Bi igande odoltsu

Bi igande odoltsu

Irlandarrek igande odoltsu bat izan zutela gehienok dakigu, baina ziur hurrengo bi datuak ezetz: lehena, Derryko igande odoltsua gaurko egunez gertatu zela, duela 45 urte; bigarrena, ez zela lehenengo Igande Odoltsua izan.

Irlandako Independentzia Gerra 1919-1921 urte artean eman zen, eta amaieran, dakizuen moduan, ez zuten osoki jarraitu Britainiar Inperioaren menpe, ez eta okupatzailea irla osotik bidaltzea lortu ere. Urte horietan Michael Collins izan zen IRA-ko buruzagi esanguratsuenetakoa.

Bi igande odoltsu
The Cairo Gang

Kondairak dioenaren arabera, Dublinen bizi zen emakume irlandar batek zerbitzu sekretu britainiarretako ofizial baten etxea garbitzen zuen, eta egun batean sekulako altxorra topatu: agente sekretu esanguratsuenen identitatea agerian uzten zuen zerrenda. Zerrenda hori Collinsen eskuetara iritsi zen. 1920eko azaroaren 21eko egunsentian, IRA-k Britainiar Inteligentzia Zerbitzuko The Cairo Gang deituriko 18 goi agintariak hil zituen. Informazioa kasualitatez iritsi zen Collinsengana, baina britainiarrek pentsatu zuten irlandarrak haiek uste baino indartsuago zeudela; horri esker askoz ere posizio hobean iritsi ziren negoziazio mahaira.

Baina hori ez zen izango egun hartan isuriko zen odol bakarra.

Gobernu britainiarrak bere indar paramilitarrak zeuzkan, Black and Tans eta Auxiliary Division. Talde hauek irlandarren aurkako ekintza basatiak egin zituzten, eta denetan entzutetsuena egun hartakoa.

Bi igande odoltsu
Dublingo taldea. Bi jokalari hil zituzten.

Dublingo futbol gaeliko taldeak Tipperary futbol taldearen aurkako partida bat jokatu behar zuen Croke Park estadioan. Paramilitar britainiar batek utzitako testigantzaren arabera, zalantzak izan zituzten non “itzuli” goizeko kolpea, estadioan edo Dublingo Sckville kalean. Txanpona bota omen zuten airera, eta estadioari tokatu zitzaion.

10.000 inguru ikusle joan ziren Croke Parkera partida ikustera. Norgehiagoka hastear zela abioi batek estadio gaina  zeharkatu zuen, eta pilotuaren kabinatik sugar gorria bota. Orduan paramilitarrak estadioan sartu eta sarraskia hasi zuten. Orma gainean zegoen ofizial batek errebolberrarekin tirokatu zuen jendea; zelaitik ikusleei egin zieten tiro eta sarreratik ere ametralladorea geratu gabe aritu zen. Emaitza: 14 hildako eta 65 zauritu.

1972an, Derryn, berriz ere Igande Odoltsua izan zen, gaurko egunez; eta berriz ere 14 hildako izan ziren. Jakin, behintzat, koinzidentzia tragiko bat dagoela atzean.

Bi igande odoltsu