Bartzelonako kaleetan arnasten den garaipena
Bartzelonako kaleetan arnasten den garaipena –
Duela pare bat aste iritsi nintzen Bartzelonara, unibertsitateko lehen urtea hasteko ilusioz, jende berria ezagutzeko gogoz, urduritasun biziz, pozez gainezka. Ikurrina ekarri nuen maletan ezkutatuta, lauburua lepotik zintzilika, nolabait ere nire izaeraren babesle, euskarri, izango balira bezala.
Irailaren 11n, Espainiako txoko desberdinetakoak ziren eta ezagutu berri nituen lagunekin atera nintzen goizean, ikurrina poltsan gordeta. Laister, baina, Diadaren eguneko giroak inguratu ninduen, nire gorputzeko ileak tentetuz, zirrara sortuz, eta gainerakoen begiradaren aurrean atera nuen ikurrina poltsatik, irribarre batekin, harro, ilusioz. Valentziako mutil batek galdetu zidan lehenengo ea nire familia independentista zen. Zer erantzun? Argi eta garbi esan nion baietz, arrazoiak banituela horretarako, nire artean pentsatuz hura nintzela ni eta halaxe onartu beharko ninduela, alegia.
Arratsalde hartan bertan murgildu nintzen Bartzelonako kale nagusietako estelada tartean, ikurrina bizkarrean nuela, eta festa giroan jardun genuen lagun pare batek eta nik, emozioz gainezka, zirraraz gainezka, eta bai, inbidiz eta itxaropenez gainezka.
Egun batzuk geroago, urriaren 1eko galdeketara gerturatu ahala, iritsi zen lehen atxiloketen oiartzuna unibertsitateko geletara. Onartu behar dut beldur apur bat ere eman zidala egoerak une batez, baina laister ulertu nuen borroka izateaz gain prozesua ospakizun bat zela, garaipen bat.
Nola azaldu, herriaren erantzuna eta hark eragin zidana? Sekula ez nuen ikusi halako demokraziaren aldeko borrokarik: kaleak pare bat ordutan bete ziren, musikaz, esteladez, oihuz, pozez, haserrez, eta berehala ulertu nuen Kataluniako herria geldiezina zela. Hain zuzen ere, Espainiako gobernuaren errepresioaren aurrean herriak erantzuten jakin zuen eta jada protagonista ez zen ez baiezkoa ez ezezkoa, protagonista bakarra demokrazia zen, aske bizitzeko askatasuna eta nahia. Ez zen besterik.
Eta badakit gai hau izango dela hilabeteko gairik aipatuena, baina ezin izan diot honen berri idazteko inpultsuari eutsi, ez, behintzat, nire ikuspuntutik analizatu gabe. Telebistak piztu eta kontu asko entzuten dira, gobernu baten eta bestearen arteko liskarrak eztanda egiten dute, baina kaletik barrena ez da gerra hotsik aditzen, festa hotsak, garaipen oihuak baizik.
Une hauetan euskaldunok Kataluniari babesa ematea erabaki dugu eta nik hemen jarraituko dut kaleetatik barrena askatasuna arnasten, baina prozesu honek guztiak euskaldun bezala ditudan ametsak ere azaleratu ditu. Argi utzi nahi dut ez dudala inongo iritzirik emateko asmorik, prozesu hau legala izan den ala ez hausnartzeko gogorik ezta gure prozeso hipotetikoa nolakoa izan beharko lukeen azaltzeko betarik ere, baina Euskal Herrian bizi nahi dut azken astean Kataluniak bizi duen itxaropen eta kemena, garaipenerako nahi berdina sentitu nahi dut zainetatik barrena eta ez dut ikurrina esteladaren lagun izateko bakarrik eraman nahi, protagonista izateko baizik.
Egun hauetan Kataluniako ameslariek eta demokratek bizi dutena izugarria da, inoiz ikusi gabea, eta orain beraiei gure babesa ematen zoriontsu bagara ere, noizbait gure borroka hasteko ilusioa ere poztu didate Bartzelonako kaleek eta unibertsitateko aldarrikapenek. Zain geratzen naiz beraz.