Bilboren lagun amerikarra
Bilboren lagun amerikarra
Venezuelaren aldeko manifestazioa deitu zen orain gutxi Bilbon, eta Nicolas Maduro, Venezuelako presidenteak, txio bidez eskertu zuen elkartasun keinua.
Gracias Bilbao por tu Solidaridad y Amor con nuestra Patria…frente a la agresion permanente del Imperio y la extrema derecha…Venceremos. https://t.co/Y7w1qsd2fJ
— Nicolás Maduro (@NicolasMaduro) June 18, 2017
Eta guk pozez zoratzen suposatzen dugu Bilboko Udala. Ez alferrik, Bilbon mundura begira egiten dira ekimen guztiak Azkunaren garaian hiriko kaleetan zehar egin zen World Series auto lasterketaz geroztik –gogoratzen?-; akaso baita aurretik ere.
Asko dira Bilbok, munduko hiriburu bihurtzeko asmoz, antolatu edo jaso dituen ekimenak:
- Xakearena
- Medikuntzarena
- Korrikalariena
- Energia berriztagarriena
- Ardoarena
- Rugbyarena
- Diseinuarena (doi-doi baina ez!)
- …
Google bilatzailean “Bilbao, capital del mundo” jartzea besterik ez duzu prentsan lerroburu horrekin hasitako dozenaka berri aurkitzeko. Izan ere, urteak dira Bilbon horrela aurkezten direla ekitaldiak prentsaurrekoetan, izan Bilbao BBK Live jaialdia edo Bilbao Night Marathon lasterketa; munduaren begirada bereganatzeko eta hiriaren ospea handitzeko (turismoa-turismoa-turismoa eta turismoa)… sekula ez bilbotarren beraien gozamenerako; gutxi balitz ere!
Horregatik, berriro diogu, pozez zoratzen egongo dira hiriko agintariak, alkatea eta zinegotziak -antolatzen dituzten ekitaldiek hiriari ekartzen dion onura ekonomikoa neurtzera ohituak-, lau milatik gora bertxiotze izan dituen Nicolas Maduroren txioak Bilbori, hiriaren irudiari, Ameriketan eman diezaiokeen bultzadagatik. Izan ere, zenbat balio du hiru milioitik gora jarraitzaile dituen agintari politiko baten aipamenak?