Nork akabatu du Txanpuene baserria?

Nork akabatu du Txanpuene baserria? –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

300 urteko Donostiako baserri urbanoa eraisten ari dira. Garapena, badakizu.

Nork akabatu du Txanpuene baserria?Covid-19ak ekarri digun gauza onen artean dago inguruko toki ezkutu eta ez hain ezkutuetan barrena muturra sartzearena.

Duela hilabete pasatxo, igande batez, buelta bat eman genuen Gorka Juliok eta biok Donostiatik barrena.

Albako dukeen Arbaizenea jauregia zehatz-mehatz non zegoen erakutsi zidan Gorkak. Alboan dago (zegoen hasi beharko dugu idazten) Txanpuene baserria. Biak ala biak non zeuden banekien, gutxi gorabehera, baina gauza batengatik edo bestearengatik inoiz hurbildu gabea nintzen.

Aste honetan bertan piztu zen pilotua. Argi gorria berriro ere. Batez ere Mikel Elkoreberezibar Belokik jarri zuen fokua. Ostiral arratsaldean etorri da albiste txarra: eraisten ari zirela baserria. Porlanak 300 urteko historia estaliko du.

2016ko maiatzean Nerea Lizarraldek elkarrizketatu zituen Iñigo Etxabe maizterra eta Mireia Mochales auzotarra. Etxabe sendia 150 urtez maizter izateak ez du bertan jarraitzeko eskubiderik ematen.

Egoera honek hamar urte atzera eraman nau. 2010eko Giza Eskubideen Zinemaldian, Jose Luis Rebordinosek zuzendu zuen azken edizioan, «Bil’in My Love» filma proiektatu zuten. Loturan sartzen bazarete, konprobatuko duzue filma Victoria Eugenian bota zutenean asko haserretu nintzela ikusleen artean zeudenen batzuen erreakzioa zela eta. Baina hori ez dut gaur nabarmendu nahi.

2005ean Bil´in herrira (Zisjordania) joan zen Shai Carmeli-Pollak ekintzaile israeldarra bertan gertatzen zena filmatzera. Israelgo Estatua harresia altxatzen ari zen eta aipatu herriko lurraldeak bitan banatzen. Beste toki batzuetan bezala, herriko jendea egoera horren kontra altxatu zen. Izan ere, herriak eta familiak zatitzen baititu aipatu murruak.

Nabarmendu nahi dudana filmaren hasierako eszena hau da: Palestinako baserritar bat erotzeko moduan jartzen da etxeko olibondoak mozten hasten direnean.

Min hori oso gertukoa egiten zait. Gurean aita jaio zen baserria eraitsi baitzuten duela hogei bat urte. Ni gazteago harrapatu ninduen eta axolagabe, baina amak beti dio aitari egoera hark aldarazi ziola umorea eta, bere ustez, horregatik gaixotu zela.

Iñigo Etxabek 2016ko elkarrizketan dioenaren arabera, 2005ean hasi ziren lehen danbor hotsak. 15 urtez egon dira ba borrokan. Rafael Chirbesek badu nonbait idatzia (edo esana) guztion betebeharra dela gaitza/gaizkia etxeko atarian aguantatzea, bost minutuz bada ere. Etxabe sendia urte luzez egon da horri aurre egin nahian. Nire elkartasuna eta aitortza dute. Etxean zaharrak badaude, zaindu ditzatela. Kosta egingo baitzaie hortik errekuperatzea.

Eta honek guri interpelatzen gaitu gizarte, herri, jendarte edo dena delako moduan: nork akabatu du Txanpuene baserria?

1963an Bob Dylanek Who Killed Davey Moore? (Nork akabatu zuen Davey Moore?) kanta egin zuen garai hartan borroka baten ondoren hildako boxeolari baten gertaeraren harira.

Dylanen erretratuari jarraikiz, denok dugu aitzakia: epaileak, publikoak, boxeolariaren ordezkariak, apustulariak, kirol kazetariak, beste boxeolariak (Sugar Ramos)…

Hori bai, boteretsuek irmoki lotzen direnean “zerbait legearen arabera egin da” esaldira, normalean horrek adierazi nahi du argumentuen bateria agortu egin zaiela.

Apunte hau gaur hil den Alfredo Grimaldos kazetariari eskaini nahi diot. Gugan bego!

Nork akabatu du Txanpuene baserria?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.