Baldintzatutako hauteskunde kanpaina

Baldintzatutako hauteskunde kanpaina –

Apirilaren 10ean eta 24an izango diren Frantziako presidentetza hauteskundeetarako kanpaina ezohikoa izaten ari da, hainbat gertakizunek erabat baldintzatu baitute. Izan ere, aurreko kanpainetan ez bezala, non mitinak, bilkura publikoak, telebista-eztabaidak edo hautesleekiko harreman zuzenak nagusitu ziren, kanpaina hau oso berandu hasi da, eta ez dago benetako eztabaidarik komunikabideetan. Horren ondorioz, herritarren interesa apalagoa izateaz gain, plazaratu diren zundaketek diote abstentzioa %29koa izan daitekeela, kontuan izanik ordura arte izandako presidentetza hauteskunde guztietan, lehenengo itzulian, abstentzioa %25 baino apalagoa izan dela —2002an izan ezik, %28,4koa izan baitzen—, eta, bigarren itzulian, izena eman dutenen laurdena soilik 2017an gainditu zela, %25,44an kokatuz. Azpimarratzekoa da gazteak eta herritar xumeak direla hauteskunde ezberdinetan gutxien parte hartzen duten kolektiboak. Baina, zein dira hauteskunde kanpaina hainbeste baldintzatu duten faktoreak?

Baldintzatutako hauteskunde kanpaina
Arg: AG

Lehenik eta behin, koronabirusaren pandemiak eragin zuzena izan du, bereziki kanpainaren lehen hilabeteetan. Izan ere, 2021eko amaiera eta 2022ko hasiera bitarteko bolada pandemiaren bosgarren olatuak markatu zuen, kutsaduren hazkunde nabarmen bezain geldiezinarekin eta gobernuak hartutako neurri mugagarriekin. Kutsatua izateko kezkari, elkarretaratze handien debekuak, edukiera mugatuak eta distantzia neurriak gehitu zaizkio. Hori dela eta, hautagaiek aurreikusi zituzten ekitaldi ugari bertan behera geratu dira, eta kanpaina egiteko modu alternatiboak aurkitu behar izan dituzte (sare sozialak erabiliz batik bat), arrakasta ezberdinekin. Edozein kasutan, agerikoa zen, zundaketek zioten bezala, une horretan, herritarren kezkak bestelakoak zirela eta presidentetza hauteskundeak oso urruti ikusten zituztela.

Bigarrenik, bere hautagaitza aurkeztu aurretik eta komunikabide batzuen babesarekin (CNews adibide dela), Eric Zemmour-ek espazio mediatikoa gogaitu du, immigrazioaren, delinkuentziaren eta identitate nazionalaren gaiak behin eta berriro aipatuz. Hizkuntza bortitza erabiliz eta eraso gogorrak eginez, debate politikoa zeharo polarizatu du, kolektibo batzuk estigmatizatuz, hautagai zenbait irainduz eta giro politikoa gaiztotuz. Jarrera horrek bere jarraitzaileak mobilizatu baditu eta komunikabideen arreta eragin badu, beste hautagai batzuk normalizatu ditu, Marine Le Pen adibide dela, eta, batez ere, herritar ugari nazkatu ditu, politikarekiko urruntasuna eta mesfidantza areagotuz.

Hirugarrenik, legeak baimentzen zion azken unera arte, Emmanuel Macron-ek uko egin dio bere hautagaitza aurkezteari, esanez herritarren kezkak bestelakoak zirela eta azken momenturaino gobernatuko zuela, bai Frantziako presidente gisa baina Europako Batasuneko lehendakari bezala. Nahiz eta gainontzeko hautagaiek Macron-en jarrera arbuiatu, esanez diru publikoa erabiliz eta bere karguak ematen dion abantaila probestuz kanpaina egiten ari zela, azken unea itxaron du bere hautagaitza aurkezteko. Aitzitik, urrats hori eginda ere, argi utzi du ez zeukala beste hautagaiekin eztabaidatzeko asmorik, adieraziz bere aurrekoek antzeko jarrera eduki zutela eta ez lukeela zentzurik edukiko hamabi hautagai batuko lituzkeen telebista-eztabaida batean parte hartzeak. Eta Ukrainako gerraren eztandak aitzakia gehigarri bat eman dio horretarako.

Laugarrenik eta azkenik, hauteskunde kanpaina bere une erabakigarrienean sartu behar zenean, Ukrainako gerrak eztanda egin du Errusiaren erasoaren ondorioz. Gerra horrek eragindako sarraskiek, heriotza zein zauritu kopuruek, eta errefuxiatu olatuek erabateko kommozioa sortu dute frantses herritarren baitan. Gerraren eguneroko kontakizunak, irudien gordintasunak, erasotuekiko identifikazioak, sortutako elkartasunak eta eragindako kezkak zeharo baldintzatu dute kanpaina. Ordura arte nagusi ziren gaiak bigarren maila batean geratu dira, eta aldez aurretik Errusiarekiko hautagaiek hartutako posizionamenduak epaituak izan dira, bereziki Eric Zemmour-en kalterako. Aldiz, bandera-eragina eta erakutsi duen lidergoa direla medio, Macron-en figura indartuta atera da. Zundaketek %30eko bozka-asmoa aitortu diote, ondorengo egunetan %28ra jaitsi bada ere.

Testuinguru horretan, eztabaida politikoa bera bigarren mailan geratzeko arriskuan dago, eta etorkizun hurbila baldintzatuko duten erronkak ez dira behar bezala solastatuko. Zeren, kontua ez da bakarrik jakitea nor izango den hautatua hurrengo Frantziako presidente gisa, baizik eta zein zilegitasun izango duen bere hauteskunde oinarriari dagokionez eta zein programaren inguruan aukeratua izango den. Izan ere, luzaroan bere programari buruzko xehetasunik eman gabe egon ostean, Macron-en hainbat proposamenek kezka bizia sortu dute, hala nola, erretretaren adin legala 65 urtera pasatzea, oinarrizko errenta jasotzeko 15 edo 20 orduko lana eskatzea, edota irakasleen jarduera erabat birplanteatzea. Proposamen horiek ez badira behar bezala trenkatzen, arriskua izan daiteke, behin hauteskundeak igaro ostean, gatazkak ugaritu daitezen, 2018tik landa ikusi zen bezala.

eitb

Baldintzatutako hauteskunde kanpaina

berriarentzat egindako artikulua

Baldintzatutako hauteskunde kanpaina Baldintzatutako hauteskunde kanpaina Baldintzatutako hauteskunde kanpaina

Soziologoa, historialaria eta idazlea. Biarritz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude