Bananak Eskandinavian
Bananak Eskandinavian
Demagun plan berezia daukazula gaurko. Zerbait berezia ospatzeko, bizitza bera agian, kanpora zoaz bazkaltzera, toki elegante batera. Egun zoragarria da, eguzkitsua, eta jatetxe atzealdean kanpoan bazkaltzeko aukera tokatu zaizu, laiotzean, fresko eta goxo aldi berean. Langileak fin zerrendatu dizu eguneko menua, eta aukera sortaren artean, gorputzak menestra eskatu dizu. Iritsi da menestra platerera, kea dariola, kolore eztanda batean. Platerak botatzen duen lurrinaren artetik jatetxe aldameneko baserria ikusten da, baita kanpoan dagoen baratza ere. Azenarioak, ilarrak, tipulak… daude bertan. Orain mesfidati begiratzen diozu menestrari, dokumentazio eske.
Hori da batere graziarik egiten ez duen globalizazioa, testuinguru sozioekonomikoa hankaz gora jarri duena, gure kalterako. Baina gaur globalizazioari lore pare bat eskaini nahi dizkiot; globalizazio hitza beste modu batean ere ulertu daitekeelako.
Irudi hau topatu dut, eta tamalez ez da argazkilariaren izena ageri. 1905. urtean ateratakoa da, Norvegian, eta lurraldera iritsi zen lehen banana kargamentua agertzen da bertan. Oraindik oroitzen naiz nire amonak jarri zuen aurpegia, behin etxean bazkal ondoren azkenburukoa eskaini genionean. “Goxoa dago ba mango hau!” Ederra litzateke, argazki honetaz gain, Eskandinavian bere bizitzan lehen aldiz fruta tropikal bat dastatu zuen uneko norbaiten argazkia balego.
Tokian tokikoa, eta garaian garaikoa, ados, jo eta su. Horregatik iruditzen zait munduaren beste puntako fruituak jatea zerbait berezia dela; ohituretan ere hori bera izan beharko litzatekeelako, zerbait berezia, noizbehinkakoa.
Bananak Eskandinavian