J.L. Vilallonga Castellvelleko markesa zenaren aitortza

J.L. Vilallonga Castellvelleko markesa zenaren aitortza –

J.L. Vilallonga Castellvelleko markesa zenaren aitortzaFrantzian eta batez ere Espainian famatua izan zen J.L. Vilallonga aristokrata, bon vivant emakume seduzitzailea. Halaber, nobelagile, idazle (frantsesez eta espainieraz) eta zinema aktore 73 filmetan, eta ez zion fama gutxi eman Espainiako Joan Karlos I.a errege emerituaren biografoa izateak.

Elkarrizketa asko egin zizkioten oso pertsona(ia) mediatikoa izan zelako, baina haietako batean, jada adinean aurreratua, bi minutuko tartean, oso garbi kontatu zuen -kontzientzia lasai eta zigorgabearekin- nola aritzen ziren jendea fusilatzen: El confidencial: “Oficinista de la muerte”. 2018-01-18; (www.elconfidencial.com/villallonga-guerra-civil-espanamemoria-historica). Barruak aztoratu dizkit elkarrizketa horrek eta ikerketatxoa eginik, hona hausnarketa. 

Familia aristokratiko baten jaio zen. Aita katalan lur-jabe aberatsa zuen, Castellvelleko markesa, Franco eta militar afrikanistak bezalatsu, Marokon ibili zena balentria militarrak egiten, hots, sekulako gizonkeriak eta barrabaskeriak, koronel gradua lorturik. Bada, aita markes militar horrek semea militar izatea nahi zuen, eta gerra hasi orduko gomendio gutun bat idatzi zion 1936ko udazkenean, bere tropekin Arrasate aldean zebilen bere lagun Joaquin Gual de Torella koronelari -beste afrikanista bat- esanez ikastetxe batetik atera berri zela bere semea, artean 16 urte zituela, eta frontera bidaltzeko gaztetxoa izanagatik, fusilamendu pelotoi baten ohitu zitekeela tiro-hotsetara. Oso ideia ona iruditu zitzaion koronelari, eta Arrasaten, gorriak eta nazionalistak -apaizak barne- fusilatzen aritu zen eta gerran hiru urtez, erreketeen Oriamendi tertzioan, alferez graduarekin lehenik; bi hilabetez Falangearen banderapean Aragoiko frontean; Valentzian eta Guadalajaran italiarrekin eta, azkenik, armada erregularrarekin Bartzelona hartu eta gerra amaitu arte (Vilallonga: La cruda y tierna verdad. Plaza&Janés. 2000. 232or).

Parisera joan zen 1950ean, eta Bartzelonan hasitako kazetaritzari eta nobelagintzari ekin zion eta zinemako aktore ere aritu zen, eta 1971n, aurretik beste sei bat nobela idatzi ondotik Fiesta bataiatu zuen nobela idatzi zuen 1968-1970 urteetan, eta 1971n argitaratu frantsesez izenburua ironikoki gaztelaniaz zuela.

Roman gisa plazaratu zuenez, ezin da jakin bertan zenbat den autobiografikoa, baina ematen du katarsi gisa idatzi zuela, aitak beharturik 16 urtetik 19 urtera bitartean egin behar izan zituen gauzek gerora, handik urteetara sortutako atsekabea kanporatzeko. Ofizial faxisten erretratuak, fusilamenduetan parte hartzen zuten kapilauenak, fusilamenduak ikustera Donostiatik Arrasatera joandako andereño aberats morbosoenak, eta batez ere kontatzeko darabilen hiztegia benetan matxista, militarista eta okaztagarria da, hain segur bizi izandakora aski egokitzen zena. Nobelaren amaieran, protagonistak -idazlearen alter egoa-, hamabost urteko neskatxa bat erailtzen du garondoan tiro bat emanda.

1983an, jada Felipe Gonzalez Espainiako presidente zela, gaztelaniara itzulita agertu zen. Eta handik aurrera hainbat kazetariri emandako elkarrizketetan, ahoan bilorik gabe salatu zuen nola fusilatzen zituzten gorriak, nazionalistak eta halaber apaiz nazionalistak fusilamendu pelotoiek erretagoardian, bera ere fusilatzaile zela, kafea eta pattar katilukada bat gosaldurik, eta izan zitzaketen eskrupulutxoak hirugarren egunerako ezabatuak jada, untxiak edo oiloak akabatzen ari balira bezala.

Beste batzuek bulegora joaten ziren bezala, beraiek gaiztoak hiltzera joaten ziren. Orduan aitak esandakoari errespetu handia zitzaion, eta hark fusilamendu pelotoi baterako gomendatu zuenez, agindua onartu baino ezin zuen egin!

Beste bandokoek ere egiten zituzten fusilamenduak, baina bando nazionalean, kontzientzia hobearekin, gotzain eta kapilauen bedeinkapena lagun zutenez, gaiztoak fusilatzeko.

Geroago konprenitu zuen astakeria haiek erantzukizun faltagatik egin zirela edo egin zituztela: erantzukizuna kentzen badizute, abereki bat bihurtzen zaituzte, zioen. Agintzen dizutena egiten duzu eta kito, zioen. Eta agintzen dizutenera ohitzen zara. Izugarriena ez da hiltzea baizik eta heriotzaren bulegaria bihurtzea. Errutina bihurtzean, judu bat hiltzea edo milioi bat, berdin da.

Gorago aipatu dugun memoria liburuan garbi agertzen du ez dagoela batere harro egindakoaz; hori bai, hori aitortzeak 2000. urtean ondorio penalik ekarriko ez ziolako uste osoan, 1977ko amnistia legeari esker, eta trantsizioan ezker eta eskuin espainiarren artean egondako isiltasun itunaren ondorioz. Hala eta guztiz ere, aitortu behar zaio izandako ausardia itsuskeria horiek, inork behartu gabe, kontatzeko.

Hark egindako aitortzek bestelako herrialde baten, amorraziozko astindu bat sortuko zuten iritzi publikoan, egia, justizia eta erreparazioaren eskea ozenduko zuten, baina Espainian ez. 1936ko gerrari buruzko kontakizunak aldaraztea ez zuen lortu, eta jendea eskandalizatzea ere ez.

Ehunka milaka hildakoren arduradun ziren militar kriminal handientzat amnistia eta ahaztura, buruzagientzat bezala haien morroi ibilitakoentzat, era askotako sariekin batean, eta, aldiz, euskal presoentzat zigor ikaragarriak eta gatazka amaitu zela kasik hamarkada bat daramagunean, oraindik mendekuzko jarrerak, sakabanaketa tantaka baino ez urratuz. Eta aldeak alde, ehun urteko kartzela-zigorra autodeterminazio erreferendumaren aldeko borroka baketsua egin duten katalan politikarientzat! Proportziorik gabeko injustizia eskierki!

Besteak beste, J.L. Vilallongaren aitorpenei esker dakizkigun gauzek oroitaraziko digute beti, Franco hil ondoan justiziarik ez zela egin, eta nago merezi duela hori transmititzea.

J.L. Vilallonga Castellvelleko markesa zenaren aitortza

Saiakera-idazlea

10 pentsamendu “J.L. Vilallonga Castellvelleko markesa zenaren aitortza”-ri buruz

  • Negargarria Vilallongac contatzen duena. Hamasei urthe cituela aitac berac igorri personac executatzerat.
    Ausardia eduqui çuen hori narratzen.
    Nehoiz ez dut estimatan eduqui, baina esquercecoa da berac contatua.

  • Bai, Josu, ausardia izan zuen, hori aitortu beharra dago. Baina beste inguruabar askotxo ere badu gaiak. Idatzi 68-70 urteetan, Parisen. Beraz, 68ko maiatzaren bueltan, esan dezagun. Hasiera baten, halako nobela tremendista, morboso, nahiko gustu txarrekoa nire gusturako. Nobela itsusia da. Noiz itzuli zen gaztelaniara? 1983an. Felipe Gonzalez presidente izendatu berri. Badirudi Vilallonga PSOEra hurbildu zela. Baina, jakina, nobela bat nobela bat da. Gero eman dituen elkarrizketetan aitortza nola azaldu izan du?, nola joan da errelatoa osatzen? Xeheki aztertzeak merezi luke, eta, batez ere, zein harrera “mutua” izan duen. Beste lekukotasun batzuei sekulako haizea ematen zaien bezala, hau gutxi harrotu dela esango nuke. Hori guztia! Eskerrik asko komentarioagatik.

  • Pako,
    Benetaco damuric ez çuen eracutsi, nire ustez. Hotza iruditzen çait hori contatzen duenean. Ahalic eta urrunen, hobequi.
    Adeitsuqui

  • Bai, beharbada, psikologikoki, kontatu izanak lagundu zion bere buruari barkatzen, eta agian harro samar ere bazegoen horregatik, baina hori baino interesgarriago da, nola tapatu den, zein oihartzun eta erresonantzia apala izan duen. Mereziko luke aitortzaren harrerari buruzko ikerketatxo bat egitea.

  • Villalonga PSOEko afiliatua izan zen 1983tik, baina 90 hamarkadan partidu hori utzi zuen ustelkeriagatik. Markes gorria deitzen zioten.Bere liburua, Fiesta, ez dut irakurri, baina ez dakit benetan ere Arrasaten berak kontatzen dituen fusilatzeak egin ziren. Nik uste dut, lizentzia literarioa dela, nobela erakargarriagoa egiteko. Konplexu gutxiko gizona zen. Gerrak irabazten dituen horietakoa.

  • Bada, Erramun, aitortu beharrean nago Vilallongak elkarrizketetan esandakoei sinesgarritasun gehiegi eman diedala. Fusilamenduetan Hernanin ibiliko zen, ibiltzekotan, eta ez Arrasaten, honako bi iturri hauen arabera:
    1. El otoño de 1936 en Guipuzcoa. Los fusilamientos de Hernani. Mikel Aizpuru etab. Alberdania. 2007. 172-173 orr.
    2. 1936an arrasatearrei egindako sarraskiak. Wikipedia.

  • Nire artikuluaren muina, halere, ez da Vilallongaren sinesgarritasuna, muina da zigorgabetasun geruza juridiko-soziologiko-politiko lodia gisa horretako adierazpen lotsagabeak ahalbidetu izan dituena.

  • Bai Patxi, uste dut ondo ulertu dudala zure artikulua. Bakarrik informazio gehiago izateko eman ditut datoak. Asko apreziatzen ditut zure artikuluak.

  • Estimatua Erramun

  • Ohartxo bat bakarrik. Erdarazko liburuari eman diot haizea goiko oharrean, Interneten horixe aurkitu dudalako; euskaraz ez dago Interneten baina paperean bai: “1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak.” Mikel Aizpuru eta beste hiru. Alberdania. 2007. 163-164 orr.