Euskal Herritik haragoko inprobisatzaileak

Euskal Herritik haragoko inprobisatzaileak

Ahozko literaturan aberastasun handia daukagu euskaldunok; ez bakarrik, baina zati handi batean bertsolaritzari esker. Beti mirestu izan dut bertsolariek egin duten ariketa mentala. Ikusgarria da hitzak nola josten eta errimatzen dituzten ikustea.

Euskal Herritik haragoko inprobisatzaileakDena den, batzuetan (bereziki aitona-amonei entzutean) iruditzen zait badagoela horrelako pertzepzio bat bertsolaritza modukorik munduan ez dagoela pentsatzekoa; eta ez da egia. Beno, bertsolaritza guk ezagutzen dugun moduan akaso ez, baina inprobisatzaile mordoa dago. Repentistak dira kanariarrak eta kubatarrak, dengbej-ean aritzen dira kurduak, glosa darabilte katalanek, Regueifa galiziarrek, poesia a bolu sardiniarrek eta milaka gehiago nazioarteko beste hainbeste tokitan.

Uztailean 11tik 16ra bitarte ospatuko dute Donostian Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko topaketa Mintzola Fundazioak eta EHUko Udako Ikastaroak antolatuta. Ez da halako ekimen bat antolatzen duten lehen aldia, “Ahozko inprobisazioa munduan” izenpean 2003 antolatu zituen lehen topaketak Bertsozale Elkarteak.

Zenbait paralelismo daude bertsolaritzaren eta gainerako inprobisatzaileen artean: Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, eta gutxiengoan dauden hizkuntzen testuinguruen eta ahozko tradizioaren arteko erlazioa, besteak beste. Gai horiez gain genero ikuspegia ere landuko dute topaketetan. Lanketa handia egiten ari baitira bertsolaritzan bederen generoaren ikuspegitik.

“Europa bat-batean” izango du izena ekimenak eta hitzaldiak uztailean izango badira ere, giroa berotzen aurretik hasiko dira: lehenengo hitzordua larunbatean Bilbon.

Euskal Herritik haragoko inprobisatzaileak