Altsasu, Big Brother eta abertzaletasuna
Altsasu, Big Brother eta abertzaletasuna –
Europako Batasunean, mundu osoan bezalaxe, neoliberalismoa nagusitu da. Ber-denboran, polliki polliki, gizarteak autoritarismorat lerratzen ari dira, askatasun publikoak murriztuz eta konteztazioak zapalduz. Euskal Herria mugimendu horren meneko egoteko arriskuan da, baina potentzial eraldatzaile handia duten borroka batzuk itxaropena pizten dute.
Aberri Egunaren testuinguruak abertzaletasunari buruz gogoeta egiteko parada eskaintzen du. Abertzaletasunak Euskal Herrian indartsu izaten jarraitzen badu, egoera orokorra eta Estatuen bilakaera kondutan hartuz, garai gogorrei buru egin beharko diela ematen du. Estatu espainolari dagokionean, eskuinak hartua duen muturreko bilakaera ikusita, degenerazio demokratiko batean murgildua dela erran daiteke. Estatu frantsesaren kasuan ere, txaleko horien oldartzeari podereak ematen dion erantzunean bilakaera autoritario argi bat ikusgai dugu. Maleruski, kapitalismoaren gora-beherek ezaugarritzen duten egoera orokorra aztertzen badugu, joera horiek ondoko urteetan aldatuko direnik ez dut uste…
Izan ere, 2008koa baino indartsuagoa izan daiteken finantza krisi berri baten leherketaren menturan gaudela diote ekonomilari gehienek. 2008ko krisiari nola erantzun dion oroituz, neo-liberalismoak ondokoari eman diezaioken erantzunaren nundik-norakoak errexki kokatzen ahal ditugu. Alde batetik, murrizketa politika gogorrak. Politika horiek finantza publikoak zorrozki kontrolatzea eskatzen dutelako, zentralizazio prozesuak ikaragarri indartzen dituzte. Bestaldetik, bir-banaketa politiken sakoneko aldaketa, babes-sozialaren sistemak eta probidentzi Estatuen desegitearen azkartze aldera. Txoke terapia bat suposatzen dituzten politika horiek sortzen dituzten leherketa sozialen arriskuen aitzinean Estatuak kikiltzen dira, erantzun bortitza eta autoritarioa aktibatuz.
Txinako nota soziala
Egoera orokor horren baitan, Euskal Herrira itzultzeko, borroka armatua bukatu den fase berri honetan, Estatuekin sekulan baino konfrontazio giro handienean murgilduko garela uste dut. Bereziki, Estatu espainolaren bilakaera ikusita, Altsasuko gertakariek ondoko urteetan Euskal Herrian bizi genezaken giroaren irudikapen adierazgarria ez ote diguten eskaintzen beldur naiz… Epe ertaineko aitzin-ikuspen ilun hori perspektiba luzeago batez marrazten segitzeko, krisi ekologikoa aipatu behar genuke ere. Baina guttiegi gogoetatzen dugun aldagai bat komentatu nahi dut hemen: teknologia numerikoen bilakaeraren haritik ernatzen ari zaigun mundua. Mundu hori irudikatzeko adibide bat baliatuko dut: Txinan gauzatzen ari diren “notazio sozialaren” esperimentazioa. Esperimentazio hori 2014ean abiatu da, milioika herritarren komunikazio guziak (telefono, maila, txioak, etab…) datu base erraldoi batean grabatuz. Komunikazio horiek Big Data teknologiaren protokoloekin arakatuak dira. Horri esker (baina ez bakarrik), herritar bakoitzarentzat “nota sozial” bat osatzen da. Ulertzen ahal denez, bere txioekin Xi Jinping eta alderdia kritikatzen dituen herritarrak ez du “nota sozial” biziki ona lortzen… Baina arazoa da “nota sozialak” bere ondorioak dituela… Global Times, Txinako gobernuaren agerkariak dioenez, haien nota sozial eskasarengatik 11 milioi pertsonei hegazkina hartzea debekatu zaie, eta 4 milioi herritarrei treinez bidaiatzea…
Panorama beltzean argi izpiak
Mundu berri honetan, George Orwell-en “Big Brother” errealitatea bilakatua da, eta Txinatik kanpo ere, beren burua lanjerrean ikusiko dituzten Estatuek indarrean jartzeko tentaldia edukiko dute… Panorama beltz honetan, argi izpiak daude halere.
Txaleko horien oldartzearekin ikusten dugun gisan, arlo sozio-ekonomikoan aipatu txoke terapiak eta Estatuen erantzun autoritarioek jendarteetan erreakzio zabalak eraginen dituztela pentsa daiteke. Bestetik, arrazoin ezberdinengatik langileen borrokak sistema kolokan jartzeko indarra galdu badu ere, potentzial eraldatzaile handia duten borroka (zahar) berri batzuk suspertzen ari dira: borroka feminista, ekologista, etorkinen aldekoa…
Borroka lerro horiek eta ezkerreko abertzaletasunaren artean konfluentzia dinamika bat ikusten ari gara. Baina konfluentzia hortan gehiago sakondu beharko dugu. Izan ere, borroka esparru horiek oraindik modu barreatuan edo paraleloan ibiltzen segitzen badute, egituratzen ari den egoerari (lokala eta orokorra) buru egitea oso zaila izanen zaigu.
Diozun bezala, kontrol absoluturako bidean daude hainbat estatu. Aurretik inoiz ikusi ez dugun totalitarismo berri baten atarian gaude. Informazio teknologiek, automatizazioaren bidezko langileriaren behar eza, aurrerapen armamentistikoek, aberatsenen eta behartsuenen arteko arrakalaren zabaltzeak eta herritarren armagabetzeak ahalbidetu du hau, historian lehen aldiz. Eta noski, mass mediak pasa den mendetik ahalbidetu duen buru garbitzea, hau berria ez den arren.
Horrek ez du zerikusirik ezker edo eskuinarekin, gobernu biek mundu osoan (Obama, Hollande, Sanchez, Jinping, Trudeau… seguraski ezkerra totalitarioagoa da) helburu berdina bait dute: herritarrak zintzo zapaldurik mantentzea fortuna handiek botere absolutua ziurtatzen duten bitartean.
Momentu historiko honetan aukeratu beharra dugu. Eta ez naiz ezkerraz edo eskuinaz ari, hori herriaren aurkako beste trikimailu bat besterik ez da eta.
Xabi, zeure azterketa gutxi gorabehera zuzena izanagatik erabat lekuz kanpo aurkitzen dut proposatzen duzuna. Garai nahasiotan paradigma politikoa “ezker vs. eskuin” izatetik “globalizazio vs. subiranotasun” izatera pasa da, baina badirudi oraindik ez zaretela ohartu.
Gutxitarako balio du abertzale eta borrokalari gisa definitzea, praktikan oligarkia globalistak zabaltzen duen kultura eta ideologia zabaltzen duzuenean. Progresismoaren ideiak, genero-ideologia eta multikulturalismoa bandera nagusitzat dituela, etsaiaren arma ideologikoa besterik ez dira herri burujabeen aurkako gurutzadan. Eta zuok kobertura ematen diozue (hegoaldean bezala) zuon oinarri soziala lehertzen ari zaretela ohartu gabe. Herriaren hondamendi demografikoa ikusi besterik ez dago konturatzeko.
Testuinguru ilun honetan euskaldunok geure biziraupena eta interesak defendatu behar baditugu, ezinbestekoa da ezarri zaizkigun tabuak botatzea eta estrategia partekatu baten baitan biltzea.
Izan ongi
Xabi, testuaren hasieran erraiten diguzu “abertzaletasunak Euskal Herrian indartsu izaten jarraitzen” duela, eta, hala ere bukaeran suposatzen duzu “abertzaletasunaren logiziela doi bat eguneratzea”ren beharra.
Guk baieztatzeko edo ezeztatzeko , inportantea litzateke lehenik jakitea zuretzat zer den abertzaletasuna , zer diren abertzaleen objektibo politikoak.