Barnetik jalgi beharreko iraultza
Barnetik jalgi beharreko iraultza
#NuitDebout Mugimendua Pariseko Errepublika plaza sinbolikoan sortu bezain pronto hasi dira gau osoan bertan gelditzen diren ehundaka jendez osatu taldeari buruzko azterketak, aurreikuspenak, gogoetak eta galderak.
Nor dira jende horiek? zergatik biltzen dira ?
Frantziako gobernuaren lan erreforma salatzetik, Madrilgo «Indignados» bezalako mugimendua izatera pasatuko dira? Oraindik goizegi da galdera horien erantzuteko baina badirudi Paristarren ekintza hedatzen ari dela, dagoeneko exagonoko hainbat hiritan beste NuitDebout batzuek deituak dira datozen egunetarako… Baionan adibidez apirilaren 15ean finkatu dute lehen Gautxorien tenperatura hartzea… Lagun batek bidali dit gonbidapena elgarretaratzera hurbiltzeko… Erantzunik gabe utzi dut gomita, ezezko borobilarekin berehala ez erantzuteagatik, «la politesse» badakizue… Gomita jasotzean gogoeta piztu zait halere: Jasone zergatik ez duzu joateko asmorik? Beti ari zara, sistema, Pariseko gobernua, egoera soziala, eskubide urraketak salatzen, lan duina, errespetua eta horiek bezalako aldarrikapenak ahoan itzulika eta orain, zu bezala (ustez) pentsatzen dutenekin elkartzeko asmorik ez duzu?
Aitortzen dut, Pariseko bapateko mugimendu sasi-iraultzaile honek hastapenetik ez dit aparteko ilusiorik sortu. Ez dut bertan bildutako jende askoren zintzotasuna zalantzan jartzen… Batzuena bai ordea. Seguru naiz milaka jende horien artean, askok badutela gizarte gero eta ustelago honen aldatzeko gogo zintzoa…. Ainitz aspertuak dira Hollanderen gobernu zozoaz, Europaren politika jasanezinaz, bizi baldintza prekarioez… Ni bezala.
Baina noraino doa pariseko jende horien eta nire arteko antzekotasuna? Norainoko gizarte aldaketa nahi dute, nahi dut? Galdera horiek nere buruari egin eta Podemos etorri zait burura…
Hasierran, Indignados mugimendua Madrilen sortu zenean harritua, pozik eta baikor ikusi nuen: Azkenean iritsi da bai mundu honen bilakaera inposatuaz aspertuak garenon altxamendua! Mundu hobea nahi dugu denontzat! Aukera berdinak denontzat!!
Gero Madrildarren gaitzidura maila behera joan zen eta Herritar plataforma izatetik hauteskundeetan poderea hartzeko mugimendu/alderdi bilakatu zen Podemos… alderdi espainola, hots espainar estatuaren interesak lehenesten dituena, beste gaitzidura guztiak sailkatzen dituen identitate irazki hortarik pasaz. Ondorioz, aukera berdintasuna, mugatua, edo hobeki erran, ezeztatua gelditzen da erabat bereziki, Euskal Herritik, nortasun ezberdina duen jende multzo honetatik begiratuz geroz…Eta ilusioak porrot egin zuen.
Gero Greziako hauteskunde kanpaina iritsi zen albistegietara; Itxaropenez entzun nituen nik ere, Aléxis Tsípras-en diskurtso apurtzaileak,… Piztu bezain pronto itzali zen sugarra han ere.
Orain badator Nuit Debout gureraino…. Hor ere webgune ofizialeko lehen lerroetan ,munduaren etorkizunaz gogoetatzeko gomita luzatzen dute. Ados.
Baina munduaren aldaketa hori Pariseko zilborretik ikusirik berriz?
Berriz ere jendearteko txikikerietan denbora galtzearen zantzuak hartzen diot mugimendu gautxori frantsesari. Iduritzen zait, gure gainean, Pariseko Errepublika plazako, Euskal Herriko, Siriako, Tibet-eko, Mexikoko, Brasilgo, eta munduko batzer guztietako jende haserre, gaitzitu eta zintzoen buruen gainean dauden poderedunen jokoan aurreikusitako gertakari konponerraz batzuk besterik ez direla mugimendu horiek. Motzak. Kontuz, berriz diot: ez dut zalantzan jartzen horietan bildutako jende gehienen zintzotazuna eta ez ditut ekintza horiek zuzenean kritikatzen… baina mugimendu horietan beti bada protagonismo berezia behar duen jenderik, politikari frustratu ala bazterturen bat, dirua, arrakasta, interesa edo ikustate bila dabilen beste bat, teorian bikain eta gero praktikan kontrako joera erakusten duena… eta madril edo pariseraino ez da joan behar horrelakoak gurutzatzeko.. Hemen gurean ere baditugu, ezagutzen dugu etiketa ederraren atzean jokamolde nazkagarria daukan jendea. Askotan, egiazkotasun eskaseko jende horien esku gelditzen da mugimendu osoen kudeaketa… eta azkenean horien kriterio propien araberan eginen da herritar mugimendu ainitzaren bidea… bide hertsiagoa, mugatua beraz.
Hau ez da jujatze bat, behatzea baizik. Ez dut erraiten mugimendu horiek txarrak direnik baina tamalez uste dut ez direla nahikoak parean edo hobeki erran gainean daukagun aurkari(ar)en kontra jotzeko. Mundu honetako agintariek jakin dute ongi antolatzen, kudeatzen, elkaraditzen; baliabide guztiak dituzte ere gu beldurpean biziarazteko eta domestikatzeko… hedabideak, armadak, erlijioak, dirua,… tresna indartsuak dituzte eta ongi erabiltzen/uztartzen ikasi dute, gu ezintasun sentimenduan itotzeko.
Ondorioz, mugimendu horietatik harago joateko bideak bilatzeko garaia da zerbait eraginkor nahi badugu sortu. Eta gero eta konbintzituago naiz etorkizuneko baikortasun bide horiek, barnerago bilatu behar ditugula…
Bai uste dut edozein mugimendu sortu ala integratu aitzin, lan pertsonala egin behar dugula denok; denbora hartu behar dugu nor garen aztertzeko, serioski , sakonki, kanpo eraginik, hezterik gabe.
Berriki irakurtu dut: «inportantea ez da egiten duzuna, egiten duzun horretan zu nola zauden baizik» edo horrelako zerbait. Lan pertsonal hori, lan espiritual hori da niretzat biharko iraultzaren iturria… Denona… izan ere denok badugu zer aztertu. «Sentitu , pentsatu, ekin!» Euskal Herriko pailazo famatuenek (Irrien lagun bikainak) behin eta berriz errepikatu lelo sinple bezain sakona berreskuratu daiteke bide horretan. Sentitzen berrikasi behar dugu, hori baita denon erregai ahanztua…. Gure baitan indar ahaztuak ditugu denok, gaudenaz gogoratzeko, beldurrra maitasunarekin ordezkatzeko, nahi duguna zehazteko eta nahi ez duguna argi uzteko. Gainera indar horrek munduko herritar guztiok daukagun enbor berdina agerian uzten laguntzen digu… Guztion enborra, izan iparrekoa, hegoaldekoa, kontinente batekoa zein bestekoa, podereduna, diruduna, zintzoa, pobrea…
Batzuen irrifarra ikus dezaket jadanik ; «happy flower, happy power moderno horiek »… pentsatuko duzue irakurle askok. Eta aitortu behar dut ni izan naizela irri karkailaka hasi den horietako bat energiekin lanean dabilen jende batzuen hitzak entzutean ….Experimentatu arte.
Argi da, orain arteko gatazkak, injustiziak, zapalkuntzak, hezkuntza, eraginak, manipulazioak, beldurrak, haserreak , ezabatzeko lanak batetik eta etorkizun baikorragoan sinisteak denbora eskatzen duela, denbora asko… Gure baitatik hasi behar dugun iraultza horrek ez du berehala fruiturik ekarriko… Hezkuntza, irekidura, tresnak ezagutaraztea, erabiltzea, indarrean jartzea…eta beste hamaika urrats badira egiteko onurak agertu aitzin … baina hasi behar dugu bidea aipatzen, eztabaidatzen, nahiz eta batzuentzat, inozo, irrigarriak izan. Nik asumitua dut.
Gure, ezkerreko, eskuineko, gaineko, behereko denon, kontzientzia altxatzeko garaia da.
Txapa hau bukatzeko berriki irakurtu dudan beste erranaldi hau (euskaratua): «Batzuetan gauzak, dauden bezala begiratzen ditut eta zergatik? galdetzen diot nere buruari. Beste batzuetan ordea izan daitezkeen bezala begiratzen ditut eta datorren galdera da: ZERGATIK EZ?».
Espainiako iraultza ta “aurrerapen” bakoitzean euskalduak kaltetuak izan gara historia osoan, hemen orain PODEMOS ustezko iraultzaileekin gertatu dan bezala.
Baina jarri mundu guda, La pepa delakoa… bakoitzan galdu egin dugu.
Hara! Euskal Herria euskalduna mantendu duen atzerakoitasuna eta tradizionalismoak aldarrikatzen dituzu oraingoan? Tira aurrerapausu bat da… baina tamalez uste dut erratuta nagoela…
Argi dago bakoitzak nahi duena ulertzen duela.
Hemen , Espainia ta Frantzian emandako iraultzetan, gudetan… guztietan euskaldunak galtzaile atera gara, hori ez du zerikusirik tradizioekin, historia da besterik ez.
Orain nikPODEMOS defendatzen egon naiz edo? Ea asmatzen dudan, tradizioena arrazismoa bultzatzeko erabili nahi dezu ezta?
Ziur erratuta nagola baina…
Txantxa moduan idatzi nuen, baina arlo sozialean Podemos eta EH Bilduk berdin-berdinak dira.
Pablemosen jaiokuntza aukera ezin hobea da sekta hortan herriaren aurka dagoan zabor anitzkulturazale guztia botatzeko.
“Anitzkulturazale” izatea ez du ezer txarrik, arrazista argumentu gabea izatea ordea bai.
Bueno, nik esango nuke kultura aniztasuna dauden estatuetan kultura bakarra dagoen estatuetan baino arazo gehiago daudela, Adibide pila daude giza historioan hori ziurtatzeko.
– Palestina/Israel
– Arabiarrak eta berebereak Ipar Afrikan.
– Hinduak eta musulmandarrak.
– Hinduak eta melanesiarrak Fijin.
– eta abar.
Eta arrazismo kontua ez dela ziurtatzeko:
– Hutuek eta tutsiek Ruandako genozidioan.
– Ipar Irlandandako gatazka.
– Ukraniako gatazka.
– Baltiar estatuetan baltiar eta eslaviarren arteko tira-birak.
-Espainian hainbat nazionalismoen tira-birak.
– Kanadan frantsez eta ingelesen arteko tira-birak.
– Balkanetako guda.
– eta abar.
Hitlerren alemania,Musolinirena,Francorena…. Den denak kultur aniztasunagatik izan ziran edo? Ehundaka adibide (milaka hobeto erranda) aniztasun hori gane,mota guztietako gudak izan ta duten herrialdeak. Gaur egun kosta rica adibidez.,baina hortik adibide pila daude. Ez da aniztasuna,batzuk besteen gainetik jartzea baizik. Ongi izan.
Nik ez dut esan guda guztiak kultura-aniztasunaren erruz sortu zirenik. Kultura-aniztasunak arazo gehiago sortzen dituela esan dut. Zuk aipatutako kasuetan beste aniztasun mota bat zegoen, ideologikoa, Aniztasun kontuetan beti sektore bat beste sektore edo beste sektoreen gainetik egon nahiko da, talde bakoitzak bere interesak defendatuko dituelako.
Oporretatik itzultirik behako bat bota diet nere artikuluari buruzko goi honetako iruzkinei …
Atzera begira,iraganeko gatazkak, pairatutako porrotak, egindako akatsak… Guztiek iraganeko kontuak aztertzen, eztabaidatzen, baloratzen, kritikatzen , justifikatzen salatzen
Horiei esker, guztiz ariketa interesgarria eta egin beharrekoa egiten da iruzkinei esker Baina, atzera begira egon ordez, etorkizunari begira jartzen bagina gehiago? Herri honetan, gure baitan, urrunean, bide berriak aztertzeko, gogoetatzeko , proposatzeko , sortzeko, amesteko, sinesteko?
Atzera begiradak eta etorkizuneko erronkak ez dira kontrajarriak, osagarriak baizik. Baina askotan iduritzen zait iraganeko akatsak gehiegi behatzeak oztopatzen dituela erabat etorkizuneko bideak. Argi da akatsez betetako bideak ditugula denok …baina horiek biharko egunak sakonki hobetzeko baliatu behar ditugu. Bizi garen aro honetan argi geratzen zaigu bide txarretik goazela, gauza asko aldatu behar direla mundu honetan denok hobe bizitzeko. Nik sinisten dut aukera hori badugula lurtarrok… Mundu hau ez da poderedun bakar batzuek inposatu eta sinestarazi nahi diguten bezain ustela, … Ez mundu hau askoz jusutuago, orekatuago eta ederrago bilaka dezakegu , denon artean sinisten badugu aukera hori… Ausardia behar dugu iraganetik ikasiz biharko konzientzia berria eta denontzat onuragarria pizteko.