren aurka AEBk hartutako neurri hertsatzaileak arbuiatzen dira, baita neurri horiek bermatzeko EBren politika ere. Era berean, Saharako eta Palestinako herrien borrokarekiko elkartasuna adierazten da, eta herri horien aurkako errepresioa salatzen da, eta “hizkuntza indigenen kontserbazioa, biziberritzea eta sustapena defendatzen da, gure herrien historia, kultura, ezagutza, ohitura eta tradizioak babesteko”.

Goi-bilera paralelo honek kontrapuntua jartzeko balio izan du, bai eta joera politiko desberdinetako estatuburuek eta gobernuburuek eztabaidatutakoa eta adierazitakoa osatzeko ere.

Egun horietan Bruselan gertatutakoak agerian uzten du CELAC indartu egin dela munduari begira, askotarikoa eta kontraesankorra den zonaldearen erakunde moduan. Zalantzarik gabe, elementu integratzaile hori positiboa da osatzen duten herrientzat. Latinoamerikako errealitatearen eragile anitzen arteko barne-tentsioek, injerentzia inperialistak, munduko beste potentzia batzuekiko harremanek eta langile-klaseak botere-gune berriak konkistatzeak markatuko dute CELAC bezalako ekimenen norabidea eta eskualdearen etorkizuna bera. Latinoamerika eta Kariberekiko harremanak indartzeko beharrak eta haien asmoen azpitik geratu den gailurraren adierazpenak berretsi egiten dute antzinako metropoli inperial zaharren ahultasuna. Inperio yankia eta sektore gerrazaleen interesetara are gehiago makurtu den EBeko ahultasuna, hain zuzen ere, aurrerako bere ihesaldi itsu eta autoritarioan. Europako herriok, Estatu kapitalisten mundu multipolarretatik haratago, Europako eta munduko gainerako herriekin elkartasun-harremanak eraikitzeko premia larria dugu, EB gobernatzen duten eliteen interes ziztrinetatik aldenduz.

CELAC-UE gailurra CELAC-UE gailurra CELAC-UE gailurra CELAC-UE gailurra CELAC-UE gailurra

Internazionalista. EHUko irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude