[Kurdistan IV] Bakur, txikitutako herri bat
Bakur, txikitutako herri bat –
Iñaki Etaio (Bakur-rerako Euskal delegazioaren kidea; 2018ko udaberria)
Bakur (Kurdistango iparra, Estatu turkoaren okupaziopean) bisitatzeak eta pertsona eta erakunde politiko eta sozial askorekin mintzatzeak herri honen errealitatera hurbiltzea ahalbidetzen du. Hara heldu berri izandako lehenengo sentsazioa, egunetan zehar eta elkarrizketa formal zien informaletan zehar berresten dena, honako hau da: herri kurdua existitu nahi ez duten herria da.
Hirigintza eta populazio-ingeniaritza. Hondeagailuaren legea.
Lurraldeen okupazioa finkatzeko populazioak mugiaraztea ez da erregimen turkiarraren sorrera. Beste proiektu espantsionista askok erabili dute eta erabiltzen dute, Palestinako batustanizazio sionista ziurrenez adibide argiena izanda. Estatu turkiarrak 90. hamarkadan su eta gar aplikatu zuen suntsitutako herrixken politikarekin, eta jarraitzen du aplikatzen egun, itxura zertxobait ezberdina bada ere. Oraingoan, hiri kurdu batzuen barrutietan bertan.
IV. mende baino zaharragoa den harresiak inguratzen du Amed-eko Sur barrutia. Nahiz eta sarbidea itxita egon, 2015eko abenduaren eta 2016ko martxoaren artean Sur-reko zati batean ejertzito turkiarrak garatutako ofentsiba bortitzaren ondorio batzuk ikus daitezke toki batzuetatik. Zonaldean erresistitzeko PKK-ren milizien saiakeren aurrean indar armatuek auzoa suntsituz erantzun zuten. Gero eraistea helduko litzateke. Erakunde batzuek zenbatutako hildako 65 miliziano, 65 soldadu eta 321 auzokide ez armatuei gehitu behar zaie kanporatutako 24.000 baino gehiago auzokide. 2016ko martxoan, borroken amaieratik hiru asteetara, gobernuak premiazko prozeduratik auzoaren lur gehiena desjabetu zuen, Ingurumen eta hiri-planifikaziorako Ministerioa jabe berria izanez. Meskitak salbu, ia eraikin guztiak eraitsi zituzten jarraian. Familia batzuek ordain irrigarri jaso dute etxebizitza eta ondare guztiak galdu izanagatik, “hau edo ezer ez” eskaintza xantaiagile erabilita. Beste familia batzuk ez ziren ezta aukera horretaz informatua izan eta beste familia batzuek uko egin zioten konpentsazioari, eskatzen baitzitzaien dokumentu bat sinatzea non PKK-ri leporatzen zitzaion etxebizitzaren suntsiketa.
Erraustutako zonaldea mugatzen duten hesietatik bi kaletara dagoen kafetegi batean biltzen gara lekualdaketa-prozesuaren kontra borrokatzeko sortutako plataformaren gazte batzuekin. Haiek azaltzen digute milaka lagun horien egungo egoera baita Ankarak udalean ezarritako autoritateen uztezko planak ere. Beste mahai batean dauden bi gizonek argazkia ateratzen digute disimuluan. Ematen du gu ez garela topaketa informal honetan interesatuta dauden bakarrak. Eraitsitako auzoa ez zen edozein auzo, ezta PKK-ren milizianoak indartsu egin ziren auzoa bakarrik. Sur, nagusiki, 90. urteetan herrixketatik kanporatutako milaka pertsona jaso zituen barrutia da. Biztanle hauen arteko ezinbesteko elkartasunak baita horietako askoren askapen mugimenduarekiko sostenguak eta militantziak ere, gehi kale estuez osatutako auzoaren konfigurazioak, auzokideen arteko laguntza-, adiskidetasun- eta antolaketa-harreman anitzak sortzea ahalbidetu zuten. Solaskide kurduek esaten digutenez, auzoa suntsitzea eta botatzea erresistentzia armatuarekin bukatzetik haratago zihoan; autoantolatutako sare horiek apurtzea eta auzoaren hiri-eraldaketarako eremua garbitzea zituen helburu.
Bi urte beranduago, gobernuak ez du oraindik publiko egin auzorako proiektua. Momentuz, polizia eta hondeagailuak baino ez dira ikusten hondamen eremu honetan. Eraikin berriek diseinu kurdu originala legez errespetatu behar badute ere, plataformako kideek ez dute uste horrela izango denik, beste kasuetan gertatutakoa ikusita. Aurreikusten dute auzoaren diseinua harresietatik kanpo dauden auzoena izango dela, non altura askoko blokeak, blokeen azpiko zonalde itxiak eta blokeen arteko tarte handiak nagusi diren. Amed-eko auzo berrietatik igarotzeak Gasteizko Zabalgana edo Salburua auzoetara eramaten du, non antzematen den eraikin handiak eta kale zabalak pertsonen arteko harremanak urruntzeko eginak izan direla.
Eta eraitsitako auzoaren eraldaketak Errekaleor auzoa ekartzen du burura.