Bidaia bat munduan zehar (hamar argazkitan)

National Geographic-ek bidaia argazkien sariketa entzutetsu bat antolatzen du urtero orain dela 27 urtetik hona. 2015eko sarituak eman ditu jada ezagutzera.

Sariak banatzeko lau atal izaten dituzte kontutan, Bidaia Erretratuak, Aire Zabaleko Eszenak, Tokiaren Zentzua eta Bat-bateko Uneak -lauak nahastean dituzue hemen-. Aurten, 17.000 argazki jaso ditu sariketak.

 

Saritutako irudiak (azalpenak argazkilariek emanak dira):

 

Ohorezko Saria eskuratu dutenen artean dago “Errumania, maitagarrien lurraldea” izenburuko irudia, Eduard Gutescu argazkilariak “izozte zuria Pestera herri gainean“, definitzen duena.

Bidaia bat munduan zehar

 

Bartlomiej Jureckik ere Ohorezko Sari bat eskuratu du, “Menditar” deitzen den argazkiagatik. Irudiak “Poloniako sarale jasotze tradizionala” erakusten du; “oraindik ere asko baitira horretarako sarda eta sega erabiltzen jarraitzen dutenak”.

Bidaia bat munduan zehar

 

“Sauna zeruan” izeneko argazkiak ere Ohorezko Sari bat eman dio Stefano Zardini-ri. “Dolomiten bihotzean, Alpe italiarren ekialdean, Lagazuoi mendian, Cortinan, sauna bat dago 2.800 metrotara”.

Bidaia bat munduan zehar

 

“Argazkia egin aurretik, egun osoa eman genuen desagertzeko arriskuan den errinozeronte zuriari argazki on bat egin nahian”, dio Ohorezko Saria erdietsi duen Stefane Berubek. “Belar gainean astiro-astiro tatarrez, eta 30 oinetako distantziara, seguru egoteko, ezin izan genuen egin nahi genuen argazkia. Baina biharamunean, hara non aurkitzen ditudan hiru errinozeronteak belarra jaten pare-parean!”. Ugandan izan zen, errinozeronteen santutegi Ziwan.

Bidaia bat munduan zehar

 

Alain Schroeder-ek Kushti borroka indiarrari egin zion argazkia, eta beste Ohorezko Sari bat lortu. “Kushti Indiako borroka libre tradizionala da, `pelwhans´ edo borrokalariek soinean `langot´ deitzen den gerripeko bat baino ez dutela egiten dutena. Lokatzezko putzu batean sartzen dira, sarri gatzez, limoiz eta `ghee´-z (iragazitako gurina) nahastua izaten dena. Ariketen ostean, borrokalariak putzuaren ormen kontra igurtzi eta buru zein gorputzak lurrez estaltzen dituzte, izerdia lehortu eta ez hotzitzeko. Borroka osteko lasaitze errituak masajeekin bukatzen dituzte, giharreak lasaitu eta elkarri errespetua adierazteko”.

Bidaia bat munduan zehar

 

Hona bi haur ahate bat harrapatu nahian, Thailandiako Nong Khaiko ur-jauziaren errekan. Argazki honekin eskuratu zuen Ohorezko Saria Sarah Wouters-ek.

Bidaia bat munduan zehar

 

Ohorezko Saria da Bet McCarley-k eskuratu duena ere, “Gau bat Deadvelin” deitu duen argazkiarekin. Argazkilariaren esanetan: “Windhoek-etik bueltatu baino gau bat lehenago, ordu batzuk eman genituen Deadvelin. Ilargia urrutiko arezko dunak argiztatzeko beste dirdiratsu zegoen, eta zerua Esne Bidea eta Magallanesen Hodeiak (bi galaxi nano) ikusteko beste ilun. Deadvelik “urtegi hila” esan nahi du. Camelthorn zuhaitzak 900 urte inguru dituztela uste da, baina ez dira usteldu, giroa izugarri lehorra baita”.

Bidaia bat munduan zehar

 

National Geographic-en bidaia argazkien Hirugarren Saria Ahmed Al Toqi-k irabazi du “Camel Ardah” deituriko argazkiarekin; “horrela deitzen baita Oman-en egiten den gamelu lasterketa tradizionala. Eskarmentu handiko gizonek gidatutako bi gamelu izaten dira parez-pare lehian. Azkarrena izaten da galtzailea eta, beraz, maila berean abiadura berean joatean dago kontua. Lasterketaren helburu nagusia arabiar gameluen edertasuna eta indarra erakustean dago, eta gidarien trebetasuna. Ardah egoera arriskugarritzat hartzen da, gameluek espero bako erantzunak ematen baitituzte eta ikusleengana salto egiteko kapazak baitira”.

Bidaia bat munduan zehar

 

“Legar harginak” deitzen den argazkiarekin erdietsi du Faisal Azim-ek bigarren saria. “Hartxintxarra txikitzen duten lantoki hau hautsez eta arez josia dago. Lantokiko leihoko beiraren bestaldetik, hiru langile daude begira”. Chittagong-en dago lantegia, Bangladesh-en.

Bidaia bat munduan zehar

 

2015eko Sari Nagusia Patjane Floriuk-ek lortu du, balearen zuri-beltzezko argazki dinamiko honengatik, espero gabe egindakoa. “Balearen burutik hurbil nengoen argazkiak egiten eta, bat-batean, giratu eta igerian hasi zen gainontzeko urpekariengana; orduan lortu nuen argazkia!”.

Argazkia “Balea marmartia” deitzen da. “Balea konkordunarekin eta honen kume jaio berriarekin urpean ibili ginen, Revillagigedo irletako Roca Partida inguruan (Mexiko). Ezohiko lekua da eta bakarra bertan bizi den fauna pelagikoa kontutan hartuta; eta beraz, UNESCO-k Ondare Natural izendatzeko eginbideak azkartu beharra dugu, irla babestu eta inguru hartan ugaria den kirol arrantza zein legez kanpoko arrantza ekiditeko”.

Bidaia bat munduan zehar

 

Bidaia bat munduan zehar (hamar argazkitan).

Bidaia bat munduan zehar