Sautrela 434: Jon Alonso, Mein Kampf eta Rock’n’roll

 

Gai hitsak ekarriko ditu aste honetako Sautrelak. Jon Alonso idazlea berriki argitaratutako saiakera txiki batekin etorriko zaigu, Beltzaren koloreak lanarekin. Nobela beltzaren bilakaerari begirada azkar bat eman, eta ondorio nagusi bat islatu du Alonsok bertan: oro har, nobela beltza, boterea kritikatzetik, sistema sozioekonomiko neoliberala onartzera igaro dela dio. Genero honetako 25 idazle eta 100dik gora eleberri aztertuta atera du Jon Alonsok bere ondorioa, eta elkarrizketan zehar, Sautrelatik iragandako Henning Mankell, Donna Leon eta Gotzon Garate ere izango ditugu aipagai.

Erreportajean Alemaniara begira jarri eta Adolf Hitlerren Mein Kampf izango dugu hizpide. 70 urteren ostean, ostera ere salgai da nazionalsozialismoaren ideologia laburbiltzen duen liburua. Edizio kritikoa da berrargitalpena, alegia, Hitlerren argumentu ideologikoak desmuntatzen dira bertan; baina hori ez da aski Alemaniako zenbait sektorerentzat. Izan ere, testuinguru nahasi batean etorri da liburuaren berrargitalpena: Europaren gotortzea, errefuxiatuen krisia, xenofobiaren gorakada… nolako eragina izan dezake Mein Kampfen berrargitalpenak egungo testuinguruan? Ludger Mees EHUko historia irakasleak eta Markos Zapian filosofoak emango digute erantzuna.

Juan Luis Zabala Rock’n’roll liburuarekin etorriko zaigu, Aingeru Epaltzak 2000. urtean argitaratutako eleberriarekin. Izenburuak musika gaiak kontatzen dituela iradoki arren, nobela beltzaren kutsua du liburuak, Epaltzak, Eduardo Saragueta kazetaria jarri baitzuen hilketa bat eta gorpu baten desagerpena argitzen.

Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Jon Alonso

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen
Sautrela 434: Jon Alonso, Mein Kampf eta Rock’n’roll

Zer duzu buruan “Sautrela 434: Jon Alonso, Mein Kampf eta Rock’n’roll”-ri buruz

  • Oso ona gaurko saioa. Jon Alonsoren liburua irakurtzeko gogoz.
    Ludger Mees ondo egon da, baina “baina” batekin: ez zait gustatu esan duenean euskara hikuntza politegia dela Mein Kampf-arekin zikintzeko (gutxi gorabehera). Goitik beherako behakoa iruditu zait, “zuek egon lasai zuen Arkadia aratz eta garbian”, nolabait esateko.
    Zabalaren gomendioa ere kontuan hartzekoa.
    “Jon Alonso, Mein Kampf eta Rock&Rolla”: ez da izenburu txarra liburu beltz baterako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude