Ternua… non gogoa?

Ternua
Lagun batek jarri ninduen arrastoan, “Ternuako hauek gero eta erdaldunago ari dozak”.
Eta bai, hasierako euskarazko esloganak desagertuz joan dira kamisetetatik, ingeles “kosmopolitaren” mesedetan, euskara negoziorako txarra balitz bezala. Euskara “erakargarri” egiteko ahaleginean “lagun”, nolabait esateko. Bezero euskaldun otzan asimilatuak zaindu beharrik ez balego bezala.
Eta Facebooken ere, ia-ia guztia españolez (barka bezate bihotz abertzalerdarazale minberek).
Eta gu etxean beti Ternuaren alde, euskaldunak zirelakoan, etxekoen alde egin behar delakoan, baina bertoko beste marka askorekin bezala, Ternuarekin ere atsekabea hartu dugu.
Eta jakin badakigunez bidea, beste norabait luzatuko dugu zangoa, Ternua erosteari utzita, euskaldunak berriz gogoan hartzen gaituzten arte.

Bide luzea…

Ternua

13 pentsamendu “Ternua… non gogoa?”-ri buruz

  • Nolakoak zarete euskaldunak. Ternuak euskaraz ezer jarri ezean, ez duzue Ternuaren arropa erosiko. Zeuen azala oso mehea da. Ez diozue garrantsitzua ematen euskalduna izateari? Zuek ikusiko duzue, baina artikulu islatzen duen aburu hori arriskutsua da.
    Horrela doaz gauzak.

    • Artikuluarekin bat nator.

      Ternuak ez dio euskarari uko egin behar. Ziuraski bere bezero gehienak, gaur gaurkoz, euskaldunak edo euskararen aldekoak dira. Abertzaleen “marka propioa” da. PNVko batek “abertzaleago” izan nahi badu, Ternua jartzen du, bere logoa agerian utziz.

      Eta bai, euskaldunok gure hizkuntza behar bezala baloratu behar dugu. Merkatuan milaka marka eta produktu dugun honetan, nik Ternua erosi dut euskararen alde egiten duelako (orain arte behintzat). Eta horrela egiten jarraituko dut (are gehiago, nahiz eta gehiago ordaindu -kalitatea erosten dudan heinean-). Horrela egin beharko genuke euskadun GUZTIOK.

      Euskaraz bai? Ba erosiko dizut. Euskaraz ez? Ez dizut erosiko. >> Hori egiten ez dugun bitartean, euskara administrazioaren diru-laguntzen atzetik egongo da. Folklorismo hutsean geratuko da.

    • Alex, gauzak “horrela” doaz, euskaldunok ez dugulako geure hizkuntza behar beste estimatzen. Españolek espainiera beste, berbarako.
      Batzuok euskaldun izateari garrantzia ematen diogulako erosten genuen Ternua, hain zuzen.

  • Euskaldun bat 2015-08-10 21:13

    Lehenik eta behin hemengo produktuak (hemen ekoiztutakoak edo hemengo markak behinik behin) erosten saiatzen naiz hizkuntzari begiratu gabe baina hemengoen artean batek euskara erabiltzen badu nik hura erosiko dut zalantzarik gabe. Adibide ederra: Kaiku edo Euskal Herria esnea. Eta Euskal Herrian ekoiztutakoa ez bada ere, euskara erabiltzen badu, itsu-itsuan erosiko dut. Zer gertatzen da ba, Alex? Ez zaizu gustatzen ala? Ingelesek edo españolek ez dute horrela ibili beharrik eta beraz, hizkuntzaren baitako erosketa-joera hauetaz barre eta iseka egingo lukete. Hemengo posabertzalista aurreratu zenbaitzuk ere bai beharbada, mundua asko ikusitakoak baitira…

  • Ba niri horixe iruditzen zait folklorismoa: kamiseta bat erostea eslogana euskaraz dakarrelako.

    • Ez da folklorismoa bakarrik. Ez da kamiseta baten eslogana bakarrik: webgunea euskaratua izatea, kirolari/talde/jarduerak babestea, langile euskaldunak kontratatzea… Gurea herri eta hizkuntza txikia da. Baina horrek ezberdindu egiten gaitu besteongandik. Folklorea ona da. Baina mamiaz inguratua behar du izan.

    • Euskaldun bat 2015-08-11 14:13

      Zigor, ez da folklorismoa soilik. Niri ere gustatuko litzaidake kamiseta bat erosterakoan horrelako gauzei erreparatu beharrik ez izatea. Egia da baita, batzurentzat kamisetako euskaran amaitzen dela euskara. Elkarrizketa guztia erdara hutsean egin ondoren “agur” esanez agurtzea adibidez, hori bai dela folklorismoa. Españoletik hitzen bat desagertzear badago “adios” da. Euskarazko esloganen bat duen kamiseta erostearekin ekoizleei mezu bat bidali nahi diezu, euskararekin negozioa egin dezaketela ikusten badute etorkizunean gauza gehiago egitera animatuko dira. Euskararen presentzia aregotzea da helburua, besterik ez.

  • Irakurri ondo testua, Zigor. Esango didazu folklorismoa non dagoen.
    Folklorismoa eta kosmopaletismoa nahi badituzu, horra azken Ternuakeria:
    “¡¡El equipo de friends de Ternua sigue creciendo y os presentamos a la incorporación más reciente, la escaladora Eilleen Jubes!! Esta escaladora logró el primer puesto en la Copa de España de dificultad en 2013, así como en el Campeonato de España de dificultad y el Campeonato de España de bloque.”
    Conócela en: http://www.ternua.es/sobre-ternua/friends/eilleen-jubes
    Hori bai, euskarazko izen eta eslogan baten azpian, badaezpada ere…

  • TERNUAtarrok, ez ote duzue ZANGOA sartu duzuen lekutik aterako?

  • Peru Dulantz 2015-09-15 08:50

    Nik Altzolako ura edateari utzi nion etiketa elebiduna kendu eta euskarari inolako lekurik ematen ez dion “Basque water” berria jartzen hasi zirenetik. Koherentzia, lagunok!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude