Baida Embarec -Una mujer que espera-
Baida Embarec -Una mujer que espera-
Baida Embarec Rahal
Baida Embarec Rahal idazleak Saharako Kabiak-en eskutik parte hartu berri du Burlatako liburutegiaren irakurle klubean, Una mujer que espera liburua solasgai izan delarik. Irakurle klub hori, emakumez osatua, Flor de Afrikak sustatua da; oringoan, gonbidatu berezia, Baida Embarec Rahal idazlea —Mahfuda, lagunentzat—, Euskalerrira itzuli berria, duela gutxira arte SEADeko ordezkari Finlandian izan eta gero.
Una mujer que espera
Idazlearen Una mujer que espera liburuaren ale bana duela bi hilabete banatu zitzaien klubeko emakumeei, lasai irakurtzeko betarik izan zezaten. Liburu-aleak Nafarroako Liburutegi Nagusiak erositako liburu-lote bati dagozkio, eta hemendik aitzina beste irakurketa klub batzuen esku ere utz daiteke. Espero dezagun hala izatea, beti ere Saharako populuaren borroka izateko eta elkartasuna zabaltzeko Nafarroako beste herri batzuetan ere. Una mujer que espera errelatu laburren sortak interes bizia piztu du Burlatako irakurketa klubeko emakumeengan, eta horren erakusgarri da hogeita hiruk parte hartu dutela saioan.
Saharako idazlearen eta irakurketa taldeko emakumeen arteko elkarrizketa aberatsa eta oso eztabaida interesgarria izan zen. Burlatako irakurle klub hori bi hilean behin biltzen da, eta soilik Afrikarrekin lotutako liburuak irakurtzen dituzte, Flor de Afrikak sustatua. Agerian gelditu zen klubeko partaideek Sahararen inguruko ezagutza-maila askotarikoa eta anitza dela, baina horrek ez zuen eragotzi elkarrizketa arina eta askotarikoa izatea, Saharako Kabiak elkarteko Maite Ramosek gidatua.
Azpimarratzekoa da irakule klub honetan egilea bera egotea askoz ere aberatsagoa izan dela iaz on line egindako saioa baino, Baida Finlandiatik konektatu zenekoan baino alegia. Gainera, oraingoan, Saharako Kabiak-en eskutik lehendik ere hainbat ekimen egin dira Burlatako liburutegian bertan gure lanaren eta proiektuaren berri emateko, hala nola hitzaldi bat, kamishibai saioa eta baita erakusketa bat ere, liburutegian ikusgarri gaur arte egon den Bubisherren erakusketa. Erran nahi baita Baida Embarec-en parte-hartzea ez dela “egun bateko lorea” izan, baizik eta gure proiektuari eta saharar herriaren borrokari buruzko testuingurua eta informazio zabala emateko jarduera programatuak osatzeko saio eder bat, Una mujer que espera liburu biribilarekin.
Esperoan, ez desesperoan
Apartekoa izan da Baida Embarec-ek Burlatako liburutegian eskainitakoa, normalean iristen ez garen publikora iristeko aukera izan delarik. Liburutegiko saioan hitz eta pitz biziki gustura arituta ere, eta idazleak hartu behar zuen trena 20:14an ateratzekoa zenez gero, 19:56an bukatutzat eman zen saioa, Baidak –ordurako Mahfudak– trena ez ote zuen galduko beldur. Hala ere, Mahfuda, beste sahararren antzera, bere aberriaren askatasunaren zain dagoen emakumea, esperoan dagoen emakume bat, ez dago desesperoan. Eta trena ere ez zuen galdu.